Argentinako futbolaren kinka

Futbol taldeen zorrak 109 milioitakoak dira eta telebistaren eskubideekin ez dira ados jartzen. Cristina Kichner berak ere bitartekari lana egin behar izan du arazoari irtenbidea bilatzeko. Baina hau arazo sakonago baten azaleratzea besterik ez da.

Ezen, nola ulertzen da Argentinako futbol taldeak zorrez leporaino egotea, erosi baino askoz gehiago saltzen badute? Argentina Europako taldeen harrobi bihurtu da azken aldian (Espainiako ligan 38 argentinarrek jokatu zuten iaz).  Hiru urtetan, Hego-Amerikako futbol fabrika garrantzitsuenen salmenta-gastu balantzak, 400 milioiko irabaziak eman dizkie  taldeei. Eta hala eta guztiz ere, hauek hondoa jota daude.

Zergatik?

Hona hemen adibide bat. Berrikitan, River Platek Falcao saldu zion Portugalgo Portori. Salmentaren prezioa 4 milioitan itxi zuten bi aldeek, baina talde argentinarrak bi besterik ez zituen jaso.

Zer gertatu zen beste diruarekinn? Agenteek eta bitartekariek eraman zuten.

Argentina, ez alferrik, “bitartekarien herria” da.

Taldeen zorrak eta telebistako eskubideen auziak, beste hori utzi du agerian, bitartekari eta agenteek futbol garaikidean duten eragina. Hauen gehiegikeriek hainbeste zorpetu ditu taldeak, urteko aurrekontuak itxi ahal izateko, Europako talde onenei euren jokalariak ezinbestean saldu behar izaten dizkietela.

Momentuz ligaren hasera atzeratu dute. Ikusteko dago Gobernuak eta Argentinako ligak zer aterabide ematen dieten telebisten eskubideei.

Bien bitartean, Espainiako ligak zeharka begiratzen dio Argentinako futbolaren arazoari, han ere, zorrak eta telebistaren eskubideek Europako ligarik garrantzitsuenetako baten etorkizuneko giltza izan baitezakete.

Jon Benito

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude