Arduraz jokatu? Bai, erakundeak barne

Arduraz jokatu –

Aditu guztiek aurreikusi bezala, udazkenarekin batera pandemiaren bigarren olatuak bete-betean jotzen ari gaitu. Egoerari aurre egiteko erakundeetatik hartu diren neurriak, oro har, birusaren hedapena gelditzea dute helburu eta herritarren mugikortasuna zein harreman sozialak mugatzera bideratuta daude.

Arduraz jokatu

Gainera, Madrilgo gobernutik alarma egoera ezarri da bigarrenez, neurri murriztaile horiek nolabaiteko babes juridikoa izan dezaten. Erakundeen estrategia, funtsean, arauak jarri eta betetzen ez dituztenei zigorrak ezartzean datza. Hala, bigarren alarma egoera dekretatu zenetik lehen asteburuan, ia 1.200 isun jarri dituzte Ertzaintzak eta udaltzaingoek etxeratze-agindua ez betetzeagatik eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako mugikortasun-murrizketak urratzeagatik.

Aitzitik, neurri murriztaileekin batera, sektore kaltetuentzako ezohiko laguntzarik ez dira iragarri. Gauzak horrela, agintariek behin eta berriz, erantzukizunez eta zentzuz jokatzeko eskatzen digute. Baina non dago ba erakundeen erantzukizuna? Non dago zerbitzu publikoen indartzea? Non pandemiak sortzen dituen ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko inbertsioak?

Arauak betetzea eta zentzuz jokatzea eskatzen digute etengabe, baina isunak jartzen ibiliko direnei ere, zentzuz jokatzeko eskatuko al zaie? Izan ere, ondo gogoratzen ditugu aurreko alarma egoerako hainbat gertaera: Ezin ahaztu San Frantzisko auzoan gaixotasun mental bat zuen gazte baten eta haren amaren aurka poliziak izandako jarrera tamalgarria; ezta ere, irudi horiek grabatzeagatik hainbat auziokidek ere isuna jaso zutela. Beste adibide bat kontraturik gabe lan egiten duten pertsonena da, askok salatu zutenez, lanerako joan-etorrietan zeudala justifikatu ezinik, polizien zigorra jaso zuten, ustez konfinamendua urratzeagatik. Beste behin ere, egoera prekarioenean daudenak kaltetu nagusiak dira. Espero dezagun horrelakorik berriro ikusi behar ez izatea, baina instituzioen estrategia murrizketetan eta zigorrak ezartzean oinarritzen den bitartean, zaila izango da horrelako gehiegikeriak ez errepikatzea.

Bien bitartean, pandemia denboran luzatzen doa, eta bere ondorio sozial eta ekonomikoek eragiten duten arrakala gero eta sakonagoa da, ziurgabetasuna, frustrazioa, beldurra eta azkenik, haserrea gero eta herritar gehiagorengana zabalduz. Batetik, zilegi diren erantzunak asteburuan ikusi ditugu, SOS Ostalaritza lemadun manifestazio jendetsuan, sektorearentzako leguntza eskatzen. Zilegi ez direnak, bestetik, duela asteburu gutxi eman ziren, norbanakoen balizko askatasunak (musukorik ez eramateko, kasu) guztion osasunari lehenetsi nahi dituztenen eskutik. Edozein kasutan ere, garrantzitsua da frustrazio horiek ongi kudeatzea.

Orain dela urtebete, Durangon ospatutako Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan ezin genuen imajinatu hilabete batzuk geroago helduko zena, baina orduan entzun genituen gogoetak aski erabilgarriak izan daitezke une honetan. Orduan, guztiz beharrezkotzat jotzen zen “gaixotzen gaituena izendatzea eta ondoezez jabetzea ahalbidetzea”. Orain, geure buruari galdetu beharko diogu gaixotzen gaituena COVIDa bakarrik den edo ez ote den sistema kapitalista, patriarkal, kolonialista, arrazista eta kapazisista hau; eta era berean, pentsatu beharko dugu, ea ondoeza sortzen digun hori, arauak betatzeko beharra den edo aldiz, ez ote den krisialdi honi irtenbidea emateko erakundeetatik egiten den eskaintza eskasa.

 

 

 

Arduraz jokatu

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.

Zer duzu buruan “Arduraz jokatu? Bai, erakundeak barne”-ri buruz

  • Testu infantila. Besteak eta gu, boterean daudenak eta gu. Niretzat denok bat gara, edo zertarako joaten gara bozkatzera?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude