Arnaldo Askatu herri ekimenak mahai-ingurua antolatu du hilaren 24rako

Euskal Herriko egungo egoera politikoaren azterketa egiteko eta etorkizunera begira sor daitezkeen jokaleku politikoei buruz eztabaidatzeko, mahai-ingurua antolatu du Arnaldo Askatu, Politika Askatu herri ekimenak.

Otsailaren 24an, osteguna, izango da hori, Herriko Antzokian, 19:00etan.

Bertan parte hartuko dute Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidente ohiak, Mariano Ferrer kazetariak, Jone Goirizelaia Otegiren abokatuak eta Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendariak. Hasier Etxeberria kazetariak egingo ditu moderatzaile lanak.

Atzo aurkeztu zuten mahai-ingurua, Elgoibarren eginiko prentsaurreko batean.

Arnaldo Askatu, Politika Askatu plataforma 2010eko udaberrian sortu zuten, eta ordutik hainbat ekimen antolatu ditu: Otegi preso dagoen Logroñoko espetxera martxa bat egin zuten abenduan, eta ezker abertzaleko bozeramailearen askatasuna eskatzeko argazki kanpaina bat antolatu zuten.

Ezker abertzalearen barne eztabaida hastear zela atxilotu zuten Otegi, 2009ko urriaren 13an, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta ezker abertzaleko beste lau kiderekin batera. «Arnaldo Otegi, jokaleku politiko berri hau irudikatzen ekarpen handia egin duen protagonista garrantzitsu bat izanik, etorkizunera begira ireki daitekeen aro politiko itxaropentsuan ezinbesteko subjektutzat jotzen dugu», adierazi zuten atzo ekimenaren sustatzaileek.

berria.info

Mahai Ingurua

Irudia | Mahai Ingurua | Arnaldo Askatu Herri Ekimena | Creative Commons By SA

Elgoibarko Arnaldo Askatu Plataforma