Arazoa dugu futbolean

Arazoa dugu futbolean –

Ezin dut artikulua hasi, aipatu gabe nire doluminik zintzoenak Inocencio Alonso Garciaren senitartekoei, lagunei eta lankideei; Inocencio Alonso bihotzekoak jota hil zen, Athletic-en eta Spartak-en arteko partidara joan ziren pertsona guztien segurtasuna babesten ari zela.

Arazoa dugu futbolean

San Mamesetik kanpo izan ziren istiluek bidegabeki zikintzen dute errespetuarekin eta bortizkeriarik ezarekin konpromisoa duten hiriaren, klubaren, zaleen eta erakundeen irudia. Beldurra sorrarazten duen jendaila horri futbola bost axola zaio. Jarraitzailetzat hartzen dute bere burua (nik astakirtenak deitzen diet) baina jokatzen dute futbolarenak ez diren beste interes batzuen alde, eta batzuetan erakundeek eta politikariek ez diote erantzun irmorik ematen haiek baztertzeko eta bakartzeko. Ez ditugu nahi inongo futbol-zelaietan.

Ezin dute esan gure koloreak defendatzen dituztela, ez baitituzte maitatzen. Ultrak dira, besterik ez, eta gure gaitzespena merezi dute. Pertsona labainak dira eta ordezkatzen dutena kirolaren eta bizikidetzaren kontrakoa da. Errespetuaren, tolerantziaren, kiroltasunaren, eta diskriminaziorik ezaren kontrakoak dira.

UEFAk funtsezko hamaika balio ditu, talde baten jokalarien kopuru bera. Besteak beste, errespetua. Bere Estatutuen arabera, “errespetuak beti gailendu behar du futbolean: jokoarekiko, segurtasunarekiko, aniztasunarekiko, duintasunarekiko, jokalarien osasunarekiko, arauekiko, arbitroekiko, lehiakideekiko eta zaleekiko errespetua”. Halaber, arrazakeriaren, bortizkeriaren eta dopinaren aurrean “zero tolerantzia” sustatzen du.

Hori horrela izanda, UEFA-ren jokaera sendoa espero dugu, Bilbon izan ziren iskanbilak berriro gerta ez daitezen eta saihestu dezan talde bortitzek lehiaketak dauden hirietara bidaiatzea. Baina, bere jokabidea ezin da bakartu. Denok, zaleek, klubek, federazioek, nazioarteko erakundeek eta instituzioek aurre egin behar diogu horri, eta elkarrekin lan egin behar dugu portaera bortitzak aurreikusteko, gutxitzeko eta errotik ateratzeko. Gure bizitzaren eremu guztietan, eta kirolean bereziki.

Arazoa dugu futbolean, bai. Eta arazo hori dugu gure umeak ikastetxeetan kirola praktikatzen hasten direnetik. Lagun askok ez dute nahi bere seme-alabek futbolean jokatzea irudi bortitza transmititzen duelako. Nor ez da inoiz egon irainetan edo erasoetan bukatzen den eskola-lehiaketa batean? Nork ez du inoiz ikusi ume bat gurasoak isiltzeko agintzen arbitroa edo entrenatzailea kritikatzen dutelako?. Jokaera horiek eragiten dute ume bat ez dadila joan partidara disfrutatzera, baizik eta irabaztera eta aurkakoa makurraraztera.

Garaipena gailentzen da gozamenaren aurrean. Duela urte batzuetako txosten batek ondorioztatzen duen moduan, gurasoak dira eskola-kirolean bortizkeriaren kausa nagusietako bat. Guraso horiek harmailetan aldatu egiten dira, eta bere seme-alabei transmititzen dizkiete gero futbol-zelaian praktikan jartzen dituzten portaerak.

Arazoa dugu futbolean, bai.

Arazoa dugu futbolean

Abokatua eta ama. Bizkaiko Abokatuen Bazkunea. Legebiltzarkidea (EAJ)

2 pentsamendu “Arazoa dugu futbolean”-ri buruz

  • Zuhaitz Ordoki 2018-03-14 09:32

    Kaixo Amaia:

    Doluminak luzatu bai, baina erantzunkizak eskatu ez. Hil zen ertzaina goizeko 7etan sartu zen kuartelean, eta gaueko 9ak ziren bihotzekoak eman zionean. Osasun arazoak izan zituen bere bizitzan zehar, 51 urte zeuzkan jada, eta hala ere han. Agerikoa da ez zegoela egoera onenean zeregin horretarako. Iruditzen zait Ertzaintzako agintariek (eta ondorioz, Jaurlaritzan) ere badutela erantzunkizuna.

    Bestalde, iradokitzen duzu Spartakeko naziak eta Athletickeko antifaxistak berdina direla. Ez naiz tranpa horretan eroriko, bistan dena. Beste talde batzuetako faxistak Bilbora joandakoan (zenbait espainiar taldeetakoak, esaterako), ez da aparteko gatazkarik izaten. Baina errusiar hauek bereziki bortitzak dira, Athletickeko zaleak kalera atera edo ez iskanbila berdin berdin egongo zen. Ehundaka zalek tokatzen zena egin zuten: naziei aurre egitea.

    Amaitzeko, bukaeran mahaigaineratzen duzun ideiarekin erabat ados nago. Geure gizartean garaipena gailentzen da gozamenaren aurrean, eta hor hezkuntza arazo bat daukagu. Umeen partiduetan guasoen jokabidea ikustea besterik ez dago.

  • euskaldun bat 2018-03-14 20:10

    Nik ez dut ulertzen gaur egun jende normala nola joan daitekeen futbola ikustera futbol zelaietara.