“Armiarma” sarekada: Adierazpen askatazer? (Eguneratua)

“Armiarma” (Araña) izena ipini dio Guardia Zibilak gaurko sarekadari, hirugarren aldikoz. Sare sozialetan “terrorismoari gorazarre” egin izana leporatuta hainbat atxiloketa egin dituzte Euskal Herri osoan zehar. Naiz.info atariaren arabera 14 izan dira Euskal Herrian atxilotuak (beste lau Bartzelonan, bi Madrilen eta bana Valentzia, Segovia zein Pontevedran); 7 Bizkaian, 4 Gipuzkoan eta hiru Araban.

Europa Press agentziak, polizia iturriak aipatuz, dio 30-40 atxiloketa egin asmo dituztela Hego Euskal Herrian eta Espainian, Araña operazioan.

Kaiet Prieto (@kaieto94) eta Andeka Jurado atxilotu dituzte Barakaldon, Xabier Arruza Erromon eta Alfredo Remirez amurrioarra (@erreharria), berriz, Bilbon. Euskadi Irratiaren arabera, Xabier Otero da atxilotuetako beste bat; Gasteizen Jon Egurzegi (Gasteizko Harresiaren komunikazio taldeko kidea, @JEgurzegi) atxilotu dute, eta Ibarran Intxaurrondora eraman duten Iker Ibarluzea (@IIbarluzea). Azpian duzuena da  bere azken (ber)txioa.

"Armiarma" sarekada: Adierazpen askatazer? (Eguneratua)

Azken berrien arabera, gutxienez atxilotuetako bost aske dira jada, tartean La Salveko kuartelean deklaratu duten  Prieto eta Remirez. Ane Ituño abokatuaren arabera, ez dakite ziur zein delitu zehatz egozten dieten: “akusazio generikoa bakarrik dakigu”.

Euskal Herritik kanpokoen artean, eta Europa Press-ek zabaldu duenez, @CesarStrawberry izan ei da atxilotu  eta jada aske dagoenetako bat -Cesar Montaña Lehmann du benetako izena-, Def Con Dos musika talde ezaguneko kantaria.

Iazko atxiloketen jarraipena

Berri agentzien arabera, iazko apirilean eta azaroan izandako atxiloketen segida da ‘Armiarma’ operazioa. 21 eta 19 lagun atxilotu zituzten guztira polizia operazio haietan: Denera 26 euskal herritar izan ziren. Eloy Velasco epailearen agindupean apirilean atxilotutakoak, egunean bertan utzi zituzten aske. Ikusteko dago orain berdin jokatzen duten.

Terrorismoari gorazarre?

Inor gutxik daki, Espainiako epaile zenbaitek salbu, terrorismoari gorazarre egitea zer den zehazki. Zuk zeuk ez dakizu. ZuZeun ere ez dakigu. Erredakziotik gogor salatzen ditugu, aitzakia zaharrak erabiliz eta adierazpen askatasuna urratuz, gaur Guardia Zibilak egindako atxiloketak.

Atxiloketen osteko erreakzioak

Atxiloketak gertatu bezain pronto hasi dira erreakzioak. El País espainiar egunkariko iruzkinetan, esaterako, katalanen edo gorrien heriotza desio dutenen atxikoketak noizko utzi dituen galdetu diote Guardia Zibilari, iritzi xenofobo, homofobo eta  matxistak zigor gabeak izaten direla gogorarazita; eta asko dira atxiloketa hauek PP-ren hauteskunde kanpaina laguntzera edo atzo Gasteizen Ertzaintzak izandako jokabidea estaltzera ez ote datozen galdetzen dutenak ere.

ETB-k eguerdiko albistegia atxiloketekin ireki du, eta twitter-en #AdierazpenAskatasuna eta #TxiolariakAske traola erabiltzen ari dira gaia lantzeko; herri askotan mobilizazioak ere deitu dira, Bilbon eta Amurrion, esaterako:

"Armiarma" sarekada: Adierazpen askatazer? (Eguneratua)

 

adierazpen askatasuna, atxiloketak, guardia zibila, Twitter
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude