Arantxa Olano: “Dena dominatuta eduki arte, ez dut batere gosaltzen”

71ko labekadakoa da, Donostian jaioa, lan egiten duen etxean bertan, Txiskuene izeneko tabernan, Ospitalera bidean. Esaten du amaren abizena ere jartzeko hemen: Gorostidi. Olano Gorostidi, Arantxa, beraz.

Beste batzuk ez bezala, berak beti jakin du zertarakoa den, nola eta zertan emango duen bizitza. Etxeko alaba da, eta  beti izan da leku honetako kamarera, edo nahiago baduzu tabernari edo zerbitzaria. Zeure aukeran. Ahizpa Itziar, sukaldean ibili da oraintsu arte. Orain, ordea, hura ere kamarera dabil.

cc-by-sa: hec
cc-by-sa: hec

Haurrak nagusi

“Lehen beranduxeago esnatzen nintzen, baina familia eduki genuenetik, gauzak asko aldatu dira.

Goizeko zortziretan jartzen dut iratzargailua, baina bost minutu behin eta berriz lapurtzea gustatzen zait eta igual ez naiz jeikitzen 8’20ak arte. Neu jantzi eta bi haurren arropak prestatzen ditut beste ezer baino lehen. Ordurako bi haurrak gosalduta egoten dira, euren aitak ematen baitie biberoia goizeko zapi t’erdiak aldera: lotan hartzen dute biberoia lotan jarraitzeko neuk esnatu arte. Halaxe dauzkagu ohituta.

Urtebeteko mutikoa esnatzen dut lehenik, eta hura prest dudanean, hiru urteko alabatxoa. Goizeko 9ak aldera eramaten ditut ikastolara eta anartean ni ezer hartu gabea izaten naiz. Egia esan ez dut ezer gosaltzen dena dominatuta eduki arte.

Behin haurrak eskolan utzita, etxera itzultzen naiz han utzitako desastrea jasotzera eta gero erosketak egin behar badira, egin egiten ditut lehenbailehen. Dena dominatuta daukadanean, Txiskuene geure tabernara igotzen naiz, 10ak alderako eta orduantxe gosaltzen dut kafesnea, ogi xigortu eta gurin-marmeladarekin. Eserita eta egunkaria mahai gainean irekirik!

Gosaria amaitutakoan zabaltzen dut taberna eta dena jartzen dut martxan”.

cc-by-sa: hec
cc-by-sa: hec

Taberna emakumeen lana da.

“Jangela prestatu eta ordubaterako hasten da hemen mugimendua. Denetarik etortzen zaigu. Ministroak ez, baina politikariak ere ikusi izan ditugu. Hala ere langile jendea da hemen nagusi, eta ospitalera senitartekoen bisitan etorritakoak ere bai. Oso hurbil gaude eta bertatik.

Sukalde apala da gurea, menua, etxeko jana da eskaintzen duguna. Aurtengo udan plater konbinatuak ematen hasi gara, eta sekulako arrakasta ari gara edukitzen.

Nik neuk ez dut bazkaltzen eguerdiko zerbitzua amaitu arte: batzuetan 3’30tan, besteta 5’30tan eta bestetan sekula ere ez. Lanak agintzen digu guri, eta sarri bazkaldu gabe ere gelditzen gara neskok. Neskak baikara hemen lanean ari garenak.

Uda honetan sartu da sukaldari-gizonezkoa, bakarra gure etxean. Orain arte, bai sukaldean eta bai zerbitzatzen, beti emakumezkoak ibili gara. Ama Koro ikusi izan dugu beti hemen lanean ahizpa Itziarrek eta biok. Gure anaia ere ez da hemen ibiltzen. Emakume kontua da hau, ama-alabona. Laguntzaileak ere denak emakumezkoak. Iruditzen zait, erizaintza eta beste ofizio batzuetan bezala, emakume-lana dela, nahiz eta Andaluzian denak gizonezkoak izaten diren.”

Eta horrela bizitzen gara

“Gogoratzen naiz txikitan ere, patinetan ibiliz batera, zerbitzatzen nituela platerak mahaietan. Martini neska bezala. Haur jolasa zen niretzat: botilak bildu eta lekuan jarri eta halakoak.

Gure seme-alaba eta ilobak ere orain gure antzera dabiltza, denak hemen bueltaka. Bizitzea hauxe da guretzat. Lehen Realaren partiduetara maizago joaten nintzen, bazkidea naiz, baina gutxiagotan joaten naiz orain. Denbora joan egiten da berehala eta dena ezin da. Bizimodu hauxe gustatzen zait, zer nahi duzu ba!

Arratsaldetan ere, beti bada zer egitekorik: ikastolako bilera, masajista, paperak, medikua… Ahizpa eta biok txandaka ibiltzen gara, egun batean hura goardian eta hurrena neu, zortziretan afariekin hasi artean. Hortik aurrera denok beharrezkoak.”

Erretiradako ordua

Senarrak eramaten ditu haurrak tabernarik etxera arratsean. Berak oheratzen ditu. Ni berandu ailegatzen naiz, gauerdian eta beranduago igual, eta lo egoten dira ordurako. Bistan da ez dudala telebista asko ikusteko astirik. Senarrak ere ez du ikusten. Irakurtzea du nahiago. Salbuespena House da. Salan argia ikusten badut, esan nahi du senarra horixe ikusten ari dela eta asteartea dela. Ez pentsa, baina maisua izan arren, haren bizimodua ere nirearen oso antzekoa da”.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.