Arte[faktua] 67: Dani Fano, Miguel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak, Adur Larrea, Joseba Larretxe

Arte[faktua] 67: Dani Fano –

Dani Fano komikigilea da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Donostian, bere sorterrian elkartu gara berarekin, Astiberri argitaletxearekin kaleratutako eleberri grafikoaz solastatzeko: Miguel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Zortzi urte luzez egindako lan sakonaren ondorioa da liburua. Horretarako, El Salvadorren ibili zen Fano, bertako jendearen bidez beharrezko informazioa biltzen. Hamabi kapitulutan zatikatu du istorioa: hamabi birjaiotza horiei jarraituz, kapitulu bakoitzeko bat.

Dani Fano Xabiroi komiki aldizkariko zuzendaria da. Bere hitzetan, nerabe zein helduek irakurri dezaketen aldizkari bat da, euskaraz eta euskal sortzaileek egina. Xabiroi-n agertzen den materiala oso sorkuntza pertsonalduna dela dio, egile bakoitzak nahi duena sortzen baitu, zer idatzi behar duten adierazpenik jaso gabe.

Adur Larrea komikigilea gonbidatu du Fanok saiora. Aspaldiko laguna izateaz gain, elkarlanean aritutakoak dira Xabiroi aldizkarian. Antzara eguna eleberri grafikoa plazaratu berri du Larreak Harkaitz Canorekin batera. Azken honek gidoia, eta Larreak marrazkiak egin ditu. Eleberri honetaz zein komikigintzak gaur egun Euskal Herrian duen egoeraz hitz egingo dute.

Joseba Larretxe ‘Josevisky’ ilustratzaileak bere liburu kuttunen berri emango digu aste honetako Apalat[egia]-n.

Bestalde, Irakurlea-ren tarten, Dorleta Atorrasagastik Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eta Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean liburuen gomendioak egingo dizkigu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Juanjo Olasagarre, Jose Luis Otamendi eta Uxue Juarez idazleek literaturaren inguruko galdera bana erantzungo digute.

Antton Telleria izango dugu, gainera, larunbat honetako Booktuber-en atalean, Andu Lertxundiren Zu liburuaren aipamena egiten.

Horretaz guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Baionako Elkar, Garoa, Karrikiri eta Hitz liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Astero bezala, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 67: Dani FanoIkusi saioaren aurrerapena hemen

Arte[faktua] 67: Dani Fano

Arte[faktua] literatur saioa ETBn