Guztion artean Antsoainen haur eskola euskalduna lortzera goaz!

Antsoainen haur eskola euskalduna –

Antsoainen haur eskola euskalduna
(Iñigo URIZ / FOKU) GARA

Antsoainen haurreskola euskalduna aldarrikatzen duen guraso taldea gara.

Aurreko astean, Udalarekin batzartu ginen. Haur eskola euskaldunaren inguruan aritu ginen hizketan eta itxaropentsu irten ginen bilkuratik.

Udalak ez du momentuz euskarazko lerroa abian jartzeko planik; baina lantzen ari den zirriborroa aurkeztu zigun. Plana, lehenbailehen, hurrengo asteetan ixten ahaleginduko da.

Aurrematrikulazio epea astelehenean hasiko da, ordurako ez du plana ixteko denborarik izanen; beraz, 2020/2021 ikasturtean euskarazko eredurik gabe jarraituko dugu herriko haur eskolan. Gure itxaropena, 2021/2022 ikasturtean kokatzen da. Udalaren hitzak behin entzunda, orduan uste dugu posible izango dela euskarazko lerroa abian jartzea.

Bitartean, aurten, Antsoaingo gurasoak seme-alabak Iruñeko eta Iruñerriko haur eskola euskaldunetan aurrematrikulatzera animatu nahi zaituztegu. Horietan onartuko balituzte -zaila izango da, batez ere Iruñeko Udalarenak direnetan-, eta gain kosterik suposatuko balu, Antsoaingo Udalarekin konponbidea topatzen saiatuko gara. Egoera horiek ere aztertuko zituela esan zigun batzarrean.

Bi urte baino gehiago daramagu haur eskola euskalduna aldarrikatzen herrian. Helburua lortzea hurbil daukagu, gero eta hurbilago. Horregatik, mobilizazioaren garrantzia azpimarratu eta azken hilabetean deitu ditugun ekimenetan (Batzar informatiboan, agerraldian, kontzentrazioan, “Euskara Eskubidea” manifestazioanparte hartu duzuen herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu.

Guztion artean Antsoainen haur eskola euskalduna lortzera goaz!

 

                                               Antsoainen 2020ko martxoaren 11n

Antsoainen haur eskola euskalduna

Herria berreuskalduntzen ari gara. Iruñea.

Zer duzu buruan “Guztion artean Antsoainen haur eskola euskalduna lortzera goaz!”-ri buruz

  • Zorionak oztopo guztien gainetik jo ta ke aritu zareten guztiei. Instituzioetan direnak direla, euskaldunon eskubideen alde beti!