Argi hitz egin dezagun

Argi hitz egin dezagun –

Neoliberalek krisi honetan inposatu dituzten erabakiek ondorio latzak izan dituzte: langabezia, desberdintasuna, langileen miseria, xenofobia, matxismoa, ustelkeria eta gezurra, kutxa publikoen lapurreta, krisi ekologikoa, disidentziaren jazarpena… Hau ez da izan soilik une bateko kontua; ez da bapatean amaituko kapitalaren manipulazioa ere, zeinak politika karikatura bihurtu eta eskuin muturraren hazia ereiten duen. Iraultza kontserbadorea ari gara pairatzen, eta horrekin batera autoritarismoaren eta neoliberalismoaren gorakada.

Argi hitz egin dezagun

Gobernuek men egiten diete politika soziala egitea eragozten duten muga estuei. Eta ezarritako markoan berdin du nork agintzen duen. Esaterako, esan ziguten murrizketak derrigorrezkoak zirela zerga bidezko diru-bilketa urritu egin zelako, eta defizitaren zein zorraren errua gastu sozialari leporatu zioten. Haatik, arazoa presio fiskal arinegia da, kapital eta enpresa errentek gutxi ordaintzen baitute, edo ezertxo ere ez. Baina orain, diru-bilketa hazten ari denean, osasunean eta hezkuntzan mozketei eusten diete… adostu duten zorioneko gastu arauak gastatzea galarazten duelako. Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak ondo definitu zuen arauaren indarra, eskuak lotzen zizkiela esanez; alabaina, harekin bat omen dator. Halakoxeak dira gure neoliberalak.

Edonola ere Eusko Jaurlaritzak enpresen interesak zaintzen ditu. Abantaila fiskalak ematen dizkie, lan prekarioa hedatzeko haien estrategiak babesten ditu eta sindikalismoa indargabetzen laguntzen die. Sekula ez die konturik eskatzen, patronalaren moral bikoitz berbera baitu, Garamendiren morala, zeinak CEOEko presidente hautatu dutenean erabaki baitu bere buruari 350.000 euroko soldata jartzea; soldata “apala”, bere esanetan.

Urkulluk errieta sindikalismoari egiten dio. Sindikalismoari egurra ematea meritua da Jaurlaritzako goi kargu izateko. Ez dituzte jasaten sindikatuak, ez eta grebak ere… Grebalariak emakumeak direnean ere ez. Martxoaren 8a bereganatzen saiatzen dira, genero desberdintasunaren analisitik kanpo uzteko beren politikaren eragina eta emakumea emakume izateagatik eskulan merke gisa esplotatzen duten enpresen interesak.

Jaurlaritzak nahiko luke, patronalak bezalaxe, gatazkak enpresetatik eta ikasgeletatik kanpo geratzea. Ukatu egiten dute gatazkarako arrazoirik dagoenik. Baina ELAk harro erakusten die ikasten ari diren gazteei etsipenaren eta borrokaren artean hauturik duinena borroka dela. Uriarte sailburuaren eta Kristau Eskolaren iritziaren kontra ikastetxeetan greba egiteak gure seme-alabei beste balio batzuk helarazten dizkie, eta halako balioen premia handia dugu.

Horregatik indargabetu nahi gaitu gobernuak. Horregatik ez ditu hauteskunde sindikalen emaitzak errespetatzen. Urkulluk negoziazio kolektiboan gutxiengoen akordioak ontzat eman zituen, eta orain dekretu bidez arautu du mamirik gabeko elkarrizketa soziala. Gainera, ezarri dute Jaurlaritzak eta Confebaskek akordioak ixteko nahikoa dela %10eko ordezkaritza duen sindikatu bat. “Elkarrizketa soziala” delakoak hamar urte bete ditu; hain zuzen, langile klasearen aurkako erabaki oso latzak hartu diren hamarraldia. Ez da serioa. Hori da Jaurlaritzaren Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Markoa, politika antisoziala aplikatzea eta euskal gehiengoak gutxiestea. Urkulluk dioenez, “konfrontazioa ez da aukera bat”, eta boletin ofizialaz baliatzen da bere gizarte-eredu neoliberala ukatzen dugunon aurka.Gobernu honekin harreman normalizatua ezinezkoa izan da. Pentsa, bilera bat egin ahal izateko exijitu izan digute beren politikak zalantzan ez jartzea. Erakunde sozialekiko harreman era bakarra onartzen dute, menpekotasunezkoa edo klientelarra, baina horrelako harremanak ez dira demokratikoak.

Horrenbestez, derrigorrezkoa da ezkerrari buruz gogoeta egitea. Ezkerrak ezin du ontzat eman eskuinak eztabaida nagusiak bahitu eta hegemonizatzea. Hori gerta ez dadin lan handia egin behar da eta jendearen arazoak aintzat hartu. Haatik, ezkerrak lehentasuna beste zerbaiti ematen dio: hauteskundeak irabazte aldera “zentralitatea irabazteko moderazioa”ri. Noiz, eta prezeski eskuinaren aldirik erreakzionarioena bizi dugunean, gehiengo sozialak esaten duenean bere kezka nagusiak direla langabezia, soldata kaskarrak eta pentsioak.

Ezkerra ezin da marka bat bihurtu; ezin dio jendeari esan aski dela agintera iristea, horrela politikak aldatuko direlakoan. Hau beharrezko baldintza da, baina ez nahikoa. Begira bestela inguruko kasuei. Ezker politikoak lehentasuna eman beharko lioke mobilizazio sozialari, sare sozial alternatiboa indartuko duten egiturak garatzeari, errealitateari eta politikaren mamiari. Ezkerrak ez du zertan beldur izan oposizioa egin eta hau azaltzeko. Pedagogia soziala berreskuratu behar da. Politikan baliagarri izatea ez da derrigor sistemarekin adostea. Areago, hauteskundeak irabazita ere proiektua gal baitaiteke. Hori gertatu zitzaion sozialdemokraziari kontsentsu neoliberala bere egin eta alternatiba gisa desagertzean. Agian “zentralitatea irabazi” nahi duen ezkerrarentzat sindikalismo jakin bat traba bilakatu da. Hori eskatzen diote euskal neoliberalek: “sistemaren parte izan nahi baduzue, ahaztu sindikatuak!” Sindikatuak, eta ordezkatzen ditugun jendearen nahiak.

Gurasoen eskubideak ez dira zertan seme-alabenak izan. Eragin nahi badugu, baliagarri izan nahi badugu, ezinbestekoa da alternatibekiko konpromisoa indartzea eta gure jendea antolatzea. Gure militanteen ilusioa piztea. ELAn uste dugu sindikalismoa kontrabotere izan behar dela; bestela ez da ezer. Ez gara sortu obeditzeko; izan ere, gero eta argiago ari baita geratzen mundu honen oinarria botere harremanak direla. Horregatik, ELAk uste du jarrera anbiguoak alde batera utzi behar direla. Argi ez hitz egiteak kalte egiten digu.

 

Arg: cuerdasycabos.com
Argi hitz egin dezagun
Argi hitz egin dezagun  Argi hitz egin dezagun
Argi hitz egin dezagun  Argi hitz egin dezagun

ELA sindikatua

11 pentsamendu “Argi hitz egin dezagun”-ri buruz

  • “Neoliberalek” hitza irakurritakoan utzi diot irakurtzeari. Etorriko dena banekien.

  • Txikiri arrazoia eman behar zaio gaurko markoa edo sistema egokia ez dela esaten duenean.
    Baina beraiek proposatzen dutena ere ez zait niri egokiagoa iruditzen.
    Ezkerreko ikuspegi orokorrari eusten dio. Kapital pribatuarekin bukatu eta bere ahalmen guztia estatuaren eskutan jarri, handik etorriko bai da benetako konponbidea.
    Baina ikuspegi neutro batetik aztertzen ba ditugu, bi sistemen akatsak ikus ditzakegu. Ez bata ez besteak, ez dute ebazpen egoki bat lortu arazo sozialarentzat.
    Nik sistema orokorretan ez daukat fede handirik. Eta gizakia norbanakoa ala soziala den galderari aldebakarreko erantzun partziala ematen zaionean ez zait aukera egokiena iruditzen. Alderdi biak ditugu eta gure nortasunean daude.
    Urrutira joan gabe gure historian emandako adibideei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu bi balore horiek (norbanakoa eta elkarrenganakoa) modu osagarrian eta ez antagonikoan planteatzen direla.
    Auzolana izan daiteke horren adibide bat. Gizakiaren iniziatiban eta elkarlanean oinarritutako oreka aberasgarri batean.
    Eta zergatik ez gara zentratzen bertako empresetan? Aldaketa soziala empresaren aldaketa, demokratizazioa eta partizipazioa eskatzen du. Elkartasunean eta erantzunkizunean.

  • Benat Castorene 2019-02-28 23:46

    Nahiko ados sentituko nintzateke Arandirekin :
    « demokratizazioa eta partizipazioa » bilatzea bertako enpresetan eta « Elkartasunean eta erantzunkizunean »
    Kooperatibetan egiten, edo, entseiatzen egiten, edo, behintzat egin beharko luketen bezala.
    Gehi nezake lanaren baldintzetan barnean, lanaren antolaketa bera arazo oinarrizkoa dela eta zorigaitzez beti denek bigarren maila batean mantendua izan dela
    Ikasleei zerbait ikastekotan, erakasiko nieke lanaren inportantzia eta zentralitatea bakoitzarentzat eta gizartearentzat.
    Erakasiko nieke ez dela biktima bezala abiatu behar bizitzan. Alderantziz lan egiten laster ikasi behar dela eta lagunen artean iniziatibak hartu beraien enpresa eraikitzeko nun arau hobeak sortuko bailituzkete.
    Portaera arrazoizkoagoa litzateke ezen ez eta arazoaren soluzioa gobernu edo estatu probidentzial batetik igurikatzea. Ezkerrekoenek iduriz ezdute sozio demokratikok baino hobeki egin.
    Horrek ez du kentzen greba edo erreforma edo gobernu aldaketa ere besterik ezean behar ez direnik batzutan.
    Bainan zinez hobe problema errotik hartzea eta ekitea.

  • Ikuspuntu orokorretan (esker-eskuin) ez erreparatzea ez dauka zentzurik. Baina horrek ez du esan nahi geureari ere ez diogula kasurik egin behar. Gertutasunatik ere aporta ditzakegu.

    Planteamendu hau ez da kea edo utopia saltzeko. Adibide bezala hor dago geure izaera komunitarioa, behetik gora eraikita, non pertsona eta ondasunen arteko lotura lanaren bidez egin da. Eta gainera, praktikan, adibide zehatz bat kooperatibismoan dago.

    Arizmendiarrieta, batez ere, pertsona praktikoa izan zen: “Aberastasuna sortu gabe ez dago etorkizunerik”. Eta hori lortzeko “lana da gure esku artean dugun gauz preziatuena”

    Lanaren garrantziari buruz ere izan ditugu gure artean beste adibideak: “Erromako Dretxoa kharakterizatzen duen itaunkeria (norena da) …. euskal iaubetzaren itaunkeria (zerentzako da)”
    “Euskal iraultza batetan, aldakuntza askozaz sakonagoa da zeren, srtuktura aldatzen baita, norena-ren ordez zerentzakoa ezartzen baita”. Zehatz-1 (1977) KRUTWIG.

    Planteamentu hori elkarbizitza sendotzeko aberasgarria izan daiteke:
    – Bertan identitate ezberdineko pertsonak kabitzen direlako.
    – Helburu zehatz baten inguruan

  • Benat Castorene 2019-03-02 11:50

    Arandi jauna, ez dut ulertzen zure lehen esaldia. Berformulatzen ahal ote duzu pbd ?
    « Geure Izaera komunitario »aren ideia inportantea eta laketgarria iduritzen zait, bainan, egiazko komunitate baten existentzia suposatzen du. Edo behintzat hartarik hurbiltzeko nahikundea.
    Gaur bada ez dut euskal komunitate seriorik ikusten eta horrengatik euskal izaera komunitarioa biziki ahul ikusten dut. Makur banaiz, erradazu, kontent nintzateke tronpaturik.
    Beharbada komunitatea, eta, berari datxikon izaera komunitarioa existitu ziren lehengoko denboretan, baserrietan segur, auzoetan ere bainan gutiago, eta, herrietan are gutiago.
    Gaurko adibidetzat, kooperatibak aipatzen ditutzu. Dudarik gabe inportantzia haundia dute Herriarentzat ( eta egia erraiteko beste enpresek ere) bainan nik ikusi eta bizi izan dutanez, bazkideen kolektiboa ez da eta ezin da izan egiazko komunitate bat. Horrengatik oraindik urrun dago izaera komunitario bat edukitzetik.
    Inportantea litzateke ulertzea zergatik.
    Horrela lertzen dut:gaur kooperatiba bat da langilez osatutako kolektibo bat ekoiztu eta saltzeko helburu bakarrarekin. Jakina arau sozial zehatz batzu errespetatuz, eta, teorikoki Arizmendiarrietak izpirituari jarraikiz. Errealitatean maisuaren garaikideak jubilatuak dira orai, eta haien esfortzuen gatik ere, maisuaren ikasgaiak nahikoa ahantzixeak datezke orai. Bainan koska ez da horretan:
    Egiazko komunitate batek hau baino helburu zabalagoa dauka zeren eta elkarbizitzako entitate bat baita nun lana oinarria bat eiki den bainan ez zutoin bakarra
    Piskabat dakit Arizmendiarrietare pentsamoldeari buruz. Pena da, dakidanez, obra eta komentario gehienak espainolez eta Inglesez baizik aurki daitezkeela.
    Askotan pentsatu izan dut ene patua desberdina izanen zela hogei urtetan pertsonalki ezagutu banu.
    Argi da haren pentsamoldeak mereziko lukeela sakondua eta arraberritua izaitea gaurko egoeraren argitan.
    Adibidez diozu « Arizmendiarrieta, batez ere, pertsona praktikoa izan zen »: eta horren berme bi aipamen “Aberastasuna sortu gabe ez dago etorkizunerik”. Eta hori lortzeko “lana da gure esku artean dugun gauz preziatuena”
    Bainan zer aberastasun ? zer etorkizun ? norenak ? zer da lana ?
    Erromako dretxoaren eta euskal iaubettzaren ( jabetzaren ?) itaunkerietaz ez dakit deus.
    Krutwigi dagokionez, posible bada, are gutiago, bainan, denetaz informatzen entseiatuko naiz.
    Kontent nintzateke Zuzeu-en ikustea horrelako haunarketa testu bat, hau da, zer den komunitate bat eta zer den lana.
    Lanari bakarrik dagokionez zuzeuen berriki artikulu batean aipatu nuen « liberer le travail »Thomas Coutroten azken liburua. Komentario guti lortu du.
    Aldiz enetako oinarrizkoak diren bi hausnargai horiek lotuta aurki daitezke Simone Weil ( 1909/1943) filosofo frantziarraren testu anitzetan barna.

  • Hasi naiz esaten egoera globalizatu eta polarizatu batean gaudela. Eta indibidualtasuna eta sozialtasunaren arteko uztarketa modu antagonikoan planteatzen dela.
    Eta sistema bietan jarritako itxaropenak ez dutela ematen espero ziren emaitzak eta horregatik etsipena nagusitzen ari dela.
    Eta jarraitu dut esanez, naiz eta paradigma globaletik ezin ihes egin, arreta handiagoa jarri beharko genukeela geureak diren adibide propioetan.
    Baina ez gara martetarrak. Paradigma komunitarioa (ez da kolektibismoa) munduan zehar ere zabalduta egon da eta dago. Elinor Ostron-en lanak (Ondasun komunen gobernua) indar berezia eman diote eredu autogestionatuei.

    Esaten duzu baserrien inguruan soilik ikusten duzula izaera komunitarioa. Baserria izan da gure gizarteko oinarrizko unitatea. Eta behetik gora eraikitako harremanetan Auzoetan ere errepikatzen dira ohitura komunitarioak.
    Baserria eta auzoa uztartuta daude. Bietan eusten zaio tinko ondasunen izaera banatu ezinari (baserria eta komunala). Osorik eta modu onenean hurrengo belaunaldiaren eskuetan uzteko.

    Jabetzari buruz, aipatuko dizut Patxi Juaristiren lan bat: HIZKUNTZA TRADIZIOAREN EKARPENA BEHAR DITUGUN HARREMAN SOZIAL ETA EKONOMIKOETARAKO. ONDASUNEKIKO HARREMAN TRADIZIONALAK EUSKARAN UTZI DUTEN ARRASTOA

    Azterketa egin ondoren, esaera bilduma honetan lau zutabetan oinarritzen den ondasunekiko gizarte harremana adierazten zaigula ondorioztatu beharrean aurkitzen naiz:
    I. Ondasunak elkartekoak dira: etxeko edota herrikoak dira.
    II. Propietate pribaturik ia ez da agertzen
    III. Ardura nagusitzen da ondasunekiko harremanetan.
    IV. Ondasunekiko harremanen ardura berezitasun baikorrenak dituenaren eskuetan uzten da.

    Erromatarraren legediaren menpeko herrialdeetan, ondasunekiko harremana propietate pribatuan edo “Ius Utendi, Fruendi eta Abutendi” delako eskubideetan oinarritzen zen. Belaunaldi batetik bestera ere, ondasunekiko deretxo horiek ziren herentziaren bidez igortzen zirenak.
    Euskal munduan, aldiz, etxe eta lurrekiko ardura, eta ez beste ezer, izan da ohituraz gurasoengandik seme-alabengana igorritakoa. Hau da, ondasunen administrazioa ondo egingo zenaren konfiantza . Oinordeko edo, berdin dena, etxeko seme-alaben artetik etxerako aukeratuak , ardura hau beregain hartzeko gai zela eta nahi zuela frogatzen zuenean hartzen zituen gurasoengandik etxea eta lurrak .

    Modu itxaropentsuan bukatu nahi dut. Kooperatibismoa gure izaera zaharraren egokipen modernoa da. Jarrai dezagun gure iturri zaharretik ur berria edaten.

  • Benat Castorene 2019-03-02 20:59

    Aldi honetan dena argi da. Estimatzen dut ondo esplikatzeko zure esfortzua. Erran behar daukat segitzen dutala zurekin ados izaiten eta badakit ez naizela horretan bakarrik izanen.
    Ez nuke zure denbora sobera monopolisatu nahi, bainan azken ohar baten ondotik hari datxikon tupusteko galdera bat egin nahi nizuke :
    Diozu « Kooperatibismoa gure izaera zaharraren egokipen modernoa da. Jarrai dezagun gure iturri zaharretik ur berria edaten »
    Orai urte zenbait dauzkaten kooperatibek erakutsi dute ezin ukatuzko arrakasta bat, bai ta ere, iduritzen zait, beren limitak gaurko « egoera globalizatu eta polarizatu »aren aintzinean.
    Orai tupusteko delako galdera hura :
    ? Juduen kibutzaren eredua, gure egoera bereziari eta gure iturri zaharrei eta ez hain zaharrei egokituz geroz, ez litekeia izan ur berria, nun, euskal kultura eta hizkuntza salbatzeaz gain, entseia gintezkeen laneko euskal filosofia gizatiar bat asmatu eta pratikatzen ?
    Ez eiki naiz ari zuen EAEko lurralde harro bezain oparo horientzat baizik eta galeran dauden haientzat, adibidez Lapurdirentzat edo Erriberarentzat

  • Hasieratik argitu nahi dut eredu partikularrak, behetik-gora eraikitakoak, ez direla ikuspegi arrazional batetik sortzen, baizik eta esperientzia zuzenetik. Gauzak errepikatuz eta praktikan erakusten dutenean bere onura, ohiko bilakatzen dira eta azkenean instituzionalizatzen dira.
    Horregatik eta bere oinarria bertako gizarte izaeran dagoelako, ez da zabalgarria modu orokor batean.

    Kibutzei buruz, nire ezagutza oso mugatua da, azalean geratzen da. Hala ere, ez dut uste modelo hori egokia denik guretzat.
    Hasieran behintzat, kibutzak muturreko nekazal komunak ziren, non den-dena guztiena zen. Wikipedian, adibide bezela, kibutz batzuetan barruko arropa ere konpartitzen zela esaten da.
    Aberastasunen banaketari buruz, koleltibismoaren printzipioak ezarri ziren: Bakoitzak bere ahalmenak jartzen ditu eta bere betebeharren arabera jasotzen. Gaur egungo aldaketak, pribatizazio eta soldata desbedin bidetik doaz.

    Gure komunaletan, ordez, dena ez zen denen artean modu berdinean edo bakoitzaren beharraren kriterioa bidez banatzen, baizik eta bakoitzaren lan etekinez.
    Nik, herriko baratze ekologiko txiki bat lantzen dut. Oso ondo konpontzen naiz nere ondokoekin, baina lana egiteko orduan neurea da ardura nagusia eta neronek jasotzen dut nire lanetik sortutakoa, besteak egiten duten moduan.

    Komunalismoa kolektibismoa baino askoz gogokoa daukat. Hori da gure izaeran errotuta zegoena.
    Izaera hori berreskuratzeak, bi etekin emango liguke:
    – abertzaletasunari zentzu propio bat eman.
    – inor baztertu gabe,

  • Benat Castorene 2019-03-03 17:19

    Piskat exageratuz aipatzen duzun muturreko kolektibismo hura, garaia zela eta, existitu zen beste ereduen artean.
    Urteetan zehar eredua eraldatu da bainan beti sozialismo zorrotz eta lanzale baten markoaren barruan, komunalismotik haratago.
    Bainan ez da sekulan izan gizarte guzirako eredua, baizik elita mugatu borrokalari baten hautua.
    Aldiz eragin haundia izan zuen Izraelen bilakaeran.
    Kibutzaren ideiak fontzionatzeko behar du erreskate egoera batek sortzen duen urgentziazko sendimendua.
    Hasieratik iradokitzen entseiatu nintzan bezala, ezin da imaginatu ere erosotasuna eta konfiantxa errege den eskualde batean.
    Eskerrik asko Arandi laguna.

  • Orokorrean eta simplifikatuz esanda, hiru eredu sozial daudela esango nuke:
    Pribatua. Non merkatuaren lehia da bere ezaugarri nagusia.
    Publikoa. Aberastasunaren banaketa hobetzea da bere ezaugarria.
    Komunitarioa. Partekatutako erantzunkizunean oinarritzen dena.

    Sozialdemokraziak, indibidualtasunaren gehikeriei aurre egiteko, zergen bidez eta banaketa egokiagoarekin, nolabaiteko zentraltasuna bilatzen du. Hori bai, goitik behera.
    Eredu komunitarioak ere, indibidualtasuna eta sozialtasunaren arteko oreka lortzen du, baina behetik-gora.
    Horregatik, bi eredu horien arteko elkarlana bideragarria dela iruditzen zait.

    Eta ez horiekin bakarrik. Agian baikorregia naiz baina, zergatik ez iraultzaileekin ere.
    “Ez dut esaten MCC antikapitalismoaren eredu bat denik, baina kooperatibak lanaren demokratizazioaren laborategiak direla usted dut. Ezker globalaren krisia, neurri handi batean, sozializatzeko estrategia gabezian dago. XX. mendean nazionalizatzen jakin zuen, baina gero sozialismoan, gizarteak eta bere gehiengoek erabakitzeko prozesuetan ez zuten parte hartzen. Beraz, galdera da nola sozializatu modu demokratikoan lan mundua eta bere (re-)produzioa. Eta hortan ez dute metateoriak balio, baizik eta (erdi-porrot egin duen) propietate kolektiboen eta gestio demokratikoen esperientza zehatzak. (RAUL ZELIK)

    Bukatzeko. Etorkizuna ez dago polarizazioan elkarlanean baizik, Benat laguna.

  • Beñat Castorene 2019-03-04 19:29

    Alainan, irakurketa interesgarriak baditutzu, eta, ezagutzen ez nituenak gainera, erdi analfabetoa naiz eta…
    Iduritzen zait jitez ez naizela partikulazki polarizaziozale, bainan, ez da amets egin behar, polirazizazio parte bat ere beti egonen da. Bestenaz elkarlanak berak ez luke zentzurik ere.
    Ez gara mundu berean bizi, aspaldidanik ohartu naizena. MCCrik ez dugu, autonomiarik ezdugu eta urtero gehiago inbadiatuak gara .
    Egiazko adostasun orokor baten atzean, ez dugu berdin senditzen.
    Galera bidean doan euskal lurralde tipi batekoa naiz. Erreskateko estrategia egoki baten bila nabil. laborala,soziala, kulturala, linguistikoa…
    Horrengatik ene galdera Kibutzeri buruz. Zuk kibutzetan kolektibismoa duzu ikusten bakarrik. . Nik uste (guretako) dut badela zerbait sakontzeko esperientzia horretan.
    Adeitasunez.