Apartheida, ETB eta elkarretaratzea

Napartheid

Deigarria da: batzuetan iduri du Nafarroan euskaldunek bizi dugun apartheida erdaldunek ez dutela ikusten, ez direla hartaz ohartzen. Hedabideetan, euskaldunek bakarrik salatuko dute; kazetari eta iritzi-emaile erdaldunek ez dute ia deus ere idazten horren gainean. Itsuak ote daude edo uste izanen dute ez dutela zilegitasunik gai horri buruz zerbait esateko? Horregatik, pozgarriak dira behekoa bezalako artikuluak.

Nabaritzen zaizue (Jorge Nagore)

Ibili eta buelta, zer dugu Nafarroan: telebista pribatua edo publikoa? Zeren, Navarra TV pribatua baldin bada, zer esan behar dio Nafarroako Gobernuak ETBri erretransmisio eskubideez [Nafarroako Gobernuak ETBri esan zion pilota partiden eskubideak Navarra TVrekin partekatzeko]? Eta publikoa baldin bada, zergatik da Méndez Pozo akziodun nagusia edo –joan eta bila– akziodun bakarra? Pribatua edo publikoa da? Publikoa baldin bada, kontuan izanik aurten bederenik gure poltsikoetako 1,3 milioi hartuko dituela, zergatik ez da egiten han aritzeko oposiziorik? 1,3 milioi urtean, aizue: hori diru gehiago da, gobernuak egia badio, hainbat fundazioren itxierarekin aurreztuko den guzia baino, besteak beste Crana eta INAAC fundazioak. Edo diru gehiago Nafarroako dendek aurten laguntzetan jasoko dutena baino, eta 20.000 laguni baino gehiagori ematen diete lana. Baina, pribatua baldin bada, laguntza horiek “holaxe” ematen badira, inork ezin badu plazarik lortu han kazetari aritzeko, inongo erakunde publikok ezin badu ikuskatu ongi gastatzen direla, zertan ari da gobernua? Zer mafia motak gobernatzen gaitu? Zer makiavelismo zozo asmatuko ote du hurrengoan, ETB inola ere ikus ez dadin, nahiz eta agerikoa den milaka eta milaka nafarrek hala nahi dutela –ez naiz euskalduna, baina kirol asko ikusten nituen ETB 1ean, eta ETB 2 kate ona da, LTDn dohainik diren %90 baino hobea–? Euskara non da koofiziala, Nafarroan edo Letonian? Nafarroan al gaude, edo halako eroetxe ostia batean, amorrazioz betetako gorrotoaren abangoardia diren jende batzuen menpe, hots, gorroto aspaldiko, nabarmen eta ukaezin baten abangoardia direnen menpe? Izan ere, halaxe da: badira nafarrak, asko, euskara gorrotatzen dutenak. Eta UPNk, besterik gabe, hori sustatzen du. Eta euskara traba dute eta, egiazki, nahiago lukete Cuencan egonen balira, baina hauteskundeetarako izugarri maite dute hemen egotea, eta mehatxu faltsuak bizitzea. Ondorioa edozein izanik ere, baita beren hizkuntza galtzen bada ere.

(Jatorrizkoa, hemen: Se os ve)

Eta ETB Nafarroan ikus dadin eskatzeko, protestarako deia dago larunbat honetan:

Iruñeko Udaletxeko plazan, eguerdiko ordu batean, Administrazioan Euskaraz Taldeak deituta:

Aitzakiarik ez, gezurrik ez! ETB ikusi nahi dugu!

ETB 1, ETB 3, Euskadi irratia eta Gaztea irratia nahi ditugu!

apartheid, etb, nafarroa, napartheid

3 pentsamendu “Apartheida, ETB eta elkarretaratzea”-ri buruz

  • Euskaldunok bizi dugun bazterketaz, nire eskarmentua: espainiazaleek bazterketa hori sustatu egiten dute maila guztietan. Baita gizarte harreman ohikoetan ere. Abertzale erdaldun batzuek ere, espainiazleek bezalatsu jokatzen dute, “errespetuaren edota edukazioaren” aitzakian.
    Abertzale erdaldun gehienak, euskaldunok jasaten dugun bazterketaz ja ere ez dakite. Bost axola zaie. Ez dakite zertaz ari garen ere. Adibide esanguratsu bat emango. Ezker abertzaleko alderdi txiki batean nenbilela, ildo ideologiko eta kontu “garrantzitsu” horietan genbiltzala, EH-n bertan euskaldunak baztertuta geundela jaso zedin emendakina egin nuen. Uste nuen besterik gabe onartuko zela, baina nire harridurarako alde handiz ukatua izan zen. Gutxi batzuek baino ez genuen añldeko bozka eman, eta horietako batzuk, lotsaz bezala. Artean alderdi burua Euskaltzaindiakoa genuen, baina…
    Nire iritziz, euskaldun gehienek onartuta daukate, normalizatuta, bazterketa egoera hau. Euskaldunek diot, ze euskal herritar gehienek, bazterketa denik ere ez dira jabetzen.
    Izan ere, ez badugu euskaraz egiten, “nahi ez dugulako” baita, ezta?

    • Peru Dulantz 2014-06-11 10:57

      Bai, bai, eta horrela adierazten dute hizkuntza- eta kultura-politiketan ardura handia duten zenbait personaiek… “ez dakigu zergatik euskaldunek erdaraz hitz egiteko aukera egiten duten”. Ezjakintasuna, ala sarkasmoa?

  • Esan gabe doa, bazterketa horri normaltasun itxura ematen Eusko Jaurlaritza bera, maisu dela.
    Horra adibide disdiratsu bat: “munduoro euskaraz” kanpaina surrealista.
    J.A. Arrietak “Mea culpa-rik ez”* artikuluan idatzi zuen bezala,
    “Aurreko Ukan-birusaren pixka bat es mucho horteradatik, oraingo “Munduoro euskaraz” lotsagabekeria inozora pasatu gara -“Ileapaindegia non eta Samien herrian, “Etxea” non eta Venezian…”.
    Zer bazterketa eta zer bazterrondo! Hemen, Madrilen, Erroman edo Hong-kon-en bezala, euskaraz egitea librea da eta! Euskararen erabilerak ez dauka mugarik! (Eusko Jaurlaritzak dixit).

    *http://paperekoa.berria.info/berria/2011-02-06/006/002/mea_culpa_rik_ez.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude