Arndt eta Hauslerrek erakustaldia eman dute Emakumeen Biran

MjUzNg==

Lekeition hasi eta amaitu da Emakumeen Birako bigarren etapa eta Judith Arndt eta Claudia Hauslerrek eman duten erakustaldiarekin, ematen du aurtengo garailearen maillota bietako batek jantziko duela.

Atzo legez gaur ere txirrindulariek asko sufritu dute baldintza klimatiko kaskarren ondorioz; ibilbide gorabeheratsuak ere ez die askorik lagundu. Irteeratik bertatik hautsi da tropela eta Lekeitio eta Ondarroa artean 17 txirrindularik aurrera egin dute. Lekoitzganerako lehenengo igoeran Marinanne Vos atzoko irabazleak erritmoa bizitu du, baina ez du ihes egiterik lortu.

Apurka-apurka gero eta txirrindulari gutxiago geratu dira aurrean; indartsuenak geratu direla esan daiteke: Arndt, Hausler, Johansson, Vos, Cooke, Bras, Whitelaw, Patuzzo, Van Vleuten, Gunnewijk eta Kozonchuk. Lekoitzganerako bigarren igoeran Hausler eta Arndtek ihes egin dute. Hasieran 25 segundo eskaseko aldea atera dute, baina ekinaren ekinez, mendate gainetik 50 segundoko aldearekin igaro dira.

Marianne Vos-ek taldekide bi zituen taldean eta aldea murrizteko gogotik lan egin duten arren, behera beharrean gora egin du aldeak. Arndt eta Hauslerrek sprintean erabaki dute etapa eta Arndt izan da indartsuena. Vosen taldea 1.47ra sartu da.

Ondorioz Hausler da Emakumeen Birako lider berria eta mendiko maillota ere berea da. Arndt denbora berean du sailkapenean.

Bihar sektore bi

Biharko jardunaldia sektore bitan banatuta dago. Goizean Elorriotik Elgetarako 5,9 kilometroko kronoigoera egingo dute. Arratsaldean, Iurretan hasi eta Murgian helmugaratuko dira (78 km).

Irudia | Judith Arndtek irabazi du bigarren etapa | Argazkia: Jon Iglesias | LGPL

AbadiƱon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria