Arrasateko emakumeen gerrako oroitzapenak dokumentalean

Arrasateko emakumeen gerrako oroitzapenak dokumentalean

Gaur estreinatuko dute Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala. Herriko Amaia antzokian izango da emanaldia, 19:00etan.

Gerra lubakietako gizonen istorien itzaletan gelditzen dira sarritan emakumeen historiak, beraiek ez balute testuinguru gatazkatsu hura sufritu. Intxorta Kultur elkarteak bultzatuta, ahanztura eragozteko hamasei emakume elkarrizketatu ditu, 1936ko gerran bizi izandakoen ahotsa gal ez dadin. Familiako gizonak ez ezik, emakumeak fusilatu eta umiliatu egin zituzten Arrasaten Francoren tropek. Gerra egunetan haur zirenen narrazioak, fikzionatutako gertakizunak eta idatzitako gutunak dira Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala lotzen duten hari matazak.

Julian Monje izan da dokumentalaren zuzendarietako bat. Berriari eskaini dion elkarrizketan azaldu du dokumentala osatzeko orduan izan dituzten zailtasunak: “Sekulako istorioa duten emakumeek “baina, neska, nik zer kontatuko dizut, bada?” esan ohi dute. Elkarrizketatuek bizi izan zituzten esperientzia latzak gutxiesteko joera dutela azaldu dute dokumentalaren egileek.

Gerrako zauriak sendatu ez diren seinale, emakume batzuk ez dute haien istorioa kamera aurrean kontatu nahi izan, Mondraberrin azaldu dutenez. Lanaren aurkezpen pribatuan dokumentalaren zati bat kentzeko ere eskatu zieten elkarrizketatuek. Halere, hamasei izan dira haien kontakizunak bizirauteko kamera aurrean bihotza hustu dutenak.

1936ko gerrako biktimentzat “egia, justizia eta kalte-ordaina” eskatu du beste behin Intxorta Kultur elkarteak.

Arrasateko emakumeen gerrako oroitzapenak dokumentalean