Bateragune: Oskol gogorrean kolpea



Alderdien legea deiturikoak ia hamar urte bete ditu. Batasunak 2002 urtean 7 ordezkari zituen Gasteizko Legebiltzarrean, haien buru Arnaldo Otegi. Gaur da eguna Otegiri eta beste lau auzipetuei kartzela zigorra luzatu dietena 2016 urtera arte. Lizarra-Garaziko ikaraldiaren ostean, Espainiak errepresio estrategia abertzaletasunaren sektore anitzetara zabaldu zuen, independentistak ezintasunean ito nahirik. Bistan da gobernuaren jardun polizialak eta judizialak bereziki kolpatu dituela ezker abertzalea ordezkatu duten alderdietako kideak. Estatuak pozik behar luke, bete egin baita Espainiaren ustezko nahi nagusia, ETAk armak behin betiko uztea, alegia. Garaipena, ordea, ez da haiek nahi bezala gertatu eta nahastuta daude. Ezkerreko independentismoak EAEko Legebiltzarreko hauteskundeak irabaz ditzake, udazkenean. Eta, oro har, abertzaleek inoizko emaitza onenak izango dituzte, ez dago zalantzarik. Horrek kezkatzen ditu.

Ez dago munduan hemengoa bezalakorik. Kanpoko begirale batek Euskal Herriko egoera politikoa behatuko balu, harri eta zur utziko luke: “Terroristak” izandakoak, eta horren larritasunagatik legez kanpo utzitakoak, baztertuak, isilaraziak eta espetxeratuak, hegemonia politikoa urratzen ari dira. Gai izan dira estrategia birplanteatzeko, legezko alderdiekin batera zubiak eraikitzeko eta ehunka udaletan hautagai “garbiekin” bozak irabazteko. Ez da gauza makala. Traba guztien gainetik, eta 2006ko su-etena hautsi osteko krisia gaindituta, ezker independentistak inoiz izan ez duen babesa du, eta, batik bat, orain arte urrun zituen herritarrak limurtzeko aukera du eskuan.

Baina, hala eta guztiz ere, Estatua berean tematzen da, eta iraganeko iskanbila politiko-judizialei eutsi dio. Parot Doktrina zutik, D3M-Askatasuna auzitegitan, Bateragune Auzian zigorrak, espetxe politika mendeku parametroetan, Egiaztatze Batzordea bazterrean… Estatuak antsietatea sortu nahi du, urduritasuna eragin, nola edo hala. Antsietate politikoaren aurkako sendabidea, ordea, egon badago: bideak fruituak emango dituen konfidantza. Izan ere, muinean, 2009tik 2011ra porrot egin zuten helburua dute orain ere agendan: ezker independentismoa, eta jaio gabe dagoen Sortu alderdia, zartatzea, edo gutxienez higatzea. Nola edo hala eragotzi nahi baitute gatazka politikoaren eta normalizazioaren inguruko eztabaida dinamikak estatuaren diskurtsoa gainditzea. Badaki Espainiak abertzaleen batasun falta dela garaipen politiko konstituzionalista ekar dezakeen arma bakarra. Pello Urzelaik aipatu du boomerang efektua izango duela honek guztiak, alegia, ez duela balioko independentismoaren irabazi politikoak murrizteko, etorkizunean sendotzeko baizik.

Arnaldo Otegi kartzelan izateak itzala handitu besterik ez du egingo. Hiru urtez luzatu dioten zigor bidegabeak kaltea besterik ez dakar, baina oskol gogorrean jo dute berriz ere. Estatuan, antza, arazoak denboran atzeratuz desagerrarazi egingo dituztela uste dute, Arnaldo Otegi lider gisa kalean izatea kasu. Ebidentzia bat da hobe litzatekeela Bateragune auzian absoluzioa nagusitzea, denon hobebeharrez, baina ogi gogorrari hagina zorrotz. Estatuaren azken eginahalak izan daitezke, eta mugitu beharko dute, goiz ala berandu. Agian, eskopeteroen azken kartutxoak dira.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Bateragune: Oskol gogorrean kolpea”-ri buruz

  • Espainiako Estatuak (Gobernua, Epaileak…) hartu duten erabaki berri honek agerian uzten du, berriro, hainbat ondorio:
    .
    1-Espainiako Erresumak bortizkeria errepresioa erabiltzen du edozein egitasmo edo borroka askatzailearen aurka; borroka armatua izanda ala ez. ETA sortu baino lehen eta ETAk borroka armatua utzi eta gero.
    .
    2-Antigüedadekin egin duten bezala instituzioetan egiten denak Espainiako legediaren barne egon behar du, ala ez da egongo. Eta Legedi espianiarra oso aldakorra da.
    .
    Azken honen harira galdera bat: demagun alderdi soberanisten koalizioak lortzen duela Lehendakaritza. Argi dago autodeterminazioa edo burujabetza gauzatzeko hartuko den edozein erabakia Lege Espainiarratik kanpo egongo dela eta kartzela eta ilegalizaio mehatxuak hasiko direla…. koalizio horren kiden guztiak ala gehienak prest daude kartzela eta ilegalizazioei aurre egiteko? Ze ildo landuko da egoera horretan? Ez dut oraino ezer entzun horri buruz.