Anisakis

images-2.jpg
Oteizari ez zitzaion legatza hainbeste gustatzen. Esaten zuen: es el menos pez de todos los pescados y no sabe a casi nada. Nahiago zituen erreboilua, bisigua eta antzekoak. Gainera, iruditzen zitzaion legatza jaten zuena ez zela egiazko arrain zalea.
Zorionez gustu kontu hori oso norberarena da eta esango nuke gure etxean ia astero erosten dugula legatzen bat. Esaten dute primeran frijitzen dakigula eta saltsa berdetan jartzeko orduan ere ez gara geratzen oso atzean. Aitzitik, txapan erreta eta labean oso noizbehinka prestatzen dugu gurean.
Gauzak horrela, arrandegira joan nintzen lehengoan. Legatza eskatu nuen, amukoa, gainera, 18 eurotan zegoena, ospakizuna baikenuen lagun batzuekin etxean. Bestenaz arrastreko merkeagoa erabili ohi dugu, itxura onekoa bada, behintzat.
Arrandunari esan nion bi  aldeak ateratzeko eta azalik gabe jartzeko, oso osorik, neuk zatikatuko nuela etxean. Hala ba, hasi zen arranduna bere lanean eta halako batean kirurgia lanetan ikusi nuen legatzaren gainean. Aiztoaren muturrarekin zerbait kentzen ari zitzaion legatzari. Hezurrak izango zirela pentsatu nuen hasieran, baina, bai zera, zomorroak kentzen ari zitzaion. Halako batean esan zidan, hegalak ezin zirela salbatu eta braust! bota zituen zakarretara.
Lehenbiziko aldia zen halako gauza bat nire begien aurrean. Adinean gora goazen arren, sekula ez zait egokitu anisakisa. Eta arranduna normal-normal aurrera egiten ikusten nuenez, galdetu egin nion zer arrio egiten den halako kasuetan. Ez nekien zein izaten den halakoetan kontsumitzailearen portaera. Ez eta arrastorik ere.
Erantzun zidan ohikoa dela anisakisa agertzea legatzetan, batez ere amukoetan eta batez ere sabel aldeko geruzetan. Legatz hura niretzat prestatua zegoela eta eraman egin behar nuela etxera. Alergiadunik ez bada, ez dela ezer gertatzen eta beldur banintzen, izozteko prestatu aurretik eta kito.
Erantzun nion nola jakin litekeen norbait alergikoa ote den eta erantzun zidan janda gero ikusten dela hori. Izugarria iruditzen zitzaidala esan nion eta, gainera, tragedia iruditzen zitzaidala hainbeste ordaindutako amuko legatza izozten ibiltzea.
Ezetz esan nion, hazkurea eragiten zidala legatz hark eta jartzeko beste bat. Denak daudela horrela esan zidan eta beste bat ekarriz, sabelaldea erakutsi zidan: begira honek ere badauka.
Zomorrorik gabeko legatza nahi nuela esan nion, ez nuela eramango mamorroak dituen arrainik, ez, behintzat, jakinaren gainean egonda. Haserretu egin zitzaidan arranduna eta, azkenean, arrastreko bat erosi nion kontsolamendu gisan.
Paralelismo merke eta bihurri bat egin nahi nuke orain: iruditzen zait kurtso hasiera honetan, mamorroz betetako aukera politikoak ari zaizkigula eskaintzen bazter guztietan. Gaurgero dena dagoela kutsatuta eta mamorroak janda. Iada ez dela geratzen legatz garbirik politikan, edozein aldetara begiratuta ere. Eta nahitaez irentsi beharko dugula.
Hasier Etxeberria.  El Mundo 070908

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)