Aniztasunaz eta kohesioaz

Aniztasunaz eta kohesioaz –

Naiz hedabideak Eusko Ikaskuntzako Julen Zabalori joan den astean egindako elkarrizketak oihartzun zabala izan zuen gurean, Jonjo Agirrek eta Beñi Agirrek emandako erantzunen bitartez.

Gauzak horrela, salabardoak Ibai Iztuetak Berria egunkarian eman zion erantzuna ere jaso zuen, eta Zabalok Iztuetari egunkari berean emandakoa dakar orain bueltan.

Aniztasunaz eta kohesioazEuskal Herriaren aniztasunaz jabetzea, onartzea, eta kohesio bideetan sakontzea, hori izan da Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren adarretako bat. Izan ere, kongresu honetarako Euskal Herriari buruzko hausnarketa orokorra egin nahi izan da, bost ataletan egituratuta: Baionan etorkizuneko Euskal Herriaz; Gasteizen, euskararen etorkizuneko eszenarioez; Bilbon, garapen sozioekonomikoaz; Donostian gobernantza demokratikoaz; eta bosgarrena, Iruñean, aniztasunaz eta kohesioaz. Gaiak txirikordatuta askotan, baina arreta gune desberdinetan ipinita, gogoeta osoagoa izan dadin.

Eta gure gaia hori zela, Gara-ko kazetariak galdera polita eta interesgarria jarri zidan, ea orain berrehun urte Euskal Herria euskalherriagoa zen ala ez. Galderak aurretiko ariketa bat eskatzen du, noski: zer da Euskal Herria. Izan daiteke arraza edo etnia bat, izan daiteke ondare historikoa, hizkuntza edo lurraldea. Denen edo bat baino gehiagoren bilketa ere izan liteke, baina azkenean elementuetako bat erabakigarriagoa suertatuko da, eta Euskal Herrian elementu hori euskara da, askoren ustez.

Euskara da Euskal Herriaren (Euskararen Herriaren) muina? Batzuentzat bai, diodanez, baina beste askorentzat ez, beste elementu batzuei garrantzi handiagoa ematen dietelako (abertzaletasunaren sortzailea izan zen Sabin Aranarentzat, besteak beste, arraza edo etnia edo jatorria zen). Eta nahaste horretan oso baliagarria izan dakiguke ikuspuntu zientifikoari so egitea, kanpoko esperientziei erreparatuta, konturatzen baikara beste herrialde batzuetan beste elementu batzuei, ez halabeharrez hizkuntzari, ematen dietela zentralitatea. Ausartuko litzateke inor nazio baten erdigunea halabeharrez hizkuntza dela esatera? Ausartuko litzateke inor ikuspuntu zientifiko batetik euskara ezinbestean euskal herriaren elementu zentrala dela esatera?

Esan genezake, hortaz, Euskal Herria euskalherriagoa zela 1818an euskararen ehunekoa gaurkoa baino handiagoa zelako? Bazuten, hasteko, herri izatearen kontzientzia kolektiborik? Eta biziki kezkatzen nauena: 2018an euskalherri gutxiago gara, euskal herritar ahulagoak? Absurdora eramanda, euskararen ehunekoak markatuko ote digu, besterik gabe, euskalherritartasunaren neurria? Ablitas, Baztan, Angelu, Larraine, Aramaio, Irun, Aulestia… euskalherritartasun handiagoa edo txikiagoa lukete horren arabera? Absurdoa, bai, baina ez ote geundeke halako zerbait egiten 1818ko Euskal Herria euskalherritarragoa zela esanda orduan euskararen ehunekoa handiagoa zelako?

Eusko Ikaskuntzak historikoki euskal edo nafar lurraldetzat jo diren zazpi herrialdeak hartzen ditu oinarri bere jarduerarako. Eta lurralde hori aztertzen hasita, aniztasunarekin egin du topo, jakina, hori ez baita ustekabea. Aniztasuna, esan dezagun, lurralde horri izena emateko unetik bertatik agertzen zaigu, eta hala izanda, ez du izen bakarra erabili nahi izan bere proiektu honetarako, horrek buruhauste franko sortzen badu ere: euskal lurraldea, edo lurraldeak, edo Baskonia, edo Nafarroa, edo Euskadi, edo Euskal Herria… Aniztasuna aurkitzen dugu, munduan eta Euskal Herrian, orain eta lehen. Hori da Eusko Ikaskuntzak kongresu hau prestatzeko azken hiru urteetan antolatu dituen hainbat saio eta mintegitan atera den baieztapena. Desberdinak gara gauza askotan Euskal Herrian: ekonomikoki, sozialki, kulturalki, administratiboki, identitateak ulertzeko eta sortzeko moduetan, hizkuntzan edo nazio sentimenduan. Badakigu non bizi garen, eta badakigu gure arteko desberdintasun horiek gatazka iturri direla.

Hala ere, egindako saio horietan oso garbi atera da beste baieztapen bat, batera aritzeko nahia, kohesio nahia. Gure arteko desberdintasunak estali gabe, gatazka ukatu nahi izan gabe, kohesiorako deia entzun dugu behin baino gehiagotan. Baina zer edo nor kohesionatu behar dugu? Euskal Herriaz egiten den definizioaren arabera etorriko da erantzuna. Eusko Ikaskuntzak argi izan du hau ere: zazpi herrialde horietan bizi diren biztanle guztiak, euskal herritarrak, kohesionatu behar dira, aniztasun hori abiapuntu hartuta.

Ez da lan makala, baina hori da saio hauetan, eta beste maila askotan ere, jasotzen ari garen mezua: desberdintasunak badaude, baina loturak ere bai, eta kontsentsurako gogoa ere bai. Eztabaida interesgarria ere ireki da gure saioetan, ea aniztasuna egoera hutsa den, gaur egun dagoen egoera, ala zaindu beharreko balioa. Baina kasu bietan argi ageri da, aniztasun egoera hori errespetatuta edo bultzatuta, hortik aurrerako kontsentsua bilatu behar dela, azken batean lurralde berean bizi behar garelako, eta zenbat eta kohesio maila handiagoa lortu, onura ere handiagoa izango delako denontzat.

Kohesioaz ere eztabaidatu zen Iruñean. Zer da, zeri esaten zaio, edo nola neur daiteke. Esangura desberdinak eduki ditzakeen terminoa dela aipatu zen, baina Euskal Herriaren kasuan, gaia bera mahai gainean ipintzea aurrerapen handia iruditzen zaigu, gure artean dauden desadostasunez jabetzen garelako, eta aurrera egiteko borondatea erakusten dutelako. Izan ere, halako prozesu bat abian ipintzeko, ezinbestekoa da gure arteko konfiantza lantzea. Gure arteko desadostasunak modu librean agertzea, eta horren gainean eztabaida egitea. Hego Euskal Herrian batez ere, ezagutzen ez dugun kultura demokratikoa lantzen hastea, azken batean.

Izan ere, garai berrien ezaugarrietako bat demokraziaren sakontzea izan da. Gaur egun ez gara konformatzen lau urtean behingo hauteskunde prozesuekin; aitzitik, erabakietan parte hartu nahi dugu, baina baita erabakia hartzeko prozesuan ere. Aniztasuna eta desberdintasunak modu demokratikoan kudeatu nahi ditugu, eta hala egiten saiatu gara Eusko Ikaskuntzaren kongresu honetan. Nazio-estatu klasikoak ezartzen zituen zurruntasun eta homogeneizaziotik urrun, elkarbizitza bilatuko duen etengabeko elkarrizketa batera, aniztasuna barne hartzeko gai izango den herritartasun eskema berri eta dinamikoago batera. Prozesu parte hartzaileak ireki behar dira gure geroaz hausnarketa egiteko, baina tresna demokratiko eraginkorrak falta dira prozesu horiek bideratzeko, euskal herritarrek euren geroaz erabaki ahal izateko, tresna horiek gabe aniztasuna aldatu ezineko desberdintasun bihurtzen baita, eta kohesioa boterea duenaren iruzur. Saia gaitezen tresna horiek lortzen, eta konfronta ditzagun, orduan, proiektu eta ideia desberdinak, denon artean erabaki dezagun nolako Euskal Herria nahi dugun.

Aniztasunaz eta kohesioaz Aniztasunaz eta kohesioaz Aniztasunaz eta kohesioaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Aniztasunaz eta kohesioaz”-ri buruz

  • Euskara ez dute zentraltzat hartzen, ikuspuntu zientifikoa dela eta. Baina zer dela eta bai eman zentralitatea zazpi probintzietako jendarteari? Euskal hizkuntzan oinarritzea ez da zientifikoa, baina Euskal Herrian, lurrazal modura, bai? Hor ere aniztasun izugarria dago. Euskal Herria terminoa XVI. mendean erabili zen lehen aldiz, guk dakigula, eta horrek ez du bat egiten zazpi probintzien lurraldearekin. Hau lurraldea datuen bidez zehazte aldera.

    Nazio kontzeptua definitzeko bide amaigabean sartu gabe, beste horrenbeste gertatzen da teoria eta kontzeptuarekin. Lurraldeak berak, zergatik du zentralitatea hizkuntzaren gainetik? Gainera, gatazka iturri etengabea da, gatazka gehienak lurraren kontrolean oinarriturik baitaude.

    Akademiaren ikuspuntutik ere dudan jar daiteke ulerkera hau. Nazioaren euskarazko, frantsesezko, ingelesezko eta gaztelaniazko definizio gehienetan jatorria, historia, hizkuntza eta abar barneratzen da, lurraldearen gainetik. Are gehiago, ez dut hizkuntza aipatu ez baina lurraldea bai aipatzen duen definiziorik. Noski, hiztegi frantsesak alboratuta, zeinetan soberanitatea eta estatua duen populu bat bezala definitu ohi da. Eta hau ez da gure kasua ezta ere.

    Kezkatzen naiz ulerkera eta proposamen bat babesteko “akademia” eta “zientzia” gehiegi erabiltzen denean. Ez da besterik. Uka ezina da politikan ulerkera gehienak erabaki arbitrarioz josiak daudela, arrazoia eta metodo zientifikoa landu beharra dagoela, baina ez gara hortara iritsi inola ere.

  • Barkatuko didazue tonu aseptiko-agresiboa. Gaur egungo kontestuan proposamen egokia iruditzen zait Zabaloren eta Eusko Ikaskuntzaren bide hau. Zenbait estamentuk jarraitzeko modukoa izan daiteke, zer erremedio! Ez dakit baina gainontzeko euskal gizabanako irrelebanteoi zer ekartzen digun ordea. Soilik eskertuko nuke zientifismoa aipatu baino, zientifismoa aplikatzea; bestela, debatea desorekatzeko saiakera bat besterik ez da hala egitea, ez gaitezen eror zientifikoak vs azientifikoak dikotomia faltsuan.

  • Niri, egia esan, bost axola zaizkit Euskal Herriko erdaldunak, gure herria euskalduntzeko helburuarekin bat egiten ez duten neurrian behintzat. Horiekin ez dut nahi ez gizarterik osatu, ez (ber)adiskidetu, ez bizikidetzarik lortu, ez ezer. Espainiako edo Frantziako gainerako biztanleekin nahi ez dudan bezalaxe. Koexistentzia onartzen dut, ezinbestez eta behartuta, besterik ez, eta pentsatzen dut errespetua zor beharko geniokeela elkarri. Baina erdaldunek oro har ez gaituzte errespetatzen, eta, euskaldun naizen aldetik, etsai ditut gehienak.

    Laburbilduz, zentralitatea, niretzat, euskalduntasun aktiboan dago, ez Euskal Herri geografikoan, egia bada ere Euskal Herriaren lurraldeen barruan bakarrik (edo ia hor bakarrik) ahal ditudala gauzatu harremanak euskaldunekin, eta komunitateari eusten saiatu. Txinako lur eremu galdu batean egin ahal izango banu, hara joango nintzateke inolako duda barik. Suposatzen dut nirea ez dela oso ikuspuntu zientifikoa.

  • Ez nago ados Zabalok eta bere taldeak egiten duten planteamenduarekin. Baina tira, ez naiz akademikoa…

  • https://askatasunarenliga.eus/2018/03/21/korporatibismo-nazionala-iv-atala-euskalduntasun-berri-bat-xxi-mendeko-euskal-herrirako/

    Artikulu honetan jada berresten nuen nola edukiz hustua izaten ari zen euskaltasunaren zentzua. Sabino Aranaren garaian jatorriak, euskarak, bizimoduak eta erlijioak osatzen bazuten euskal nortasuna, gerora berau euskararen ezagutzara eta, asko jota, hala nolako sentimendu politiko batera izan zen murriztua. Guzti horren zergatia? Kantitatearen izenean kualitatea sakrifikatzea, hots, Espainiatik iritsiriko kolonoak euskaltasunera erakartzea euskaltasuna bera sakrifikatuz hein batean. Gaur bira bat gehiago eman nahi diote azkoinari, eta euskaltasuna edukiz hustu guztiz ahalik eta multzo indeterminatu horretara gehitu daitezen indigenokin batere zer ikusirik ez duten kolono etorri-berriak, printzipioz ezinezkoa den kohesio sakrosantu baten izenean. Bada, nik kontrako apustua egiten dut, jakinik ez dela agertokirik idealena, baina ziur aski hobe dela kantitatea kualitatearen alde sakrifikatzea, betiere euskaldunon biziraupena helburu.