Arratsaldeko bostetan, Errepublika gogoan

Gure amama Felisa zenak beti abesten zuen gauza bera gaurko eguna iristean: Niña republicana, sal al balcón… Eta orain ahantzi ditudan beste dozenerdi kantu ere bai.

Gero txanpaina botila bat zabaltzen zuen alaiki eta zaratasu, izan ere horixe baitzuen familiatik jasotako tradizioa: Gora Errepublikia! esaten zuen intziri batean. Vallejo zuen deitura, Palentziako lurretatik etorria baitzen bere aita ogi bila. Bizkaia aldeko Astigarraga batekin ezkondu zenez, Felisa Vallejo eta Astigarraga, beraz.

Bitxia zen egiazki gure amama Felisaren apolitikotasuna, sekula ez baitzegoen jakiterik nola egiten zuten bat berarengan ikurriñak eta bandera errepublikarrak. Esate baterako, Demetrio bere neba maitea hil zenean, malkoz busti zuen haren zerraldo gainean jarritako ikurriña. Ordea, edonoiz esango zizun ez zuela politikaz deus ulertzen eta apartatzeko manifestazioetatik, kontuz ibiltzeko guardia zibilekin, eta abar.

Espainiako Errepublikaren egun hau, egia esatera, gurasoen etxean ez da gehiago izan gauza bera amama Felisa hil zitzaigunetik. Oroitu oroitzen gara egun desberdina dela gaurkoa, baina etxekooi begietan pizten zaigun akordua, amamarena da eta ez, egiazki,  Espainiako Errepublikarena.

MTk4Nw==

Gazteago zaretenok ez duzue hau guztia ezagutu, eta pentsatuko duzue, Espainiako Juan Carlos erregea, Santimamiñeko kobak bezala, betikoa dela. Bai zera! Gu zuen adineko gazte ginela, ez zen esistitu ere egiten, orain hartz ehiztari apartaomen  den hori. Orduan Franco zen nagusi, betidanikoa bailitzan, Kain eta Abelen garaikoa. Bai, behintzat, geu jaio baino lehenagokoa.

Jakina, gure gurasoek esaten ziguten, gerra bat galdu genuela euskaldunok, eta Jose Antonio Agirreren izena aipatzen ziguten, edo Telesforo Monzonena, eta beste hainbatena. Tropa nazionalek egindako izugarrikeriak kontatzen zizkiguten, Kalamuan, Bilboko sarreran… Eurak ume zirela horiek gertatutakoan, baina ederki zekitela. Espainia ere ezagutzen zuten apur bat, eta Primo de Rivera, Azaña, Indalecio Prieto… aipatzen zizkiguten.

Non dira gaur izen horiek? Bizitzaren legea da desmemoria, ez da?

Gainera, Espainiako Errepublikaren asuntu hori ez genuen oso ondo kokatzen guraso abertzaleen diskurtsoaren erdian. Ez genuen oso ondo ulertzen ahal zergatik eta nola pozten zitzaizkien begiak eurei ere, amama Felisari bezala, Espainiako Errepublikaren egun hau iristen zen bakoitzean.

Gerora jakin dugu, Espainiako Errepublikan, euskaldunontzat ere izan zela lekua.

Gaur, ordea, Euskal Herria luze-zabala eta multikulturala dela sinetsirik, Iparraldean bizi gara gutako batzuk. Geuk ez bezala, nazionalitate frantziarra dute gure seme-alabek eta ia ezinezkoa egiten zaigu gure amama Felisaren dardara errepublikar hura eurei pasaraztea: ez dago erraza belaunaldien arteko kontua transmititzea.

Gainera, gaur goizean, gure lagun euskaldun-alemaniar bakarra etorri da etxera bisitan, kafe baten aitzakian. Euskaldun-frantsesa edo euskaldun-espainola ote den galdetzen dioten bakoitzean, gauza bera erantzuten du: euskaldun-alemaniarra dela bera, ezer izatekotan.

Eta arrazoia dauka: aita eta ama Hegoaldeko iheslarien seme izaki,  Hendaian jaio zenean, alemaniarrek agintzen baitzuten Bidasoako alde honetan.

Kontua da pentsamendu  sakon bat ekarri duela eztabaidatzeko. Esan du, Frantziak ez duela Errepublika egunik ospatzen, ez eta beharrik ere. Errepublika izandakoa baita Iraultzaz geroztik. Eta gainera, beste herri guztiek lehenbizi nazioa eta gero estatua antolatu duten bezala, Frantziak alderantzizkoa egin duela: lehenik estatua, gero nazioa. Horrelaxe direla gauzak.

Eta hasi naiz gauzak apur bat gehiago ulertzen, baina ez gehiegi ere. Ez pentsa. Politika ez baita nire abildadeetakoa sekula izan.

Irudia | Bandera errepublikarrak Rothkoren lana dirudi | Oihane Baskaran | Creative Commons By SA
Errepublika, Espainia, estatua, Frantzia, nazioa
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Arratsaldeko bostetan, Errepublika gogoan”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2010-04-14 18:49

    Oker ez banago, arratsaldeko bostetan batzuen gogoan zegoen errepublika, Espainiako II. errepublika da. Euskal Herriaren hegoaldeko lau probintziak Espainiaren zati bezala ikusten zuen eta duen Espainia horrek aldarrikatutako errepublika. Nerere osaba zenak (barkatu, aitaren osaba zan, baina guk ere osaba deitzen genion) Saseta gudarostean parte hartu zuenean, ez zuen bandera errepublikarraaren defentsan egin, Euzkadiren defentsan aritu zen (berak hala esaten zuen).
    Nik oraindik ez dut ulertzen Errepublikia Espainiarrari gorazarre egitea euskaldunok. Gutxiago Errepublika Espainiarra edo Frantsesaren alde gaudenez azaldu gabe ( Frantzia errepublika da, eta bandera urdin-zuri-gorria, bandera errepublikarra, frantsesa).
    Nik uste Memoria berreskuratu behar dugula esaten dugunean, ez dugula batere ulertu zer esan nahi dugun.

  • Iñigo Rubert 2010-04-14 23:12

    Errepublikaren aterkiaren azpian denetarik egongo zen, Euskal Herria nazio gisa aitortu eta errespetatuko zutenak batzuk, ukatu besteak. Lotsaz aitortzen dut ezer gutxi dakidala horretaz.

    Kontua da, ordea, bazirela Errepublikaren aterki horren azpian nolabait goxo sentitzen ziren euskaldunak eta abertzaleak. Hori gogoratzea, are gehiago biografia intimotik ekarria, memoria ariketa zintzo eta ederra da.

    Nire ezjakintasun historiko-politikotik, Hasierrena edo Arnaldo Otegirenak bezalako erreferentziak, “han” ere lagunak eta are anai-arrebak ere izan baditugula gogoratzeko baliatzen ditut. Jon Maia eta Riomundo, Eva Forest eta Alfonso Sastre, Bergamín eta Kontxa Luna.

    Euskal Herria biziko bada estatua sortu behar dugu. Eta independentismoa hegemonikoa izan dadin, eskuzabaltasun dosi handiak beharko ditugu, baita sinbolikoan ere.

    Gora Errepublika iraganari baino etorkizunari oihukatzen dionak, badaki edo jakingo du laster, askoz ere utopia hurbilagoa dela Euskal Errepublika. Eta horixe izango da, izatekotan, elkartze askeko bilgune handiagoen sorburua. Bizitzeko estatua ezinbestekoa dugulako, baina planeta bat ere ez zaigu batere gaizki etorriko.

    Akaso, atzo bezala bihar, hegoaldeko bizilagunen errepublika Euskal Herrian jaioko da.

  • Gari Garaialde 2010-04-15 09:12

    Zuk diozunari ez nioke koma bakar bat ere aldatuko, Iñigo. Denarekin ados. Ni ere “de Sastre” naiz, eta Riomundo ere irakurria daukat. Nere semeak aitona bat Salamancatik etorria du. Baina gaurko Espainian ere badago jende jator askoa, eta horrek ez digu Konstituzioa ospatzeko inolako aitzakiarik ematen.
    Nire uste apalean II. Errepublika izan da gure auzokoek (oraindik zapaltzaile baina etorkizunean auzoko eta agian lagun) izan duten antolaketa politikorik aurrerakoiena (eta nik ere ezer gutxi dakit Espainiako errepublikaz eta harek gure herrian izandako eraginaz) eta agian euskal abertzaleen asmoekiko ulerkorrena; Baina hortik eta nere herriko plazan bandera espainiarra jarri eta hari gorazarre egitean tartea dagoela uste dut.

  • Bat nator Garirekin. Hura ez zen “gure” Errepublika.
     Argi daukagu, euskal estatua, inoiz existituko balitz, errepublika bat izango litzatekeela ( Nabarraldeko baten bat ados ez badago ere), baina beste gauza bat izango litzateke.
    Ez dut oso ongi ulertzen II Errepublikazaletsun hori. Ez da nahikoa “balore errepublikanoak” goratzea. Erreparatu bestela, balore horiek zer egoeratan utzi duten Ipar Euskal Herria.

  • Iñigo Rubert 2010-04-15 17:43

    Baietz ba… Niri ere ez zait gorazarre hori ateratzen, ez dut herentzia hori jaso, baina azkar asko bila ditzaket “geurea” ere, Ikurriña, arrotz sentitzeko hainbat arrazoi… hamaika aldiz bortxaz ixilarazi nautenak soinean darabilte, partizioaren ikur instituzionala bihurtu dute, Correosek zigiluetan paratu du CAVeko maparekin batea, Bidasoatik gora Hello Kittyren kuleroen ondoan saltzen dira ikurriñadun kaltzontzilo eta txankletak…

    Uko egin behar diogu hiru kolore eta lau marra horiek guretzat duten esanahiari? Ezezkoan nago. Aberri Egunean jartzeko eskuratu nuen bat eta emazteak esan zidan ez nuela jarriko Nafarroakoa jartzen ez banuen… to, Nabarraldera idatzi eta bestea eskuratu… Zapi dantza borobiltzeko, poza hartu nuen Irunen “Anarkherria” ikurriñak ikustean.

    Askatasuna helburu ongi etorriak kolore guztiak!
    Pertsona guztiak, ideia guztiak, proiektu guztiak.

    Eta euskal estatuaren aldeko itsasontzia, geroz eta koloretsuagoa geroz eta indartsuagoa izango da. Drag Queen jai bat dirudienean… orduan eskuratuko dugu! 🙂

  • Patxi Hipólito 2010-04-18 23:57

    Nik dakidanez, azkeneko hogeita hamar urtetan Errepublika ezer gutxi aldarritu ohi da Euskal Herrian. Zergatik? Behar bada, proiektu hori euskaldun gehienei arrotz egiten zaielako. Gurea ez delako. Egia esan, nik ere ez dut Euskal Herrirako bereziki aldarrikatzen.

    Iraganeko Espainako errepublikak gorazarre egiten ditut, ordea; Nikaraguako Frente Sandinistako gobernuak edota Mendebaldeko Saharako Errepublika ere gorazarre egiten ditudan bezala, adibidez.

    Espainako II. Errepublikako urte horietan, 1933ko azaroan, emakumeek botoa eman zuten lehenbiziko aldiz Espainian -Europa mailan beste bi Estatuetan bakarrik onartua zegoen hori-; 1934eko urriaren iraultzaren ondorioz, 5.000 lagun hil ziren
    -gehienak ezker aldeko militanteak, jakina-; eta 1936ko otsailean, Frente Popularrak ahutezkundeak irabazi ondoren, Espainian momentu horretan zeuden 30.000 preso politiko, amnistiaren bidez kaleratu zituen.

    Gorantziak Oñatitik, Gari eta besteok.

    Honekin batera, gobernu horiek milaka liburutegi publiko sortu zituzten, eskoletan koedukazio proiektuak bultzatu zituzten… Badira, nire ustez, goraipatzeko kontuak.

    Baina argi dago, hura aspaldian izan zena ez da guk gaurregun guretzat nahi duguna. Edo, behar bada… bai, neurri batetan? Haiek bezala, guk guretzat askatasuna nahi dugu, garen Nazioarentzat gure Estatu-proiektua guk erabaki eta guk eraiki, gure herriaren arazo larrienak momentu bakoitzean zeintzuk diren guk identifikatu eta, gure artean, arazo horiek konpontzeko erarik eraginkorrenak zeintzuk diren guk aukeratu eta gauzatu.

    Gorazarre egitearena kontu pertsonala da, askotan, kasu bakoitzean, norberaren bizipenekin lotua izaten dena. Espainiako II. Errepublikaren gorazarre egitea anekdotikoa Euskal Herrian, gutxiengo bat garelako. Antiespainolak ordea, gehiengoak gara, neu barne, eta hori askoz garrantszitsuagoa da, gu guztiok koexionatu egiten gaituelako. Tita, harrotasunik gabe idazten dut, baina horrela ikusten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude