Arte[faktua] 84: Ibon Martín, Isiltasunaren itsasargia, Xabier Olarra

Arte[faktua] 84: Ibon Martín –

Ibon Martín idazle donostiarra elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak larunbat honetako saioan. EiTBren Miramongo estudioetan elkartuko gara berarekin, Elkar argitaletxearen eskutik kaleratutako Isiltasunaren itsasargia eleberri beltzaz hitz egiteko. Lau liburuz osaturiko saga bateko lehena da hau, Aiora Jakak euskara ekarria eta Martínen liburuen artean irakurriena. Gainontzekoak ere itzultzea da Martínen nahia. Leire Altuna farozaina da istorioko protagonista. Pasai San Pedroko itsasargian gertatutako hilketa batek ematen dio hasiera liburuari, eta Altuna Ertzaintzaren susmagarri nagusi bilakatuko da.

Kazetaritza ikasi zuen Martínek Bilbon, EHUn, nahiz eta inoiz ez den arlo horretan lanean aritu. Irratia oso gustuko du, horregatik ikasi omen zuen. Beste bide bati heldu, eta gida turistikoak idazteari ekin zion, eta arrakasta handia lortu du horretan. Ondoren hasi zen eleberri beltzak idazten. Hasieran, argitaletxeek ez zituzten bere lanak argitaratu nahi, eta berorrek sortu behar izan zuen bat: Travel Bug. Ordutik, bere eleberriak gehien saldutako liburuen artean egon izan dira aste luzez.

Egoera berezia dela eta, aste honetan ez da bigarren gonbidaturik izango, eta atal osoa Ibon Martínekin solasean igaroko dugu.

Xabier Olarra Igela argitaletxeko editorek bere liburu kuttunen berri emango digu Apalat[egia] tartean.

Bestalde, Irakurlea atalean, Maider Uriartek Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak liburuaren gomendioa egingo digu etxetik.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Tere Irastorzak, Mikel Asurmendik eta Elena Olavek, astero bezala, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Beñat Chaves Booktuberboom lehiaketako epaimahaiaren bigarren saridunak Harri Potter eta sorgin harria liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 84: Ibon Martín, Isiltasunaren itsasargia, Xabier Olarra
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 84: Ibon Martín, Isiltasunaren itsasargia, Xabier Olarra

Arte[faktua] literatur saioa ETBn