Arrantza eta elikadura sistemak

Arrantza eta elikadura sistemak –

“Arrantza eta Elikadura Sistemak” jardunaldiak egingo dituzte Getarian, datorren azaroaren 19-20 eta 26-27an.

Tokiko elikadura sistemak, definizioz, tokian toki ekoitzitako, eraldatutako, komertzializatutako eta kontsumitutako elikagaiek osatzen dute. Prozesu horietan parte hartzen duten eragileek osatzen dute ere tokiko elikadura sistemak: lehenengo sektorea, horri lotutako industria, salmenta puntuak, herritarrak eta prozesua arautzen dituzten tokiko instituzioek.

Definizioa irakurrita, hainbat irudi datorkigu burura, baina, arrantzak ba al du tokirik iruditegi kolektibo honetan? Kontuan hartzen ohi dugu arrantza sektorea elikadura sistemen diseinuan?

Egia da, euskal arrantzaren osasunaz ari bagara, oro har, arrantzak garrantzitsua izaten jarraitzen duela. Gure kostaldeko herrietara gerturatzen garenean ordea, paisaian hainbat eta hainbat aldaketa ikusten dira. Eta ez soilik itsasontzi-motak aldatu direlako, baita herrietako bizimodua, itsasora lotutako bizimodu horretatik zati haundi bat, galtzen ari delako. Eta horrekin batera, ondare kultural handi bat ere bai. Eta gizarte modura, ezin diogu itsasoari bizkarrik eman.

Barazkiak erosten ditugunean, gure esku geratzen da, bertako produktua saskiratuko dugun, edo kanpotik datorrena; ekologikoa lehenetsiko dugun, edo merkeena… Baina, ba al daki euskal gizarteak, oro har, sasoi bakoitzean gure arrantzaleek zein arrain dakarten portura? Eta zenbat arrain espezie ezagutzen ditu gaur egungo gazte batek, arraindegiko erakusketa zabal horretan? Posible al da bertako arrantzarekin euskal gizarteak kontsumitzen duen arraina bermatzea? Edo, zergatik lehenesten da kanpotik datorren arraina, hain ezagunak ez zaizkigun baina bertatik bertara eskuz harrapatzen diren eguneko arrainaren aurrean? Hots, arraindegira joaten garenean, konsziente al gara, erosten dugunaren arabera, zein arrantza mota babesten dugun?

Arrantza eta elikadura sistemakHalako galderak buruan, duela urte eta erdi inguru, Ondarroa 12 Milia eta Bizilur elkarteak elkarlanean jarri ginen. Bizilur-ek ibilbide zabala du agroekologia eta tokiko elikadura sistemen inguruan lanean. Ondarroa 12 Milia Elkartea berriz, arrantzaren iraunkortasuna eta itsas kontserbazioa uztartuko dituen arrantza jardueraren inguruko ekimenetan lanean aritu da azken hamarkadan. Eta biak ala biak, helburu zehatz batekin elkartu ziren: eguneko arraina gure elikadura sisteman txertatzeko ekimenak bultzatzea; alegia, herritarren esku dauden erabaki txiki horiekin, tokian tokiko arrantza eta arrainaren kontsumoa uztartzea.

Eta honen guztiaren baitan, Getariara iritsi gara. Getariara, euskal kostaldeko herri arrantzaleen artean erreferente bat ere badelako. Eta, herri honek arrantzarekin duen eta izan duen lotura, estua bezain aberatsa delako. Herri honen Udalaren eta Arrantzaleen Kofradiaren inplikazioaz zein laguntzaz eta Kutxa Fundazioaren babesarekin, datozen bi asteburuetan zehar, aipatu gaien inguruan Jardunaldiak burutzeko. Arrantza eta Elikadura Sistemak. Gai hauen inguruan arituko gara, hitzaldiekin, tailerrekin, solasaldi nahiz mahai-inguruekin, eta abar.

Jatorri eta eremu ezberdinetako hizlarien esperientziak entzungo ditugu, edota tokiko instituzio eta sektorearekin erlazionatutako eremu ezberdinak mahai-inguru baten baitan jarri… Tailer ezberdinak izango ditugu, eta gertuko nahiz urruneko adibideen berri izango dugu.

Ez baita soilik arrantzaren bilakaera historikoa edota egungo arrantzaren egoera aztertzea, baizik eta baita aurrera begira gure herrian izan nahi dugun arrantza jardueraren inguruan hausnartzea. Arestian aipatu bezala, instituzioetatik haratago, herritarron esku ere badirelako hainbat eta hainbat gauza.

Modu honetan, gai hauen inguruan interesa duen herritar oro, arrantzaren eta gure elikadura ereduaren lotura horri erreparatuz ikasi, eztabaidatu, eta gaia gizarteratzea helburu duten Jardunaldi hauetan parte hartzera gonbidatzen dugu. Etorkizunean ez daitezen arrantzuntziak gure kostaldeko portuetatik desagertu; bertako arrantza gazteentzako beste irtenbide interesgarri bat izan dadin; eta batez ere, arraindegira gerturatzen garenean, gure otzarak lehentasunez bertako arrantzaleek ekarritako
arrainarekin beteak izan daitezen. Horrela ere babesten dugulako gure arrantzaleen jarduna.
Herri eragile, instituzio, ikerlari, aditu, arrantzale eta herritarrak. Denak batera, gai hauen inguruan arituz, ziur ekarpen eta ondorio interesgarriak aterako ditugula.

Zatozte datorren Azaroaren 19 eta 20ean, eta hurrengo Azaroaren 26 eta 27an (ostiral eta larunbatetan), Getariako Arrantzaleen Kofradian burutuko diren Arrantza eta Elikadura Sistemak Jardunaldietara.

.

BIZILUR eta ONDARROA 12 MILIA Elkarteak

Arrantza eta elikadura sistemak

Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Erakundea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude