Angula jaleen mendekua

Angula jaleen mendekua –

Apirilaren 12an gure kide Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin epaituko dituzte Madrilgo Kontu Epaitegian. Zergatik? Errauskailua geratzera ausartzeagatik. PNVk ez du bere negozioa zalantzan jarri izana barkatzen, eta eskarmentu bat eman nahi du, haragiarekin kobratzen den zigor horietakoa, gainera; errauskailua herri-borondateak geratu bazuen, atrebentzia horren bidesaria hezur-haragizkoak diren Intxaurrandieta eta Errazkinek ordaintzea nahi baitute.

EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatzen egondako garaitik irakasgai asko atera ditugu, baina bada bat bereziki izugarria iruditzen zaiguna: botere ekonomikoaren interesak ukitzen dituzunean gogotik ordainarazi nahiko dizute. Irakasgai horren bi adibide argienak Bidegirena, Larraitz Ugarteren azalean, eta errauskailuarena izan dira.

EH Bildu ez da, beste alderdi batzuk bezala, instituzioetara establishmentaren lagun izatera joan. EH Bilduren helburua justizia sozialean oinarritutako eraldaketa burutzea da eta horretarako, politikari ustel, komunikabide handi eta eraikuntza- zein finantza-gizon ahalguztidunen aurrean, duen arma bakarra erabiliko du: herri-borondatea eta hartan sinesten duten gizon-emakumeen lana.

Errauskailuaren kasua horixe izan baita: inork nahi ez duen baina gutxi batzuentzat negozio itzela baino ez den azpiegitura gelditzeko adorea eduki izana. Eta ez izan zalantzarik, bide hori urratuta, EH Bilduk aurrera jarraituko du, energia, elikadura, ur, garraio, etxebizitza, hezkuntza, osasun edota beste edozein gaitan herritarren interesak defendatzen, Intxaurrandieta eta Errazkin kideek erakutsitako zuzentasuna partekatzen duten beste milaka zinegotzi zein herritarrok osatzen baitugu EH Bilduren proiektu politikoa. Horrexegatik, eskerrik asko egin duzuen lanagatik eta ez ahaztu milaka garela zuen atzean tinko!

.

Jone Etxeberria eta Haimar Altuna (Gipuzkoako SORTU)

.

Apirilaren 15ean, 12:30ean EH Bilduk Azpeitian antolatu duen elkartasun-ekitaldian izango gaituzue beste herritar askorekin batera.

Angula jaleen mendekua

Angula jaleen mendekua

2 pentsamendu “Angula jaleen mendekua”-ri buruz

  • Hara bestea! Sortzez garbia, SORTUko politikari profesional guztiak bezala jendartearen salbaziorako jaioak…sar ezazu buruan epaituko baldin badituzte eragindako kalte ekonomikoaren ondorioz besterik ez dela. BILDUk ez zuen Batzar Nagusietan gehiengo nahikorik eta matxitoarena egitea erabaki zuten (bide batez, enpresari batzuen poltsikorako 12 milioi euro bideratuz ezer ez egitearen ordainetan). Mandato popularrik beraz ez zen egon, hain zuzen ere, nahiz eta hauteskundeetan bozka gehien izan BILDUk ez zuelako gehiengo osorik Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Esate baterako, Catalunyan azken hauteskundeetan Ciudadanos-eri gertatzen zaion berdina…hauteskundeetan lehenengo geratu bai baina Parlamen-ean gehiengo nahikorik osatzeko nahikorik ez. SORTU edo EH BILDUko inork ontzat emango luke Ciudadanos-ekoek nahi dutena egitea Parlamen-aren gehiengoaren kontra? Ezetz esango genuke…Beraz, ez gaitzazue Gipuzkoarrak lelotzat hartu. Ez gaituzue gezurrekin engainatuko…interes ustel horiek guztiak inoiz existitu izan balira PNV-PSOE eta PPk, Batzar Nagusietan zuten gehiengo osoa baliatu besterik ez zuten Foru Aldundia euren kontrolpean izaten jarraitzeko…eta ez zuten egin PNV-k ez zuelako nahi izan. Beraz, humiltasun pixka bat eta egindako kaltea konpontzeko lanean hasi behingoz!

  • Ikaragarria da ezker abertzalearen zinismoa berari tokatzen zaionean berak besteei erruz egiteko momentuan.

    EAJko kargu publiko piloa sartu ditu ezker abertzaleak tribunaletan. Eneko Goia eta Markel Olano izan dira azkenetakoak, Bidegiko arazoa zela eta. Eta ikusi dugu zertan gelditu den hori guztia. Ezertan. Hori bai, diru publikoa erabiltzen dute egiteko.

    Hemen ordea erantzunkizuna argi dago, Iñaki Errazkinek eta Ainoa Intxaurrandietak Bilduren ordezkaritzapean konstruktorak indemnizatu zituzten ezerren truke eta Gipuzkoako gehiengoaren kontra. Miloiak galdu ditugu Gipuzkoarrek horrelako harrokeri batengatik. Baina orain bi horiek martiriak omen dira.

    Zenbat angula kaxa jan zitezkeen Errazkinek eta Intxaurrandietak egindakoaren arabera! Angula horiek ez ditu Jone Etxeberriak aipatuko, noski. Ezker abertzalearen aurpegi gogorraren adierazpena besterik ez da hau.