Armada

Armada –

Armada
Arg: Francis Bourgouin – Flickr (Wikipedia)

Iruñeko alkate Enrique Mayak Espainiako armada nahi du hiriburuko karriketan. Eskaera modu ofizialean egina da. Argudioa, zaintza lana. Itxuraz, eritasunak hogei bat udaltzain utzi ditu bajan eta haien ordezkoak egiteko behar du Mayak armada. Ez du zehaztu paratxutistak, marineak edo Brunetea. Sarri, Tuteran bezala, tankeren bat ikusiko dugu Nafarroa Behereko etorbidean patruilatzen, Zabalguneko Merkatura karroa betetzera joan den inork buka ez dezan mandarinak Media Lunan paseatzen. Agudo, konbaterako uniformeaz jantzitako militarrak ikusi ditugu Udaletxeko plazan, lerro-lerro ezarririk, Viva Espainiaka, etxetik atera ezinik dagoen jendea adoretzeko. Mendabian bezala. Ni arrunt solidario sentitzen naiz jendearen miseria sexualarekin, osasun krisi honen zirimolan, bereziki, eta bistan da Iruñeko jaun alkatea orgasmo faltan dabilela aspaldi honetan. Arazoa konpontzeko bide bat baino gehiago etortzen zait burura, ordea, hainbertze maite duen armada hori Iruñean sarraraztea baino. Gizon hau karikatura bat bilakatzen ari da. Nik prest dauzkat kazolak eta eltzeak. Prest, zartagiak eta burruntzaliak.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 25ekoa]

Aingeru Epaltza

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude