Arrakastatsua izan da Olatu Talka 2013

Olatu Talka 2013 bide onetik joan da 2.000 sustatzaileren parte-hartzeari esker. Zenbait unetan eguraldia kontrako jarri zen arren, egitaraua osatu zuten 250 jardueretako gehienak espero bezala gauzatu ahal izan ziren, eta arrakasta nabarmenarekin gainera

olatu talka

Amaitu da dagoeneko, eta arrakasta handiz, Olatu Talka 2013, energia kulturalaren eta sozialaren jaialdiaren laugarren edizioa, zeinak hiru egunetan Donostia hiria herritar, elkarte eta eragileek sustatutako jarduerez bete dituen.

 Laugarren aldiz jarraian, herritarrek 2016 Bulegoak urte hasieran egindako deialdiari erantzun bikaina eman diete eta guztira 2.000 parte-hartzaile baino gehiago inplikatu dira 250 jardueraz osatu den egitarauean, sekula baino gehiago. Hori guztia Olatu Talka pixkanaka superprodukzio gisa finkatzen ari den adierazgarri da: askotariko jarduerak ditu, hainbat tokitan gertatzen da eta ehunka eragile eta herritarren arteko harremanaren eta elkarlanaren bidez gauzatzen delako, azken batean.Horretan guztian, Donostia Kulturaren lanak aipamen berezia merezi du.

 Donostia 2016ren proiektu-zuzendari Igor Otxoak adierazi duenez “balorazioa ezin hobea da, pixkanaka jendea ulertzen eta barneratzen ari baita Olatu Talka eta Donostia 2016 herritarrenpartaidetzaren bidez eraikitzen direla”. Hala berean, azpimarratu nahi izan du jaialdiak gero eta hobeto erakusten duela DSS2016EU proiektuak defendatzen duen kultura zabal eta ireki baten kontzeptua: “Olatu Talka gutxinaka-gutxinaka kultura mota berriak ari da txertatzen; kultura arte bakarrik dela dioen ideiatik urruntzen ari garen heinean”.

 Pasa den ekitaldietan bezalaxe, askotariko diziplinetako jarduerak programatu dira jaialdiaren laugarren edizio honetan eta norabide zuzenean aurrerapausoa izan da jarraitzeko programazioa handitzen, hobetzen eta aberasten kalitate hobeko eta aniztasun nabariagoko proposamenekin.

EGURALDIAK EZUSTEKOREN BAT EDO BESTE EMAN ZUEN

Larunbat goiza euri-jasa nabarmenekin hasi genuen, eta eguraldiak ez zuen itxura onik, baina susto bat baino ez zen izan azkenean. Horren erakusgarri, programazio osoko bi ekintza besterik ez ziren bertan behera geratu aurreikuspen meteorologikoa zela kausa: “Flashanimation” eta “Epeitzek” (azken hori Etxarri-Aranatzen). Beste zenbait kasutan, egoera berbideratzeko tokiz aldatu ziren ekintzak: “Orfeoia estereoan” Santa Maria elizan egin zen; “Olatu Talka mundura, Verdini efektua munduari zabalik” ekimena San Telmo Museoaren elizan egin zen; “Arte zentsuratua” Bilbo plazara lekualdatu zen; “Kimutx” jarduera San Jeronimoko kriptan egin zen…

Dena dela, azken orduko aldaketok ez ziren eragozpen izan jendea ikuskizun horiez gozatzera joan zedin. Izan ere, aurrez adierazi moduan, aldaketak azkar eman ziren ezagutzera, Twitter bidez eta olatutalka.eu webgunean.

ZIKLOBIA, ARRAKASTA IZUGARRIA

Atzo, igandea eguraldi bikainarekin hasi zen eguna goiz goizetik, eta alaitu egin zituen Ibaetatik Zubietara arteko Ziklobiak barne hartutako jarduera guztiak, 35 guztira.

Egun batez, Ibaeta eta Zubieta elkartzen dituen errepidea itxi egin zen motordun ibilgailuentza, eta oinezkoentzat, bizikleta, patin edo motorrik gabeko beste edozein garraiobiderentzat soilik izan zen erabilgarri. Errepideaz gozatzeko beste aukera bat izan genuen Kalapiek proposatutako eta bere laguntzarekin zein mugikortasun jasangarriaren, kirolaren eta osasunaren esparruetan lanean diharduten erakunde, eragile eta pertsonen laguntzarekin antolatutako ekimen honi esker; haize zabalean, jende guztiarentzat eta doan.

Jai-giro aparta izan zen bertan, eta baita segurua eta lasaia ere, ezbeharrik gabe. Balantze orokorra bikaina da, beraz. Igor Otxoak esandakoaren arabera, “Jaialdiaren alaitasun handietako bat Ziklobiak izan duen harrera eta erantzun positiboa” izan da. Donostiako erdigunearekin elkarlotzeko zailtasun handiagoa duten auzoak konektatzeko helburua bete egin da, “herritarren erantzun zoragarriari” esker.

 Ziklobiaren bokazioa zera da, urtean zehar mantentzea, eta etorkizun laburrean maiztasun finko batekin egin ahal izatea. Lehen esperientzia positibo honek bultzada emango dio helburu horren lorpenari: espazio publikoaren erabilera berriak egiteari, alegia, non protagonistak oinezkoak eta motordunak ez diren ibilgailuak izango diren.

Donostia, Kultura, Olatu Talka

Europako Kultur Hiriburuaren Bulegoaren kontu ofiziala

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude