Arte postmodernoa

Arte postmodernoa

“Onezkeo ya, danak jakingo dezue, baño ori, irabazi in deu ya, eh. Erriyan eskutikan, danokin kontatzen, eta erriyantzako onena nai deu. Eskerrik asko danoi”. Halaxe hasten zaizkigu, Kalea Guztiona Da ekimeneko gazteak, kaleratu berri duten bideoan; umiltasunez bor-bor.

Arestiko bideoan ageri bezala, KGD-ko militanteak, eskuzabaltasunez, Zumaiako kale-kantoi eta zokoak marrazkiz apaintzera dedikatzen dira. Gainetik, aipatzekoa da, inork ere demokratikoki aukeratu ez duen alkate tiranoak, herritarrei bizkar emanda, gehiengo absolutuak nahi dituen mural, pankarta eta kartel alaiak jartzea galarazten duela. Eta, nola ez, herritar guzion eskubidea dela bizilagunaren paretak zikintzea, kalea herriarena baita, eta ez, noski, palazioan bizi den alkate-jauntxo-diktadorea aukeratu duten herritarrena.

Hausnarketa sakona behar du kontu honek, zeren inork ere ezin ulertzen baitu nola den posible bizi dugun mende honetan adierazpen askatasunari modu honetara hegoak ebakitzea. Hala, zentsura gogor borrokatu behar baita; era parte-hartzaile eta demokratikoan. Errenterian egin bezala. Mantendu zituztela herria ederkiro apaintzen zituzten hainbat hamarkadetako pintada guziak, salbu udaletxe parean izkiriatu zuten “Bildu españolen morroi” hura. Jakina, pintada borratu zen herriak hala nahi zuelakoz —kasu horretan ez zen adierazpen askatasunaren zentsura, noski, baizik elkarbizitzaren aldeko urrats bat—.

Izan ere, peneuveko burges horiek ez baitute konprenitzen herriarenak diren kaleko paretetan egin ohi diren pintadak adierazpen askatasuna direla, eta herritarron sentikortasun behinenak hunkitzen dituztela, “E.T.A. MÁTALOS” kasu. Zeren nola pentsatzen ahal du alkate diktatorial txima-luze horrek kaleek txukun eta garbi behar dutela egon? Oraino nostalgia erraietaraino sartzen zait tenore bateko herriak oroitzen ditudanean pankartaz josiak; bihotza kitzikatu izan dit “Patxi Zabaleta herriaren etsai” pintada zoragarriak.

Zeren honek ere esplikazio bat baitu. Mundu guziak dakien bezala, herria ez baitute herri bateko gizon-emakumeek osatzen, baizik, oro har, sozialista eta independentista kontsideratzen direnek. Kontuan hartzekoa da, ordea, herriko gaztetxea osatzen duten gazteek are eta eskubide zibil osoagoak dituztela. Hauek, gainerako eskubide guziez gain, herriko etxe abandonatu bat txoil demokratikoki okupatzeko eta herria pintada-kartel-pankartaz hornitzeko eskubidea baitute. Jakina baita herriko gaztetxea zeinena den; herriko gazte guziena, gazte sozialista eta independentista guziena alegia.

Behin herria zer den ondo azalduta, sabinozale neoliberalei demokrazia zer den ondo ulertarazten saiatuko naiz. Hasteko, entenditu behar dutena da hautestontzietan aukeratua ateratzen denak ez duela inongo legitimitaterik erabakiak hartzeko, eta, horregatik, hartuko den erabaki bakoitza herriari galdegin behar zaiola, eta, ondotik, herriko mugimendu sozial guziekin adostu, haiek baitira, egiaz, herriaren boz legitimoa. Salbuetsia doa atal honetan, nola ez, atez-atekoa; prozesu parte-hartzaileen eredu.

Honekin guziarekin, afera argi utzi dudalakoan nago; herriaren adierazpen askatasun plurala ez dela zentsuratzen ahal alegia. Denok dakigunez, herria apaintzen duten pankarta eta kartelek herriaren espektro zabala islatzen baitute, ELAtik LABera, eta Gaztetxetik Mugimendu Okupara. Horregatik, hain zuzen, Zumaiako herri osoaren nahia kaleak zikin eta peneuveren kontrako aldarriz josiak edukitzea da. Bai baitakizue, Maddalen Iriartek esan bezala: herriarentzat eta batez ere herriarekin.

 

Arte postmodernoa
Adierazpen askatasuna berresten duen mural koloretsu bat Euskal Herriko edozein kaletan.Arte postmodernoa
Arte postmodernoa Arte postmodernoa Arte postmodernoa
adierazpen askatasuna, Euskal Herria, ezker abertzalea, Kalea guztiona da, pintadak, Zumaia

6 pentsamendu “Arte postmodernoa”-ri buruz

  • Hasierako esaldia dioena (“Badakizue…”) Zumaiako alkate Oier Korta bera da. Hori ulertzeko ere kapaza izan ez bazara, alferrik ondorengoak.
    33 eragilek sinatu dute zentsuraren aurkako manifestua, tartean (adibidez) odol emaileen elkarteak eta CCOO sindikatuak. Baina beno, neurria justifikatzeko argudioak eta herrian gertatuakoa ezagutzea behar da (Zumaian ETA matalos nekez ikusiko zenuen azken 20-25 urteetan, eta lehen, kartelak astean bitan kentzen zirenean, herria ez zegoen zuk diozun moduan zikin, eta eragileak konforme zeuden. Bestalde, orain lehen baino okerrago dago herria, panel finkoz beteta inpaktu estetikoa lehen pankarta eta kartelek egiten zutena baino handiagoa baita.), eta hori gehitxo eskatzea izango da.
    Hori bai, gauza batean asmatu duzu: herriarekin eta herriarentzat. Horixe erakutsi du neurri honek: inori ezer esan gabe martxan jarri, gero ordenantza batera eramango dela esan, gero ordenantza parte hartzez idatziko dela esan… eta gaur gaurkoz, ez ordenantza, ez partehartze, eta zentsura indarrean.
    Zikintasuna eta inpaktu estetikoa, eta jarduera ez-legalak, gustuko badituzu, ikertu eta idatzi Zumaiako alkateak gune babestu batean eta kosta legea zein edozein obra egiteko beharrezko baimenen gainetik eraiki zuen terraza-miradore ilegala, itsasoaren gain-gainean.

  • Damokles, ez da sekula gutxiesgarria ezker abertzaleak bere kausa partikularretan beste jende bat mobilizatzeko duen gaitasuna, baina gauzak diren bezala esan behar dira eta alkate baten kontrako kanpaina batean ezker abertzalea beti da buru eta aburu. Kanpaina txit sinpatikoa gainera, alkatea parregarri eta mespretxagarri agertu nahi duena. Horrelako filosofia bakarrik ezker abertzaleak du bere iturri ideologikoan. Hori bai, ezker abertzaleko kargu publiko bati horrelako kanpaina bat egingo balitzaio (eta ez da sekula egin) orduan finak jarriko lirateke ezker abertzaleko mesnadak. Zure korreo nahas-mahaslea irakurri eta gero gauza bat dut garbi: nola alkate honek ez dizuen herriko kaleak zikintzeko eskubiderik ematen orduan bera zikintzera zoazte. Betiko leloa. Eta horrelako bideo baten atzean dagoena seguru ez dela Oier Korta Joxemari Korta ETAk erahildakoaren iloba izatea. ETAko biktima baten familiko nabarmendu bat izatea ez duzue barkatzen. Bai badakigu “herriak ez du barkatuko…”.

    • Hara! Atera da betiko kezko kortina… sindikatuak ETA dira, mugitzen den edozer ETA da eta ezker abertzalearen agindupean dabil. Gainera alkatea eraildako baten iloba da, eta horregatik kritikatzen da bere neurri polemiko bat (ez beste ezergatik). Gero biktimismoa hitza hitzetil hortzera entzun daiteke azkenaldian egunero…
      Bestalde, gure herrian garbi ikusi dugu zer den EAJk beste alderdietako (EA, Aralar nahiz ezker abertzaleko, eta noski, gerora Bilduko) zinegotziei markajea, iraina eta mehatxuak egitea. Pleno aretoan bertan gainera, ingurumen zinegotzia mehatxatuz atez atekoaren aitzakian…hori oraingo alkateari egingo baliote onezkero pelikula ederra muntatuko luke.
      Irainak zinegotziei eta beraien autoren baten argazkiak publiko egin dira matrikula eta guzti, Zumaiako (eta Gipuzkoako) bozeramaile jeltzale ezagun baten senarraren webgunean: http://www.branka1.blogspot.com
      Hori izan da 8 urrez bere estiloa, udalarekiko zituen dedadostasunak azaleratzea aitzaki.Momentuz kalea guztiona mugimendukoek umoretik eta parodiatik jo dute. Ados egongo zara edo ez, baina ez kaka nahastu ETA gora biktimak behera, benetako gaia estali eta biktimismora jotzeak ez du arazoa konponduko

      • Elene Txarte 2016-08-31 23:56

        Zerorrek diozu, Damokles, kritika umoretik eta parodiatik planteatu dela. Ba egia esateko, artikulu hau ere horrela planteatu da, hortaz, egin irri barregarria da eta, jiji.

  • benetako zentsura, ARGIA eta BERRIA 2016-08-30 21:33

    Ezkerrak adierazpen askatasuna aldarrikatzen, baina ARGIA eta BERRIAk bai egiten dutela zentsura. Irakurleen iritziak edozein mediotan baino gehiago zentsuratzen dute. Eskerrak ZUZEU dugun euskaraz iritzia emateko.

  • Nik ez dut zuk esandako hori esan, Damokles, nik esan dut ezker abertzaleak sekulako abilezia duela bere kirakoak ez direnak bere kausetara eramateko bera eragile nagusi izaki. Esan behar da ere zure eta beste kasuetan ikusi dudan bezala espezialistak zaretela besteak esandakoa desitxuratzeko. Egiari nazka diozue eta ezin eztabaidarik egin tranparik egin gabe. Normala da, hainbeste urte erahilketa txalotzen, gezurra huskeria zaizue. Nik esaten dut gainera alkatea erahildako baten iloba izanda normala dela zuek ezker abertzalekoek berari ez barkatzea ETAren biktima izatea. Iraina, mehatxua eta horrelakoetan zuk diozu EAJk hori egin duela eta nik ez dizut sinisten. Blog horren linka eman didazu eta bertan ez dut irainik ikusten, beraz dobleki gezurteroa zara Damokles.
    Parodia, umorea, bai garai batean erahil eta eraso egiten zenuten eta orain oraingoz parodia eta umorea egiten duzue. Ze jatorrak eta sinpatikoak ezker abertzaleko akolitoak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude