Ekainaren 9tik, arnasa hartu eta egin “Jauzia”

Badator… Ibai Agirrebarrena bidaxundarrak prest du “Jauzia”-ren lehen atala, Arnasa Luzea crowdfunding plataformaren bidez gauzatutako lehen proiektua, datorren astetik aurrera ZUZEU orainkarian uhineratzeko.

JAUZIA“Euskal Herriko memoria kolektiboaren eraikuntza bidean” emandako “Jauzia” da Agirrebarrena bidaxundarrak aurkezgai duena, “nazionalitate frantziarreko zenbait herritarrek zergatik babestu ote duen euskal iheslari jendea” gai hartuta.

Datorren astelehenean, ekainaren 8an, egitasmoaren nondik norakoak zehatz mehatz aurkeztuko dizkigu egileak berak, “Jauzia”-ren sar-hitza emanda. Eta hiru ataletan banatuko da gero proiektua, biharamunean hasita.

Ekainaren 9an lehen atala aurkeztuko digu Ibai Agirrebarrenak, eta hurrengo bi astelehenetan, ekainaren 15ean eta ekainaren 22an, gainontzekoak.

Artikulu bakoitza lau atal finkotan banatuko da:

– Pertsonaia edo pertsonaien aurkezpena
– Bakoitzaren ibilbide pertsonala
– Jauzia, engaiamendua
– Jauziaren zergatia

Ibai Agirrebarrenaren “Jauzia” egitasmoa landua da oso, ikus-entzunezko euskarriekin egina (testuak, argazkiak, audioak eta bideoak dakartzana). Egileak berak dioenez, “burututako lanarekin kontent agertzen gira”. Arnasa Luzea plataformaren babesean burututako lana oinarri hartuta webdoc eta dokumental bat egitea du aurrera begirako asmo eta aukera Agirrebarrenak.

 

Arnasa Luzea

ZUZEU orainkariak, egungo kazetaritzan garapen luzea behar duten egitasmoak aurrera ateratzeko dauden zailtasunak ikusita, proiektu zailxeagoak aurrera atera nahi dituzten kazetariak, eta kazetari gazteak batez ere, laguntzeko plataforma sortu du; erreportaje, kronika eta bestelako kazetaritza lan berezien finantzazio kolektiboa laguntzeko tresna eskainiz.

Laguntzeko xedeaz beti, eta urte bete baino gehiagoko gogoetaren ondotik martxan jarritako crowdfunding plataforma da Arnasa Luzea, eta Ibai Bidaxuneren “Jauzia” du lehen emaitza.

Arnasa Luzea Crowdfunding plataformaBeraz, “auzolanaren bitartez edo, hobeto esanda, auzo-ordainketaren bidez, kazetari gazteei euskarazko kazetaritza lan luze eta sakonen bat egiten laguntzeko bidea” errazteko asmoz jaio zen Arnasa Luzea; eta finantziazioa lortzeko errazbideak emateaz gain ZUZEU orainkariaren aholku eta babesa du.

Izan ere, ZUZEU harro agertzen da “ibilian ibilian sortu den ereduaz: euskal kazetaritza kontsumitzen duen komunitate batek, bultza egin dio kazetari gazte bati bere ametsetako lana burutu dezan”; horrela denok baikara aberatsago, kazetaria, irakurlea eta azken finean, euskara bera.

ZUZEU orainkariak, Arnasa Luzearen bitartez, aurrerantzean ere euskal kazetari gazteen aldetik aurkeztuko zaizkion egitasmo interesgarriak (erreportaje eta kronika sakonak…) laguntzen jarraitzeko asmoa du, bestela sekula kontatuko ez liratekeen istorioak gauza daitezan. Horretarako, zu zeu behar zaitugu tarteko; bestela jai dago.

 

“Jauzia

Datorren astelehenean, arnasa hartu eta egin "Jauzia"Ibai AgirrebarrenaIbai Agirrebarrenak (Bidaxune, 1989) zientzia politikoak ikasi zituen Lyonen, eta ikusentzunezko ikasketak amaitzear da Leioan. “Jauzia” egitasmoan, “gatazkaz aski ezezaguna zaigun errelato bat dakar gurera. 80-90. hamarkadetan, Euskal Herriko gatazkan aportazio bat egiteko asmoz, frantses nazionalitatea zuten ibilbide arrunteko pertsona batzuek beren etxea, familia, bizitza, denbora edota jauzia eman zuten. Eta haiekin hitzegin du zergatia jakiteko”.

Arnasa Luzeko lehen egitasmoa modurik txukun eta duinenean gauzatzeko, profesionalki alegia, 4.800 euro batzeko crowdfunding kanpaina abiatu zen orain hiru hilabete, kopuru hori metatzea ez zela erronka makala jakinda ere. Eta itxi berria dugun kanpainak 3.455 euro metatu ditu, eskatutako %72a, eta guztira 126 lagunen babes ekonomikoa lortuta.

Agirrebarrenak, beharrezko zifrara iritsi ala ez, lana amaitu egingo zuela deliberatu zuen, eta ZUZEU orainkarian argitaratu, egindakoak merezi duelakoan.

Aurreikusitako lan oso-osoa ez du egingo beraz, baina bai gehientxoena, zuen laguntzaren bidez. Milesker zintzoa guztioi, Ibai beraren eta ZUZEU osatzen dugunon aldetik, emandako bermeagatik!

Astelehenean helduko da egindakoa ezagutzeko tenorea.

 

zuzeu.eus-logo2

Gehiago jakin nahi baduzu ikusi:

http://zuzeu.com/blogak/jauzia/

https://zuzeu.eus/2015/05/22/gure-kanpaina-ere-amaitzear-da-bozkatu-jauzia/

https://zuzeu.eus/2015/05/26/zuzeu-eta-kazetaritza-gaztea/

https://zuzeu.eus/2015/02/27/ibai-agirrebarrenaren-jauzia-izanen-da-arnasa-luzea-proiektuko-lehen-lana/

Ibai Agirrebarrenari Azpimarra saioan egindako elkarrizketa:

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.