Arrazakeriaz bi lerro t’erdi

Arrazakeriaz bi lerro t’erdi –

Arrazakeriaren (aurkako?) eguna ei da gaur. Itxurakeriaren egutegian beste bat. Baina egundoko matraka ari zaizkigunez ematen ezker-eskuin, neure iritzia emotera animatu naiz. Radio Euskadiko MQPn tarte luzea eskaini zioten gaiari atzo. Ikuspegi espainiar batetik, EiTBn gero eta sarriago gertatu legez, areago saioaren gidariaren arabera. Gizarteari (espainiarrari) darion arrazakeriaz ere jardun zuten: afrikarrekikoa edota ijitoekikoa aipatu zuten (ijitoek eurek praktikatzen dutenaz zero, ez denez politikoki xuxen).

Sabino Aranaren komodina baliatu zuten noski, esatariaren laguntzaz, zeharka aditzera emanez “hemen” abertzaleek ere arrazakeria praktikatzen dutela “beste espainiarrekiko”. Izango da arrazista espainiarrik ez dagoelako, demagun Ramiro de Maeztu, Pemán, Gimenez Caballero, Vallejo-Nájera, López de Haro, Bañuelos eta abar luze bat gaurdaino… Baina horiek ezezagunak zaizkie, antza denez, MQPtarrei eta espainiazaleei oro har. Gogoaren bitxikeriak, aizue!

Euskaldunok jasaten dugun arrazakeria zaharberrituaz berba erdirik ez. Egia da, Gararen gaurko editorialak berak ere ez duela aipatzen… euskara gutxi darabilelako ote? Euskaraz bizitzen saiatzen garen euskaldunok arrazakeria gordin jasaten dugu bada egunerokoan. Lehen hitza euskaraz esateak edo euskarazko arreta eskatzeak, erantzun eta jarrera garratzak, tarteka bortitzak ere, eragiten ditu español eta frantseszale askoren artean. Batzuetan, baita jatorriz euskaldun zirenen artean ere. Eliteen artean batik bat.

Arrazakeriazko laztanak eskaintzen dizkigute pikoletoek, baina baita ertzain edota udaltzain batzuek ere. Jatetxe batzuetako jabeek, baina artatzen gaituzten langile-proletario askok bebai. Gerta dakizuke Iruñean nahiz Bilbon, baina Altsasun edo Urdaibaiko bihotzean ere bai. Tabernan, kalean, autobusean, erakunde publikoetan… nonahi daukagu arrazakeria espainiarra edo frantsesa zain.

Ez da aipatu ere egiten baina. Proportzioan gutxi baikara arrazakeria mota hori jasaten dugunok dagoeneko. Gure gurasoen eta aurrekoen garaian askoz orokorragoa zen, ehunekotan euskaldunak gehiago baitziren gure gizartean, eta elebakarrak asko.

Euskaradun askorentzat ere, euskara gutxi edo inoiz ez dutenentzat erabiltzen, arrazakeria molde hau ikusezina da. Azaldu behar izaten diezu zer gertatzen den bizitzan euskaraz normaltasunez jarduten ahalegintzen zarenean. Eta batzuek ez dute ikusi nahi izaten.

Arrazakeriaren egun delako honetan animatu nahi nituzke euskaldunon gaineko arrazakeria zuzenean ezagutzera, bertatik bertara. Aski da horretarako, ezezagunei euskaraz egitea lehen berba. Gasteizen, Bilbon, Iruñean, edota erdaldundutako EHko herrietan ez zaie aukerarik faltako.

Arrazakeriari aurre egiteko, lehen eskutik ezagutzea beharrezkoa baita.

Arrazakeriaz bi lerro t’erdi

ELAkide euskaltzalea (eta abar).

4 pentsamendu “Arrazakeriaz bi lerro t’erdi”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude