Armairuko hiria

Armairuko hiria –

Armairuko hiria

Kaixomaitia.eus | Maddi Txintxurreta

Nik ez dut arroparik gordetzen armairu barruan, hiri erraldoi bat baizik. Bai, hiri bat. Bertan sartzen naiz armairuz kanpokoak akitzen nauenero.

Eta bertan pasatzen ditut amestutako gauak. Ez da eguzkirik sartzen, baina ez nuke esango leku iluna denik. Iluna baino erosoa iradokitzen zait gehienetan.

Nire armairu barruko hirian ez da ezinezkorik gertatzen. Alta, ikus ditzaket hiru metroko gandordun oilarrak eta, horien gailurrean, erortzeko beldurrik gabe puntaz punta saltoka ibiltzen diren orekariak. Batzuek zapatila erosoak janzten dituzte, beste batzuei erosoagoa zaie oinutsik ibiltzea.

Paperezko barkuetan jaurtitzen dira itsasora ondoratzeko beldurrik ez daukaten kapitainak. Eta porturatzen direnean, itsasontziak tolestu eta poltsikoan gordetzen dituzte edo abioiak egiten dituzte handik hona ibiltzeko. Paper berdinean idazten dute askok bidaian bizitakoa. Badirudi beraien patu eta helmugen gidari bakarrak direla, inoren oztoporik gabe.

Nire armairuko hiritarrak harro-harro janzten dituzte kolore guztietako arropak. Batek esaten dizu erosoago dagoela praka estuekin, besteak nahiago ditu kamiseta lasaiak. Nahi duenak biluzik ibiltzeko aukera ere badu. Eta biluzik ibiltzen dira titi bakarra dutenak eta arropa bainoago tatuajeak nahiago dituztenak. Gurpildun aulkiak lau mila erreboluzioetan ibiltzen dira hemen. Eta eroso-erosoak dira euren besaulkiak.

Irakurri iruzkin osoa kaixomaitia.eus en blogan >>

 

Beste Iruzkin batzuk:

Argazkia: Darwin Bell_Back Lit closet

Armairuko hiria