Arrakala, gero eta handiagoa

Arrakala, gero eta handiagoa –

Estitxu Ugarte Lz. de Arkautek Arabako Alea agerkarian.

Arrakala, gero eta handiagoa
Eltziegon, Marques del Riscal upategia. (PHOT.OK)

Ardogintzaren jarduerak arrakala sozial eta desberdintasun ekonomiko handiak eragin ditu Arabako Errioxan; oinarrizko soldata kobratzera iristen ez diren herritarrak eta milioidunen upategiak elkarrekin dira.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordin altuena duen lurraldea da Arabako Errioxa (62.120 euro/urtean), eta gainera azken urteetako krisi ekonomikoa saihestea lortu du eskualdeak. Alta, herritarren arteko errenta desorekak oso handiak dira bertan, eta herritarren %45,6 hilean, gehienez, 930 euroko diru-sarrerekin bizi behar da.

“Pobreziaren zabalpena, hortaz, garrantzitsua da. Ardogintza sektorearen bueltan osaturiko kohesio sozialak baditu zenbait arrakala”, nabarmendu du Gaindegiak. Euskal Herriko eskualdeen egoera sozioekonomikoari buruz egindako ikerketan gizarte garapenerako behategiak argitu du, gainera, enplegua egon badagoela mahastien lurraldean, baina prestakuntza gutxiko lan-eskuaren beharrak prekarietatea eta behin-behinekotasuna sorrarazten ditutela. “Espainiako estatutik kanpo jaiotako biztanleria erakarri du ardogintzak, Marokotik bereziki, egoiliar gutxi baitago prest lan baldintza horietan jarduteko”.

Arrakala, gero eta handiagoa

Ardogintzaren menpeko

Ardogintzarekin zuzenean lotuta dago Arabako Errioxaren garapen ekonomikoa, sektore guzti-guztietan. Hala, Gaindegiak jaso bezala, lehen sektoreak eskualdeko ekonomiaren balio erantsiaren %12,5a sortzen du, eta industria da balio erantsiaren beste %53,2aren iturburua. Horrenbestez, eskualdeko ehun ekonomikoaren %38,2k zuzenean lehen sektorean dihardu, eta beste proportzio handi bat zeharka sektore honi lotuta dago bai industrian zein zerbitzuetan.

Herritarren jarduera-tasa (%72,2), Euskal Herrian baino txikiagoa da (-4,6), eta langabezia-tasak (%16,9) Euskal Herrikoa gainditzen du (+2,4). Hala, 4.300 landun eta 900 langabetu daude Arabako Errioxan. Guztira, 6.200 bat enplegu daude eskualdean; baina, esan bezala, enplegu horrek behin-behinekotasun handia du eta kasu gehienetan prekarioak dira lanpostuak.

Arrakala sozial eta ekonomikoari aurre egitearekin batera, populazioaren galeraren aurrean neurriak hartzeko erronkari eutsi beharko diote lurraldean. Izan ere, azken hamarkadan Arabako Errioxako udalerri gehienek biztanleria galdu dute, eta soilik Oioni esker mantendu du eskualdeak hazkunde demografikoa. Gainerako Euskal Herriko eskualdeetan baino zahartze-tasa apalagoa dago bertan, baina hainbat herritan oso agerikoa da: Samaniegon, MaƱuetan eta Lezan, adibidez.

Arrakala, gero eta handiagoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Arrakala, gero eta handiagoa”-ri buruz

  • Upategi eta nekazarien arteko arrakala gero eta handiagoa da. Mahastizainek ezin dituzte lur berriak erosi, upategiak gehio ordaintzeko prest daude eta hortaz ezinezkoa zaie ekonomikoki horren aurka egitea.

    Azkenean, lurren jabetza gero eta pertsona (upategi) gutxien menpe egongo da eta laborari guztiek upategi handietarako lan egin beharko dute.

    Horri gehitu etorkinek egiten duten konpetentzia eta akabo, belaunaldi berriek ez dute mahastietan lan egingo.