Arreta piztuko zaigu?

Arreta piztuko zaigu? –

Arreta piztuko zaigu?Konfinamenduak ordu askotan leihotik begira jarri gaitu, inoiz baino denbora gehiagoz eta inoiz baino arreta gehiagoz. Gure etxe aurrean zuhaitzak daude, Indietako platanondoak, leihoetatik eta balkoitik ikusten ditugu. Itxialdia hasi zenean ez zeukaten hosto arrastorik ere, adar biluziak ziren. Aurreko eraikina ederto ikusten zen guretik. Egunez egun ikusi dugu nola berdetu den. Kimu berdexkak hasi ziren ateratzen, denborarekin gero eta handiagoak bihurtu direnak. Gaur egun hosto gazte kolore bizikoak dira, eta aurreko etxea ia-ia ezkutatzen dute. Inoiz baino arreta gehiagoz jarraitu dugu etxetik prozesua, egunez egun. Hainbeste urtetan konturatu gabe pasatakoaz zehaztasun handiz ohartu gara oraingoan.

Kalean enkarguren bat egitera ibiltzean ere dena begi arretatsuagoekin ikusten dugu: espaloia bera, hazten doan belarra, loratutako zuhaixkak, itxita dirauten dendak. Isilago eta bakartiago dago dena, giro berezian. Pentsatzen eta hausnartzen ibiltzen gara kaletik, ia inorekin berba egin gabe.

Begiratzea, arreta jartzea, lehen ere bazegoen gure esku, baina ez genuen egiten, ez hainbestetan ez hainbeste indarrez. Inguruko gauzen gainetik pasatzeko joera nagusia da gure gizartean, beti zerbaiten atzetik, edo zerbaiten bila, edo zerbait egin beharrez … baina unean unekoari erreparatu gabe, edo horretaz ohartu gabe edo horixe gozatu gabe. Arreta berreskuratzea ez litzateke itxialdiaren irakaspen txarra, geurea egiten badugu.

Eta horretan gaudela, geure benetako beharrak, geure benetako nahiak zeintzuk diren ezagutzen lagundu lagundu ahal badigu konfinamenduak ez legoke, hau ere, ondorio txarra. Gizarteak zer duen funtsezko eta zer hutsal, zeintzuk izan beharko liratekeen gizartearen antolaketaren oinarriak eta lehentasunak. Izan ere, hazkunde etengabearen atzetik lasterketa zoroan bultzatzen gaituzte, ondoan dugun gauza inportante eta bizi askori arretarik jarri gabe. Horretan, arretaz eta zorrotz, badugu zer hausnartu.

Arreta piztuko zaigu?

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.