Arduragabeen eskuetan

Arduragabeen eskuetan –

Arduragabeen eskuetanMartxotik hona bizi izan dugun egoera lazgarri honek ekarri dizkigun zenbait gertaera, nire ustez funtsezkoak eta horregatik estali eta ezkutuak, azaleratzera dator idazki hau, bai eta ondorio batzuk ateratzera ere gertaera horietatik.

Esan beharrik ez da, ez naizela ez epidemiologian, ez zientzian, ez osasun publikoan batere aditua, alde honetatik, pandemia garai luze honetan aginte tokietatik erabakiak hartu dituzten gizon-emakumeen egoera ez oso bestelakoan nagoela ere esan liteke.

Ez gara adituak herritar arruntak baizik eta herritar arruntak garen aldetik pentsatzen dugun izakiak gara; gure inguruan zer gertatzen den antzeman eta gertatzen dena ulertzen ahalegintzen gara eta horretarako gauzak komunikatzen, trukatzen eta kontrastatzen saiatzen gara.

Horiek horrela hilabeteotan amorratu diren pertsonak ez direla gutxi izango pentsatu nahi dut, hain izan diren aldrebestu, manipulatu eta itxuraldatuak inguruan gertatutako horiek. Fenomeno hau ez da berria oso zaharra baizik, baina egoera gordinek oso agerian utzi ohi dituzte aurretik isil-gordean edukitakoak.

Inozotzat hartu gaituzte eta inozotzat tratatzen gaituzte, baina hau bezain egia biribila da guk inozo-inozo jokatu dugula guztiz ustela den sistema bati men eginez. Betidanik edozein gizarte sisteman ageri den gurpil ustela da, non hasten den eta non bukatzen zaila da bereizten.

Gertatukoak

1- Munduko zientzialariek eta agintariek aspaldidanik zekiten zer zetorren, bai bederen 2003. urtetik aurrera Sars beste izurrite ttikiagoa izan eta epidemiologo askok ohartarazi zutenean zer zetorren, merkatuak eta farmazeutika handiek geldiarazi zuten ordurako martxan zeuden zenbait ikerketa (txertoak e.a).

2-Espainiako gobernuak Espainian diren bi komunikazio talde handiei 15 miloi euro eman zizkien pandemia zela eta gobernuak markatuko zuen ildotik ez urruntzeko. Gogora dezagun horixe bera egin zuela 2017an Kataluniako erreferendumaren inguruko informazioa kate motzean lotuta edukitzeko.

3-Gauzak testuinguruan jar ez daitezen medioetatik egin den ahalegina erraldoia izan da, eta izutzekoa trikimailuak ze ondo funtzionatu duen ikustea: Bi mezu nagusi: bat: gertatu den guztiak ez du zer ikusirik ez aspaldidanik indarrean den sistema ekonomikoarekin eta sistema horretako eliteen interesekin, ez ingurugiroan egin diren txikizioekin ez gaizki izendatutako globalizazioarekin, eta bi: martxotik gaurdainoko hilabeteotan jendea da izugarri gaizki portatu dena eta harena da erru nagusia. Agintariek berriz ahal izan duten guztia egin dute. Ez dute inolako erantzukizunik ez agerian gelditu den osasun sistemaren ahulaz, ez mediku eta erizainen eskasian ez baliabideen urrian, ez herrirako beharko lukeen diruaren xahutzean hala obra publiko erraldoietan nola armada eta polizia aurrekontuetan.”

Ikaragarria izan da deskontestualizazioa, are ikaragarriagoa ikustea oraintxe bertan jendearen pentsamolde nagusiak koordenada horietan daudela kokatuta.

4- Pasa den martxo gris hartan, xomorroa nahieran, aise eta suelto demonio zabaldu eta zabaldu zebilen bitartean, geldi-geldirik eta perlesiak hartuta ageri zen Espainiako gobernuari otoi eta arren eskatu zion Torra presidenteak Madril ixteko. Hala genbiltzala egun horietako batean Urkullu bere Euskal-erdian osasun alarma egoera (termino hauekin ere nola engainatu gaituzten!) ezarriko zuela azaltzeko atera zen eta arratsalde hartan Torra presidenteak agerraldia egingo zuela zerbait iragartzeko zabaldu zen. Eguerdi hartan bertan, ez bat eta ez bi, hor ageriko zaigu Espainiar guztien presidentea Alarma egoera eta ez dakit ze konfinamendu klase ezarriko zituela iragartzen. Ni Urkulllu ni Torra , aqui mando yo.

Triskantza eginda zegoen ordea, hilabete hartan bertan jakin genuen Espainiako estatuan zeuden kasuen % 70inguru Madrilekin zer ikusirik zeukatela.

5- Hori baino lehentxeago eta Madril ixteko eskaerari muzin egiten ziotela ikusita Katalunia ixteko baimena eskatu zion Torrak Espainiako gobernuari eta espainiar guztien presidenteak eman zion erantzuna ez zitzaion gutxitan damutuko: “Birusak ez du mugez ezer ulertzen”. Zinez kristalezko ontzi batean gordetzeko harribitxia: handik egun batzuetara, alarma egoeraren baitan Frantzia eta Portugalekin dauzkaten muga guztiak itxita ageri ziren eta armadak zainduta.

6- Katalunia utzi gabe egunotan jakin izan dugu Oriol Mitjà nazioartean epidemiologo ezagunari Torrak aginte makila eskaini ziola pandemia gobernatu ahal izateko eta Generalitaten bertan den beste partiduak ez zuela holakorik onartu ez baitzen alperrik osasun sailburua haien sokakoa. Ez dakiguna da Madrilek ere ze presio mota egin zuen Mitjà bezalako zientzialari batek inolako aginpiderik izan ez dezan. Amorragarria izan da toki guztietan egon den adituen dantza. Gutxi inporta zientzia mundu horretan zer zen edo zer ez zen, kontua, boterearen pregoilari aproposa izatea, zientziaz mozorrotuta.

7- Konfinamendu hartan neronek nire etxeko leihotik ikusitakoa traumatikoak izan ziren niretzat behintzat: Hasieran osasun langileentzat ziren txaloak, berehala bihurtu ziren mota guztietako polizientzako txaloak, haiek kotxetik tutua joz eskertzen zuten bitartean. Gure osasuna zaintzera zetorren alarma egoera termino larriaren azpian sistema poliziala besterik ez zen kalean eta herritar gajoak hari aurre egin beharrean txalo jotzen zion.

8-Urkuillu jaunak produkzioa (hau da bere intereseko guztiak: AHT, Erainkuntza, Zubietako planta, Donostiako metroa….) ez gelditzeko egindako ahalegina ere ikusteko izan zen. Hori guztia, Madrilen PNVren botoen bitartez sistema polizial horri segida ematearen truke lortu zuen. Gero etorri zen aste santuko jukutria: osteguna, ostirala larunbata igandea eta astelehena kendu zizkioten produkzioaren geldialdiari! Koxka ederra! Eta gu etxean, poliziari txaloka.

9- Orduan bezala, gutxitan ikusi dugu Urkullu jauna, bere onetik at, senperenak eta bi eginez produkzioa ez gelditzeko. Aldarte asaldatu eta ozpindu hori, baina ez zen berria guretzat eta bere bertsiorik asaldatuen eta ozpinduena 2017ko urri haren bueltan ikusi ahal izan genion Katalunia independentzia deklaratzera zihoala: “Ez dezala inork pentsa hemen sofan etzanda geldituko naizenik”. Ez zuen horrelako sua eta garra erakutsi Zaldibarkoa gertatu zenean, ardurak eskatzen, zigorrak ezartzen eta gorpuak bilatzen, aitzitik, ederki baliatu du pandemia Zaldibarko bidegabekeria hura estaltzeko.

Eta Zaldibarren ez, baina berriro ere, ekainaren 15ean hiru probintziatxoen bere hauteskundeak lortzeko ikusi ahal izan genuen berriro ere piura horretan. Batek daki zer eman zion Urkulluk Madrili hauteskunde itxuragabe horiek egin ahal izateko. Guk dakigun bakarra da ordura arte eman zizkiguten izurritearen datuak bikainak zirela, oso ondo gindoazela, eta pandemia guztiz ez baina nahiko kontrolatuta zegoela. Ekainaren 16tik aurrera berriz hasiko dira datu guziak disparatzen eta alarma guztiak pizten, eta horrela orain arte. Ez dute, ez, gaizki funtzionatu Gobernuak komunikazio talde handiei emandako sari potoloek!

Hortik ateratako ondorioak:

  • Pandemia aldian guztia botere jokoa izan da eta hau bezalako egoera latz batean egin beharreko lana guztia bigarren maila batean uzteko ez dute eskrupulurik eduki.

  • Komunikazio talde erraldoietan txertatutako injekzioak emaitza bikainak eman dizkie: Jendeak “mea culpa est” ozen oihukatzen duen bitartean, badirudi agintariei erantzukizunak eskatzeko ariketa sano eta guztiz beharrezkoa demokrazia bat demokrazia izateko desagertu dela mundutik. Ez dago mekanismorik agintaria arduragabekeriaz edo lardaskeriaz edo interes pertsonalez jokatuz gero hortik kentzeko eta etxera bidaltzeko.

  • Orain dela zortzi hilabete jakin izan genuen gure osasun sistemek (osakidetza, osasunbidea) ez dutela antzik ere orain arte kontatu digutenarekin eta itoginak besterik ez dutela alde guzietatik. 8 hilabeteotan AHT bezalako obra erraldoi eta zentzugabeak ez dira gelditu, polizia gastuak izugarri handitu dira, hauteskunde batzuk antolatu dira…baina osasun sistemak ez dira zirkinik ere hobetu eta itoginak toki berean dira.

  • Kuriosa da Iñigo Urkullu bere ibilbide guztian hirutan ikusi dugu bere onetik guztiz kanpo: 1-Martxo alde hartan produkzioa (hau da AHT e.a) ez gelditzeko (interes pertsonalak),

    2- Bere hauteskundeak Madrilek ez oztopatzeko (boterea handitzeko),

    3-Baina, dudarik gabe aztoratuen 2017 urriaren bueltan ikusi genuen Katalunia independentzia aldarrikatzera zihoala. (Espainiako batasuna).

  • Xomorroa gogoaraztera etorri zaigu hemen berak ez bezala mugez asko dakien Espainiak agintzen duela eta euskara loreontzi bat dela palazioko gela panpoxetan izugarri politt ematen duena, batez ere kamerak bertan direnean.

Arduragabeen eskuetan  Arduragabeen eskuetan  Arduragabeen eskuetan

Arduragabeen eskuetan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude