Arima urratu arte

Iratzargailuak jotzen duen bakoitzean ondo aukeratu ote duen galdetzen dio bere buruari. Berandu iritsi den autobusera igotzean ere galdera bera datorkio burura. Iritsi da, astelehenetik ostiralera legez, urteak bukatzeke daramatzan campusera. Edonor esnatuko luketen eskaileretan gora doan bitartean, hormetan dauden pintadak irakurtzen ditu. Dagoeneko buruz dakiziki. Batzuk originalak dira, besteak ez horrenbeste. Noizean behin orban zuriak topatzen ditu lehen spraia zegoen lekuan. Urtean behin, ikaslegaiak bisitan datozen egunean baino ez du benetako kolorea horma horrek. Egun horretan ez dago ez pintadarik ez orban zuririk. Kamerak bai. Hantxe goian daude. Gau eta egun. Eta haiek ikusten dituen bakoitzean plato berrien promesa datorkio burura. Horma garbi-garbi zegoen egun hartan beraiek karrera hasterako teknologiarik berriena izango zutela agindu zieteneko unea gogoratu du. Sartu da klasera eta irakaslea hasi da bla, bla, blaka… Kalakari horrek argiak itzali ditu eta atzean duen power pointak baino ez du argitzen gela. Bla, bla, bla. Ez da isiltzen. Irakurri eta irakurri dabil. Eta bitartean berriz ere ondo aukeratu ote duen galdetzen dio bere buruari ikasleak. Orduak ematen ditu egunero entzun eta entzun. Gutxitan entzuten dute bera. Baina nazkatu da isilik egoteaz. Hasi da gero eta gehiago hitz egiten. Bihar, agian… oihu egingo du.

Ander Barinaga-Rementeria

IZAN ALA EZ IZAN