Arte[faktua] 76: Pello Otxoteko, Itsas bizimina, Karlos Zabala, Ylenia Benito

Arte[faktua] 76: Pello Otxoteko –

Pello Otxoteko poeta irundarra da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian elkartu gara berarekin, Balea Zuria argitaletxearekin kaleratutako Itsas bizimina poema liburuaz hitz egiteko. Itsasoa oso presente dago liburuan, baita bizitzeko gogoa eta grina ere. Horregatik aukeratu zuen izenburu hori liburuarentzat. Bere esanetan, hitzek pertsonengan eragin bat sortzeko ahalmena dute: “horregatik ahalegintzen naiz hitzak ahalik eta hobekien aukeratzen. Hitzen destilazioa bilatu dut, eta uste dut gehienetan asmatu dudala”.

Otxoteko Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan lizentziatua da. Gaur, lanbidez, irakaslea da, eta goi mailako ziklo batean biokimika eta laborategiko teknikak irakasten ditu. Bere ustetan, poesiak eskolan duen presentzia eskasa da, baina ulertzen du ez dela oso gai erakargarria. Nahiz eta aurretik gauza txikiak bazituen, karrera amaitzean hasi zen modu serioan idazten. Garai batean, literatur kritikaria ere izan zen. Hegan aldizkarian jardun zuen, hain zuzen ere, literaturaren inguruko kritikak idazten.

Karlos Zabala itzultzailea gonbidatu du Otxotekok elkarrizketara. Dantza talde berean ibiltzearen ondorioa da euren arteko laguntasuna, eta bien literaturarekiko zaletasunak elkartu zituen. Modu batera edo bestera, Irungo Plazara aldizkarian parte hartutakoak dira biak. Zabalak bertan lan egin zuen, eta Otxotekok poemak bidaltzen zituen aldizkarian argitaratzeko.

Ylenia Benito, Irungo Brönte liburu dendako saltzailea izango dugu aste honetan Apalat[egia] tarteko protagonista.

Bestalde, Irakurlea atalean, Albaola Itsas Kultur Faktoriako Joseba Antxustegietxartek Etxera bidean liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Itxaro Bordak, Edorta Jimenezek eta Miren Agur Meabek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Olatz Salvadorrek Kattalin Minerren Moio. Gordetzea ezinezkoa zen liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.

Aste honetatik aurrera, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkarrekin batera, Iruneko Brönte liburu dendak osatuko ditu saio amaierako gomendioak. Eskerrak eman nahi dizkiogu Garoari orain arte gure saioari emandako laguntzagatik.

Horretaz gain, eta amaitzeko, aste honetan, programazio aldaketa dela eta, gure saioa, 15:00etan izan ordez, eguerdiko 13:30etan izango da ikusgai, beti bezala, larunbatean, ETB1en.

Arte[faktua] 76: Pello Otxoteko, Itsas bizimina, Karlos Zabala, Ylenia Benito

Ikusi saioaren aurrerapena hemen

Arte[faktua] 76: Pello Otxoteko, Itsas bizimina, Karlos Zabala, Ylenia Benito

Arte[faktua] literatur saioa ETBn