Ariketa zaila

Ariketa zaila –

Txetxu Urbietak Uztarria aldizkarian.

Aspaldi aitortu nizuen ez nukeela aita petrala izan nahi. Nahia desio hutsean gelditzen ari delakoan… Izaera baikorreko mutila izan banaiz ere, gizon ezkorra bihurtzen ari naiz. Agian begi-bistaren arazoa izango da, agian led bonbiletara ez naiz ondo egokitu, baina dena beltz, dena ilun ikusten hasia naiz. Hori bai, kontrax izaera inork ez didanez kenduko, ilunari aurre egiteko argi printzen bila hasteko ariketa egitera behartu dut neure kaskezur arina. Hasi banaiz hasi, blokeatuta nago. Hemen itzaltzeak eta pizteak ez du balio. Dena beltz, dena ilun ikusten jarraitzen dut. Kasu hauetan historiak erakusten digu argi printzei lekua egiteko gerra izan dela gizakiak erabili duen tresna… eta horrek barru-barruko erraietarainoko hotzikara sortzen dit. Ez dut gerrarik ezagutu eta ez dut gerrarik nahi. Mundua norabide okerrean doa.

Ariketa zailaOrain arte, belaunaldi orok aurrekoaren bizi baldintzak hobetu eta bere ondorengoei bizi kalitate hobea eskaini die. Beraz, gure belaunaldia izango da historiako belaunaldirik eskasena, ustelena. Dena izan eta gure ondorengoei ezer utzi ez dien belaunaldia. Ongizate epel eta erosoan lokartu zen artaldea. Ardiok siloan usteldutako belar gozoaz konformatzen garen bitartean, fede eta itxaropen osoa arkumeengan jarri behar. Ukuiluan usteldu nahi ez badute, larre bila atera beste aukerarik ez dute. Aiton-amonen izerdiak eraiki zuen ondarea biloben esku dago. Eta nik, beti, erabateko fedea eta itxaropena ditut gazteengan.

Pentsa, goseak hiltzen, gerretatik eta jazarpenetatik ihesean dabiltzanek, datorrena ez ezik, dutena nola ikusiko duten. Otarretxoa beteta dugunon kezka zer ote da otarrerik ere ez dutenen parean. Beti dugun apurra galtzeko beldurrez.

Izan enpatiko! Eta ez joan enpatearen bila!

Ariketa zaila

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.