Aralarretik ateratako zenbait lagunek Nahia alderdia sortuko dute


Aralarretik ateratako zenbait lagunek Nahia alderdia sortuko dute

El Pais egunkariak jakinarazi duenez, Aralarrekoak izandako hainbat hautetsik eta militantek Nahia alderdi politikoa sortuko dute. Espainiako Barne Ministerioaren baietzaren zain dago alderdia ofizialki sortzeko.

Aralarrek azken hilabeteetan bizi izan dituen barne gatazken ondorioa da zatiketa. Gipuzkoako militanteen proposamenez abiatu den proiektua da Nahia, horietatik batzuk udaletan hautetsiak. Aralarren ildotik atera diren Oxel Erostarbe, Aintzane Ezenarro eta Mikel Basabe legebiltzarkideak Nahia alderdian parte hartzeko gonbidatuko dituztela zabaldu du El Paisek.  Informazioaren arabera, datozen hauteskundeetan Gipuzkoatik Ezenarroren hautagaitza proposatzeko aukera dute mahai gainean Aralarreko kide ohiek, bozken %3 eskuratuta eserlekua lortuko duelakoan. Alderdiko kritikoen arabera, 100 bat pertsonak utzi dute Aralar azken aldian eta Nahiak balioko du hautetsi horiek bere baitan hartzeko.

Ezker Abertzalearekin estrategikoki eta elektoralki bat egiteko Aralarrek egindako hautuak eragin du alderdian zatiketa. Aintzane Ezenarro buru, “iraganaren kritika etikoa” egin ez duen ezker abertzalearekin bat egiteari muzin egiten dion sektore bat sortu da. Iratzarri gazte erakundeko sektore batek, beste sektoreak ez bezala, jakinarazi zuen lehenbizi alderdiaren loturak izateari utziko ziola, barne borrokak agerian utziz. Horren ostean, Aralarreko lau legebiltzarkideetatik hiruk ezker abertzalearen presentzia bermatzen ez duen “Elkarbizitza plana” aurrera eraman zuten, alderdiaren lan ildoa betiko utziz. Laster, Aralarretik kanporatu egingo dituztela iragarri dute. Dagoeneko Aralarrek Ezker Abertzalearekin, Eusko Alkartasunarekin eta Alternatibarekin bide komuna egiteko konpromisoa hartu dute.

alderdia, Aralar, nahia, politika, zatiketa

20 pentsamendu “Aralarretik ateratako zenbait lagunek Nahia alderdia sortuko dute”-ri buruz

  • Errealitatearekin koherentzia izan dezaten, hasiera-hasieratik izena aldatzeko aholkatzen diet. Hona nire proposamena: Nahia eta Ezina

  • Hamaikabatek izan zuen etorkizuna opa diet hauei. Aulkian goxo geratu nahi duten kuadrila bat direla iruditzen zait.
    Legebiltzarreko hauteskundeetan, buruari buelta asko eman ostean nire botoa eman nien, orain Aintzane Ezenarrok bere diskurtsoa legitimatzeko darabilen boto horietako bat, jakin badakienean jaso zituen boto haiek ez zirela berenak izango baldintza normaletan. Lotsa sentitzen dut hitz egiten entzuten ditudanean.

  • Nik ere Aralarri eman nion botoa legebiltzarrerako. Eta, ez naiz damu. Uste dut Aralarri emaniko bozkak ere balio izan duela, ezker abertzaleak errealitatearen diagnostiko zorrotzago bat egiteko, eta, ondorioz, Zutik Euskal Herria. Hori bai, orain Ezenarroren bidea denboran guztiz kanpo dagoela uste dut. Otegik iragarria zuen bezala “termino politikoetan konfrontazioa” eta “ezkerreko abertzaleen batasuna”; horretan lekuz kanpo daude “bake plan” baztertzaileak eta “azterketa etikoak”. Ezker Abertzaleak agindutakoa bete du, eta horrek, EA eta Alternatibaren konpromisoarekin bat, ibilbide posibleetan idealena dakar. Zintzo ari dira, gainera. Ezenarrok hauteskunde gauean “Gora ezker abertzale berria!” zioenean usaindu nuen… gaur gertatzen ari dena. Nahia? Ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina, ez dezagun ahaztu, Aralar alderdiaren gehiengoak bide eraginkorrena hartu du (EAk bezala) barne zatiketa izateko arriskua bere gain hartuta.

  • A zer farrek egin behar ditugun Nahia edo dena delakoa ateratzen badute! Hainbeste kontu PNVn bukatzeko…

  • Nik beste izen bat proposatuko dut: Protagonismo Nahia. Gainera izen berri honi esker V-a soilik faltako zaie PNVrekin bat egiteko.

    • Amonamantangorri 2012-05-07 19:34

      PNVn? Eta zergatik ez Ezker Batuan, Ezker Anitzan, edo dena delakoan? Aralarrek lehenago ere beste alderdi txikiekin indarrak batzeko estrategia hartu zuen (Zutik, EB) udaletan-eta ordezkaritza segurtatua edukitzeko. Ez nintzateke harrituko.

  • Ardi beltza 2012-05-07 18:27

    Ze ostiatan ari dira?

  • Niri pilla bat harritu nau El Pais izatea berria eman duena eta ez beste edozein euskal komunikabide. Ez dakit, ez nau segurtasun handirik ematen.

    Bide batez, inork ez al du hau jarri behar? Bada garaia barre pixkat egiteko:
    http://www.youtube.com/watch?v=cWs1nswaaxw

    • Te beltza,
      Eskerrik asko bideoagatik. Bero-bero jarri naiz berehala blaitzen den Nahia horrekin. Zapi azpian dagoena zein da, Ezenarro bera???
      Nire botoa ez ezik, afiliazioa ere emanen diot Nahiari, eta kuota txintxo ordainduko. Non eman behar da izena?

  • […] harrigarria Luis Intxausti: Krisia ala estatu kolpea? Gabriel M. Otalora: Errege leoiaren itzulera Aralarretik ateratako zenbait lagunek Nahia alderdia sortuko dute Frantziak enperadorea galdu du eta presidentea irabazi Juan Torres López: Soiltasuna ala hazkundea […]

  • Joseba Uria 2012-05-07 20:49

    Azken ordukoa: Aralarrek alderditik egotzi ditu Ezenarro, Basabe eta Erostarbe.

  • Eta gogoeta baten ondorioz PNVrekin edo Ezker Anitzarekin bat egiten badute koalizioan, zer? zergatik da kritikagarria?
    Zergatik da hori poltronismoa eta, aldiz, EA eta Alternatiba ezker abertzalearen gerizpean joatea da ekimen parte hartzaile eta buru-argitsu bat?
    Bestalde, guztiz ados nago ezker abertzaleak bere “iraganaren kritika etikoa” ez duela egin esaten denean. Denek egin behar dute, noski, baina ezker abertzaleak egin behar duena ez da makala.

  • Zenbat gustatzen zaigun zatiketa. Horregatik agian, ia ezinezkoa izanda helburu bihurtzen delako, gurean deitzen dira alderdi edo mugimendu batzuk Batasuna, Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna… Are, Unión del Pueblo Navarro izena ere batasun ezagatik jarritako izena ote da?

  • “aulkian goxo” geratu nahi dutela? Baliteke. Hori baita politikarien gaitz handienetako bat. Baina kritika hori egitekotan, egin diezaiegun Nahian ez baizik Aralarren geratzen direnei: Donostian PSOEko gobernukide izatetik Amaiurren sartzera pasa dira. Eta berdin Alternatibakoak: PSOEko gobernutik Bilduko gobernura.
    Pirueta politiko horiek gaitzesten ez ditugun bitartean, jai dugu. Herritarrei barre egiten diete denek.

  • Nik ez dut uste Aralarrek jasotako boto gehienak Ezenarrori esker izan zirenik. Ezenarroren argudio hori pozoinduta dago, ala ahaztu al zaie ze nolako hauteskundeak izan ziren 2009koak?? Ilegalizazioak ez al zuen zerikusirik izan ala??
    Horretaz aparte, nire ustez Ezenarrok zeukan Aralarren irudia ez zetorren bat Aralarren benetako izaerarekin. Ezenarrori protagonismo gehiegi eman zioten Aralarrekoek, eta orain hori guztia bueltan etorri zaie…
    Lastima.

  • Aulkian goxo geratu nahi duen kuadrilla bat dela kritikatzen dudanean, hurrengo esaldian argudiatzen dut nire indignazioa. Ezenarrok eta konpainiak behin eta berriz aipatzen dituzte Aralarko botoemaileak, nahita aipatu gabe utziz asko eta askok ilegalizazioaren ondorioz, ezker abertzaleko ahots bat legebiltzarrean egon zedin (esperantza horrekin) eman geniola botoa. Ilegalizazioa eta injustizia gogora ekarriko zituen alderdi bati ematearren; beraz, oraingo jarrera hau (baztertzailea) legitimatzeko (eta aulkian goxo geratzeko) nire botoa erabiltzea ez zait onargarria iruditzen, beraiek ere ezagutzen dutelako errealitatea (eta nirekin batera nire inguruko askorena, jende askok hitz egin baikenuen elkarrekin botoa eman aurretik)

  • gora nahia,nire botoa ez duzue eskuratuko..baina hobe bakarrik…eta ez txokolatearekin

  • Artaldetik, arrazoi osoarekin edo batere arrazoirik gabe, ateratzen denari egurra ematea euskaldunon kirol nazionala bilakatu ote? Artalde horretan egur emaile gehiegi ikusten dut. Ez da bada konsenti daitekeen ekibokazio bakarra artaldekoa, arazzoi duenean bezala ez duenean, izatea izango? Utz iezaiezue pakean edo kritikatu itzazue, baina kritikatu… Ezker abertzale “tardizionalekoa” ez izatea ez da kondenagarri, ez eta gutxiagorik ere.
    Ez diet batere sinpatiarik nahiakideei baina nahikoa dela esateko beharrak iraun egiten du. Horrexegatik

  • Poltronerok Ezenarro eta konpainia? Ez dakigu letzen ala? Karguei uko egin diete eta! Iruitzen zat herri hontan ez degula batere aurreratu. Senderoluminosotik aldentzen denai egurra, eta poltrona bila senderora datorrenai txalo!
    Aburridumendu latza.

  • […] Aralarretik ateratako zenbait lagunek Nahia alderdia sortuko dute. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude