Arnaldo Otegi (La Directan): “Biktimez gutxiago eta biktimekin gehiago hitz egin behar da”

“Estatuak xakean jokatu nahi du boxeoko eskularruak jantzita, eta ezinezkoa da”. Lerroburu horixe du Gemma Garcia kazetariak Arnaldo Otegi elgoibartarrari egin dion elkarrizketak, La Directa hedabideak gaur katalaneraz argitaratu duena.

“Bakearen alde egin zuten premia gehien zegoenean, inork sinesten ez zuenean, eta horrek kartzelara eraman zituen”, dio sarreran kazetariak, Bateragune auziko zigortuak gogoan hartuta. Elkarrizketa gauzatzeko, dozena bat orri igorri zizkion Otegik Logroñoko kartzelatik, eskuz idatziak. Elkarrizketa zabala da beraz, erantzun luzeak dituena.

Elkarrizketaren laburpena Gemma Garcia berak egin du, pasarte batzuk nabarmenduta. Hauexek dira:

«Gehien betetzen nauena, nire harrotasunik handiena, Estatuan gutxiespen gehien jasoko lukeen lehendakarigaia izango nintzatekeela jakitea da».
.«Argi gelditu da “indarkeriarik gabe dena da posible” leloaren benetako esanahia: gezur hutsa da, amarru bat».
.
«Bidezko arrazoi bat defendatzearen uste osoa izateak sostengatzen du preso politikoa».«Gure herrian ez dago belaunaldi bakar bat, azken bi mendetan, gatazka armatuaren kolpeak ezagutu ez dituena».
.
«Errelato plural bat defendatzen dugu, ez baztertzailea. Are gehiago, guztiak osotasun baten parte baino ez direla jakinda, errelato aniztasuna defendatzen dugu, elkar ukatzen ez diren bitartean».
.
«Esan izan dut inoiz, eta berriro diot; ezinbestekotzat dut biktimei buruz gutxiago hitz egitea eta beraiekin gehiago hitz egitea».
.
Arnaldo Otegi La Directan«Argi diot ez dela Estatuaren izaera plurinazionala eta hauek duten erabakitze eskubidea onartuko duen erreformarik izango».
.
«Espainiako ezkerraren alde batek ere onartzen du 78ko Konstituzioaren eta Trantsizioaren irakurketarik egokiena Ezker Abertzaleak egin duela».
.
«Gure askatze estrategiak ezinbestez Estatuarekin hitzarmenak egitea eskatzen badute, ez da akordiorik lortuko ez askatzerik izango».
.
«Presoen kaleratzea lortzeko estrategiak aldebakarreko prozesu soberanista martxan jartzeko baldintzak sortu behar ditu».
.
«Gatazkaren ondorioak gainditzearekin batera ETA-k Euskal Herriko eszenatoki politikotik desagertzeko asmoa duenaren zalantzarik ez dut»
.
«Letra larriz berreskuratu behar dugu politika, honek merkatuko arauak kontrolatu eta menperatu ditzan eta, aldi berean, ordezkaritzako demokrazia aldatu dezan».
.
«Borroka hauek antikapitalistak dira nahitaez eta Herrien Internazional berri baten bitartez, mundu mailako bateragune eta koordinaketa espazioak aurkitu eta eraiki behar dituzte».
.
«Gure borrokarik handiena ideien mailan eman behar da. Kapitalismoari eman beharreko erantzunak ekonomia berri bat eskatzen du, etika berri bat eta politika berri bat».
.
«Gure erakundeak eta gure bizitza -pertsonala eta militantea- defendatzen dugun alternatibaren isla garbia izan behar dute. Ez baita gugandik hasiko ez den eraldaketa sozialik». 
Irribarre egiteko arrazoirik badugu, beti esaten duzun legez?, itauntzen dio elkarrizketa bukaeran kazetariak Otegiri. “Zalantza barik -ihardetsi dio politikari kartzelaratuak- badugu irribarrerako ziorik, borrokatu eta irabaziko dugulako eta, batez ere, aurkaria delako goibela”.

 Arnaldo Otegi La Directan

JATORRIZKO ELKARRIZKETA OSORIK

Bukaeran, beste galdetegi bat gehitzen dio elkarrizketari Genma Garciak, hau laburrean egina:
 .

[HITZ GUTXITAN]

Gertakari historiko bat? Euskal Herriaren defentsa Amaiurren, 1522an (500 urte betetzear dira, mendeurren polita).

Erreferente politiko bat? Gerry Adams eta Antonio Gramsci (gizonezkoak); Rosa Luxemburg eta Rosa Parks (emakumezkoak).

Liburu bat? Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino Artean eta Leonardo Paduraren El hombre que amaba los perros” (oso gomendagarria).

Film bat?Avatar” eta Novecento”.

Kantu bat? Leonard Cohen-en “The Partisan eta Kortaturen “Hotel Monbar.

Esaldi (berezi) bat? “Maitagarrien ipuinak benetakoak dira, ez bakarrik herensugeak badirela diotelako, baizik eta garaitu daitezkeela diotelako” (GK Chesterton).

Arnaldo Otegi La Directan

Arnaldo otegi, La Directa
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Arnaldo Otegi (La Directan): “Biktimez gutxiago eta biktimekin gehiago hitz egin behar da””-ri buruz

  • Troll Control Patrol 2015-10-07 12:19

    Gemma Garcia: En termes de procés de pau, existeix un marc negociador en aquest moment?

    Arnaldo Otegi: Ni existeix ni existirà.

    Oso pozik nago entrebistarekin. Ez dakit bake prozesuan sinesten zuen edo ez, edo Ibarretxe planaren antzera (edo Podemos-Bildu lista bakarra egin nahi zutenek orain dioten bezela), saiatu beharra zegoen jendeari erakusteko ezinezkoa dela. Arerioak berean jarraituko du, guk gure bidea negoziaziorik gabe egiteko unea da.

    Ez nago oso pozik ordea hizkuntzaren gaia ez dutela aipatu ere egin, batez ere La Directan argitaratua bada. Conflicto Vascoa, negoziazioa, bake prozesua, nazio eraikuntza, foruak… guztia dago hizkuntzarekin lotua. Euskarak egiten du nazioa, eta nazioak Estatua nahi du.

    Hizkuntza (euskara) gaixorik dago, beraz euskal nazioa (Euskaria) ez da ia existitzen beraz Estatua (Nafarroa) ez da lortuko. Ezin duzu zure burua euskalduntzat eduki euskaraz bizi gabe, eta hau ez da postura extremo bat. Horren froga da katalunian horren azkar barneratu dutela nazio kontzientzia eta horrek dakarren independentismoa. Katalanez bizi bazara, erraza da ohartzea katalana zarela. Orain gehitu argudio pare bat (espainiar inperialismoa, ekonomia etorkizun hobea) eta independentismoak aurrera egingo du erraz. Hizkuntza izan da katalan independentismoan olioa lurrean, gainontzeko argudioek ordea bultzadatxoa eman diote prozesuari.

    Gaztelaniaz edo frantsesez bizi bazara erraza da ohartzea española zarela. Euskaraz bizi bazara nola ez zara euskalduna izango? Hemengo independentismoak egin duen akats oso oso larria zera da, justifikatu nahi izatea euskalduna izan zaitezkela euskaraz hitz egin gabe. Herri honetan sekulako lan eta sakrifizioa egin da independentismoan, katalanean baino askoz gehiago. Zergatik ez du aurrera egin ba askapen prozesua?

    Asko hartzen dut kontuan Arnaldo Otegiren iritzia. Ezker abertzaleko burua izanik de facto, eta harek onartua bake prozesua soilik independentziak ekarriko duela, badakit askapen prozesua orain hasiko dela martxan. Gehitu diezaiogun prozesu katalana, orain da unea. Baina espero dut jendea ohartzen hastea euskara dela gure nazioa, eta honek politikan zentrala izan behar duela. Honen erabilpena zabaldu eta normalizatu arte ez da Nafar Estatua etorriko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude