Aniztasuna

Aniztasuna –

Aniztasuna

Ohitura onak ez galtzeko, asteburu hau gauza gustagarriak egiten igaro dut. Ricky Martinekin batera errateko, living la vida loca, zeren, bertze bati aditu diodan bezala, bizitza lau egun baitira, eta bat hilekoarekin pasatzen dugu. Bertzeak bertze, hezkuntza lege berria, LOMLOE izenekoa, ezagutzeko ikastaro bat egiten aritu naiz. Ikastaroko atal batean adierazi behar dugu, lege berrian, zer den, irakasle gisa, ilusioz betetzen gaituena. Galdegitea ere: ni, gobernua aldatzea bezain fite hezkuntzarako bertze lege bat prestatu eta, ondorioz, bertze ikastaro absurdo bat egitera behartuko gaituztela betetzen nau ilusio handiz.

Legeak inportantzia handia ematen dio dibertsitateari edo, haiek erraten duten bezala, aniztasunari. Aniztasuna goiti eta beheiti aritzen zaigu emazteki bat hainbat bideotan, behin ere zehaztu gabe, jakina, aniztasuna egoki lantzeko zer baliabide paratuko dituzten, edo baliabiderik batere paratuko duten, edo ratioak jautsiko ote dituzten. Kar, kar. Barkatu, irria nahi gabe eskapatu zait.

Aniztasuna hain garrantzitsua den ikastaro honetan, halere, ez dute irakasleen aniztasuna kontuan hartu. Ikastaroa ez dago ni bezalako Hizkuntza Eskoletako irakasleendako egokitua; ondorioz, klaseetan sekulan aplikatuko ez ditudan kontuei buruzko azalpenak edo sekulan izanen ez ditudan problemei buruzko teoriazioak aditzera behartua nago. Horrek ere, erran gabe doa, ilusioz betetzen nau. Baina batez ere zera da gehien-gehien gustatzen zaidana: ikustea aniztasuna aintzat hartzeko eskatzen digun legea azaltzeko ikastaroan ez dutela gure aniztasuna aintzat hartu. Neketan erakusten ahal da argiago gauzak nola egiten diren Hezkuntza Departamentuan.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko maiatzaren 30ekoa]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.