Aniztasunetik

futboleanIrten naiz korrika egitera, eta Zizurkil parean nindoala, bertako futbol zelaian haurrak ikusi ditut entrenatzen; 10-12 urte izango izango zituzten. Begiratu diet eta hainbeste mutilen artean bi neska zeudela ohartu naiz; bi neska beraiekin entrenatzen. Bi neska mutilekin penaltiak botatzen, eta bi neska lokatzetara erortzen, gainontzekoekin batera. Eta bai, hasieran, ea nesken talderik ez ote dagoen pentsatu dut. Baina gero miretsi egin ditut; gaur egun hainbesteko garrantzia duen zerbaiti inolako garrantzirik eman gabe entrenatzen ari zirelako, taldeko bi gehiago zirelako miretsi ditut, neskak izanagatik berdin tratatuak zirelako.

Eta pasatu zait burutik, ea zergatik banatzen gaituzten txiki-txikitandik, zergatik duen bakoitzak bere kirola, bere komuna, bere lanbidea… Eta pentsatu dut diferenteak izaki, neska batek eta mutil batek gauza ezberdinak aporta ditzakeela; batek indarra aporta dezake, estrategia besteak, kiroltasuna, defentsarako gaitasuna… Eta horregatik ondo egongo litzatekeela neska eta mutilak nahastuta taldeak sortzea; ezberdinak garelako, eta aniztasun horrek, hobe egiten gaituelako.

Korrika jarraitu dut, baina badaezpada ere, itzulerakoan berriz gelditu naiz mutilekin entrenatzen ari ziren bi neskei begira.

Maddi Etxeberria

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude