Aralarrek bide politiko-militarra proposatu du

MTgwNw==Aralarrek urteak daramatza Ezker Abertzale “zibil eta zabala” osatu behar dela esanez. Ezker Abertzale zabala eurak direla esaten dute, Ezker Abertzale Politikoa. Hainbestetan kritikatu dute Aralarrekoek Ezker Abertzaleak (“ofizialak”) jardunbide politikoa ez duela hartzen.

Bada, gaurko GARAk Aralarreko hiru ordezkari gorenen artikulua irakurri ahal izan dut. Luzea, oparoa eta ziurrenik oso neurtua. Bertan Zabaleta, Abril eta Uberak ETAk eta Ezker Abertzaleak proposatu izan dituzten konponbideek ez dutela balio diote eta beste zerbait egin behar dela. 

Baina bitxiena azkeneko paragrafoa da. Orain jarriko dut, beraz ez baduzu artikulua irakurri lehenago egin klik goiko loturan:

“La paz vasca es la valentía de ponerse en pie, pero no para estarse quietos, sino para acabar el camino emprendido en Alsasua. En la Mesa de Alsasua en 1977.”

Hau da:

“Euskal bakea zutik jartzeko ausardia da, baina ez geldirik egoteko, baizik eta Altsasun hasitako bideari amaiera emateko. 1977ko Altsasuko Mahaian”.

Eta artikulu batean azkeneko paragrafoan beti ideia nagusia jartzen denez, argi dago borobiltzeko erabilitako esaldi honi garrantzia eman nahi diotela. Aralarrek, beraz, Altsasuko Mahaira itzultzea eskatzen du, hau da, estrategia politiko-militarra besarkatzea. Euskarazko Wikipediaren arabera hau da Altsasuko Mahaiaren osaketaren historia:

“1978an Herri Batasuna hauteskunde koalizio gisa sortu zen, hauteskunde deialdiei aurre egin ahal izateko. HB sortzeko prozesua baina lehenago hasi zen, bost alderdi politikok Altsasun sinatutako minimozko dokumentuaren lanketaren harira. Altsasuko Mahaia izena hartu zuen, bere hastapenetan. Hurrengo hilabeteetan bilerak egiten jarraitu zuten, eta hala, Herri Batasuna sortzeko hitzarmena 1978ko apirilaren 27an sinatu zuten. Aurreko bost alderdietatik, bat atzean gelditu zen eta, ondorioz, honako lau alderdiek sinatu zuten: Eusko Abertzale Ekintza (EAE), Euskal Sozialista Batzordea (ESB), Euskal Herriko Alderdi Sozialista (HASI) eta Langileen Alderdi Iraultzaile Abertzalea (LAIA). Haiez gain, beste pertsona ospetsu batzuek ere hartu zuten parte eraketa berrian. Euskadiko Ezkerrak garatutako proiektua baztertu zuten, haien iritzia erreformista zelako, eta haustura demokratikorako agertokia proposatzen hasi ziren. Horretarako, KAS Alternatiba landu zuten, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa iparrorratz.”

Beraz Altsasuko Mahaia KAS Alternatibaren defentsaren baitan sortu zen. KAS alternatibak honakoa zioen:

  • Askatasun demokratikoak
  • Preso Politikoen askatasuna
  • Estatuko polizi indar zapaltzaileen disoluzioa
  • Alderdi politiko guztiak legeztatzea, independentistak barne, euren estatutuak aldatu gabe
  • Langileriaren bizi-egoera hobetzea
  • Euskadiren subiranotasun nazionala onartzea
  • Hego Euskal Herrirako autonomia zabaleko erregimena eratzea

KAS Alternativa KASek eginiko testua zen, garai hartan: EHAS, LAIA, LAB, LAK eta ETA (m). 

Aralarrek proposatzen duena Altsasuko Mahaiaren printzipioetara itzultzea baldin bada, hau da, 0tik hastea abertzale eta ezkertiarren arteko lankidetza momentu hartara itzuli beharko du. Eta KAS Alternatibaren baitan egin beharko litzateke batasuna… edo kanpoan geratuko dira sinatu gabe, Euskadiko Ezkerra geratu zen bezala?

Irudia | Altsasuko Mahaia | Wikimedia Commons | Creative Commons By SA

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

6 pentsamendu “Aralarrek bide politiko-militarra proposatu du”-ri buruz

  • Aralar eta Euskadi Ezkerra-ren artean egiten den konparaketak ez da berria. Aralar sortu zenetik batzuk gora eta behera darabilkite (baita EE ezagutu ez dutenek ere, gazteegiak baitziren garai hartan)
    Dena den, 10 urte pasa dira Ezker abertzale ofiziala eta Aralarren arteko esziziotik eta nire ustez begibistakoa Aralarrek bere ibilbidea egin duela eta daukala zerikusirik EE egin zuenarekon, besteak beste EE ez zelako abertzalea.

  • Nik ulertu dudanaren arabera, ez dira Altsasura itzuli nahi aipatzen duzun estrategia berpizteko (oso irakurketa ertsia egin duzu). Egin dutena da ezker abertzaleari eskua zabaldu.

  • Galder Gonzalez 2010-03-25 13:38

    @Amesti Nik ez dut egin alderaketarik Euskadiko Ezkerrarekin. Esaten dudan bakarra da Altsasuko Mahaia KAS alternatibaren defentsa egon zela eta EE horretatik kanpo geratu zela.

    @Xabi Zuk proposatzen baduzu Altsasuko Mahaiaren ideiara itzultzea ez zaude proposatzen herritar batasun bat egitea egitearren, baizik eta irizpide batzuen arabera. Altsasun hasitako bidea bukatu behar dela diote, eta bide hori KAS alternatibaren defentsan herritar batasun bat eratzea zen.

  • Nire irakurketa da Xabik egindakoaren bidetik doa. KAS alternatibaren edukia oso erraz beregana lezake ikuspegi abertzalea duen orok. Testu horren gakoa Altsasuko Mahaiaren osaketan dago. Orduan ezker abertzaleko sentsibilitate desberdinak -alderdi diferenteez eta norbanakoez osatua- bat etorri ziren plataforma baten inguruan. Eta bide politiko-militarra hobetsi zuten erakundea multzoa -EIA, ETA (pm) eta EE- Altsasuko Mahaitik kanpo geratu ziren. Gaurko balioesten den irakaspena zera da, printzipio, estrategia zein bide komuna eta autonomoa (borroka armatutik apartekoa) errespetuz eta erakunde parte hartzaile guztiak aitortuz gauzagarria dela proiektu politiko zabal bat abian jartzea. Ohar zaitezte zein urruti dagoen egoera hori gaur egun Batasuna-EA bikoteak beren kabuz diseinatu duten “polo soberanista” delakotik.

  • Txantxangorria 2010-03-25 20:46

    Ez dakit Aralar eta Batasuna EE bezalakoa diren, baina ala izan ezkero, EZ DIRA ABERTZALEAK, ezkertiar erradikalak akaso. Edo ez al gara oroitzen non amaitu zuen EE alderdi “abertzaleak”?

  • Ez dakit nik ba... 2010-03-26 00:24

    Nire ustez Aralar bidea zabaltzen dabil… eta aurretik esan den moduan, Ezker Abertzaleari eskua luzatzen… Orain arte egindako akats guztietatik ikasi beharra dagoela berriz ere akats berberak ez egiteko….

    Nire ustez, denok HARROTASUN APUR BAT KENDU BEHARKO GENUKE GAINETIK eta indarrak batzeko ahaleginak egin…

    Inposatutako lehendakari arrotza kanporatu beharra dagoelako eta behin betiko ETAk sortutako saminarekin amaitzeko momentua delako…

    Kapazak gara…. ekin bidea zabaltzeari!!