Arauak, zergak eta beste

Arauak, zergak eta beste –

Arauak, zergak eta besteEgun hauetan, Gasteizen, inoiz baino arreta gehiago jartzen dugu oinezkook eta bizikletariok kaletik ibiltzean. Udal poliziaren greba japoniarriak adi eta erne jarri gaitu semaforoak pasatzean, kaleak zeharkatzean … Nik neuk, atzo eta herenegun, bizikletariak eta oinezkoak ikusi ditut, udaltzain bikotearen multa-papera jasotzen. Bat-batean konturatu gara zenbat aldiz apurtzen ditugun arauak kaletik gabiltzanean. Naturalena izan da guztiontzat  urteetan arauak errespetatu gabe mugitzea hirian. Behin, Madrilen, Gran Vía kale zabal-zabalean kuadrilako lagunekin nenbilen, eta hara non ikusten dugun gizonezko bat, oinezkoa, kalea zeharkatzen semaforoei begiratu ere egin gabe, kotxeen artean, arrisku bizian. Lagunak berehala esan zuen: “Hara, Gasteizko bat”. Lege urratzaile sistematikoak gara, eta horregatik Gasteizetik mugitzeak arreta berezia eskatzen digu egun hauetan; arreta berezia araua betetzeko ala, bete ezean, arreta berezia poliziarik inguruan ez dagoela egiaztatzeko.

Bitxia da egoera, guztiok badakigu arauak ez direla ohikoan betetzen, baina agintariek eta poliziek malgutasun handiarekin jokatu dute orain arte. Antzekoa gertatzen da zergen kontuarekin. Ahal izanez gero, egunerokoan  gutako askok BEZ (IVA) izeneko zergari muzin egiten diogu, beltzean ordaintzen; edo Errentaren Gaineko Zergan iruzur txikiak egiten ditugu. Zergekin arauak ez errespetatzeko ohitura, kaleko zirkulazioan bezala, sozialki zabalduta dago. Gutako gehienok iruzur  txikiak egiten ditugu, baina giro honetan aitzakia ederra aurkitzen dute iruzurgile handiek. Gehienek zergei muzin egiten dienean, aberatsenek eta boteretsuenek egoera zurigarria dute lapurketa eta azpijoko handienak egiteko. Eta, duela gutxi ikusi ahal izan denez, ugari egiten dituzte, paradisu fiskaletan dirutzak gordetzen eta ezkutatzen. Zergek  fama txarra dute, guztion etsai balira bezala. Baina, hala al da?

Zergak zerbait serioa dira. Baliabide publikoak edukitzeko bitarteko derrigorrezkoak dira zergak. Guztion kutxa publikoa zergekin elikatzen da; guztion beharrei, eskubide sozialei erantzuteko, nahitaezkoa da. Guztiok dakigu zein garrantzitsuak diren osasun eta hezkuntza sistema publikoak, laguntza sozialak eta beste mila gauza. Zerbitzu publikoek jendearen ongizaterako duten garrantzia ez dut hemen azpimarratu behar; zergak dira hori mantentzeko bidea. Bada, iruzur fiskalarekin horretarako guztirako joan beharko liratekeen baliabideak murriztu egiten dira. Ez dirudi gauza txukuna.

Gastu/inbertsio soziala askotan  ez da lehentasunezko kontua gure agintarientzat: badakigu Abiadura Handiko Trena bezalako egitasmo erraldoi garesti antisozialetan xahutzen dituztela milioiak; badakigu gestio publikoan hezkuntza eta osasun publikoek ez dutela eduki beharko luketen lehentasunezko trataera. Eta horregatik, aurrekontuak egiten ari direnean, garrantzitsua da gertatzen ari dena, politikariek erabakitzen dutena,  jarraitzea eta kritikatzea. Kontu honen bueltan ere herritarron mobilizazioak egongo dira laster kalean.

Azken urte hauetan inboluzioa ari da gertatzen zergekin. Ekonomiaren inguruko legedia aldatuz joan da, eta, gaur egun, Euskal Herrian eta Europa osoan, enpresek gutxiago ordaintzen dute, proportzioan, duela hogei urte baino.  Aldiz, jendeak duen zama fiskala (batez ere BEZa bezalako zergekin sortzen dena, eguneroko gastuekin lotutako zerga) nabarmen handiagoa da: Balio Erantsiaren Zergaren eragina 2000 urtetik hona %16tik %21ra pasatu da. Beste hitz batzuetan, kutxa komuna elikatzeko herritarrok gero eta gehiago ordaindu behar dugula, enpresek gero eta gutxiago jartzen duten bitartean. Krisiarekin langileen pobretze prozesua ari da gertatzen, lan baldintzen kaskartzearen ondorioz. Eta, hori guztia gutxi balitz, guztiontzako zerbitzu eta sistema publikoak  ikaragarri ahuldu dituzte diru faltaren aitzakiaz. Bestalde, krisiarekin batera, batzuen irabaziak inoiz baino handiagoak izan dira.

Arau fiskalak eztabaidatzen ari dira egunotan: EAJ, PSE eta PP ari dira EAEn kontu hauek adostu nahian, eta Jaurlaritzan zein hiru aldundietan negoziazioetan dabiltza. Protagonista horiekin pelikula honek amaierak ez du itxura onik, alafede! Aspalditik ezagutzen ditugu. Aurrekontuen eta zergen inguruko berriak albistegietan entzutean edo egunkarietan irakurtzean, gehienetan ez dugu interes handirik jartzen. Agian arreta zorrotzagoa jartzea komeni zaigu: gure diruaz ari dira, diru publikoaz; zergen banaketa, gastuen antolaketa, ari dira negoziatzen.

Seguru ez duzula honetan interesik?

Josean Bueno   Hala Bedi

Arauak, zergak eta beste

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.