Ane Etxegoien Kantari Doa Sublimitate Aldera (Edo, Oroigarri Dendan Zer Edo Zer Erostea Da Inportanteena)

neuschwanstein turista

Turistak –turista gehienak– izaki lotsatiak dira: gainpopulatua dagoen espezie batean, espezieko ale bakarra izan nahiko lukete. Deusek ez du turista bat gehiago molestatzen, bertze turista batek baino: Florentzian izan ginen, baina turistaz betea zegoen; Bartzelona ederragoa litzateke, hain turistikoa ez balitz; gustura ibili ginen Londresen, baina baziren turistak nonahi. Turista –turista hutsa– izatea bertzeei gertatzen zaien zerbait da; turista gehienak, izatekotan, turista bainadunak dira: turista naiz, baina ez zait gustatzen betiko gauzak ikustea; turista naiz, baina ez pentsa, nahiko turista atipikoa naiz.

Benetakotasunean bilatzen dute zenbaitek salbazioa: hiri arrotz batean, auzo ahal bada xume batean jendea etxeko zapatilak jantzita ogia erostea joaten ikustea baina gauza zirraragarriagorik ez da turista ausartenendako. Bertze batzuek, kultura dute turistek osatzen duten tribuko parte izateko aitzakia: edertasuna, eta, posible den neurrian, edertasunaren gailurrak, edertasun sublimea –Mona Lisa, Van Gogh-en ekiloreak, orgasmo txikiak sentituz eta hasperen eginez ikusi behar diren artelan guziak–. Biek –autentikotasunak eta edertasun sublimeak– esploratzaile bihurtzen gaituzte, bizitzaren edo kulturaren esploratzaile; edo, bertzenaz erranda, turista anitzek izan nahiko luketen hori bihurtzen gaituzte, istant batez bada ere: bidaiari.

Turistak bezala, musikari franko ere –pop edo rock musikan dabiltzan musikari franko– lotsatiak dira; are gehiago, iduri luke beren ofizioaz ahalketzen direla eta, izan ere, bertze zerbait izan nahiko luketela. Turista ugariren kontzientzia txarraren gainean bidaiari izan nahi aitortu gabea flotatzen den bezala, orkestra klasiko batek lagunduta kantatu zutenekoa da egunik zoriontsuena abeslari anitzendako, haien karreraren tontorrera ailegatuak balira bezala. Metallicak, adibidez, San Franciscoko orkestra sinfonikoarekin jo zuen, eta Benito Lertxundik edo Ken Zazpik Euskadiko orkestrarekin egin dute kontzertu bana –oker ez banabil–. Sublimearen bila abiatzeko mementoa izaten da hori, abestien erritmoa mantsotzekoa –tira, Lertxundiren kasuan izan ezik–, baladei lehentasuna ematekoa.

Ni ere turista ibili naiz han-hemenka, eta noizbehinka ustez sublime diren artelanak ikustera joan naiz. Munichen, konparazio baterako, turistaz beteriko autobus batean sartu eta Neuschwanstein gazteluari bisita egin nion: bidean, gidariak datu jakingarriak ausarki eman zizkigun, baina batez era gaztigatu zigun oroigarri dendan, haren izena aipatuz gero, deskontua eginen zigutela. Gazteluan ederki pasatu nuen, izugarri gozatu nuen errege diotenez ero batek eraikiarazitako fantasia hartan, baina tarteka nire buruari galdegiten nion zein bihurgunetan nahasia zen txoferra, nola zitekeen sublime aldera abiatu izana eta, hondarrean, kitschera ailegatu izana. Oroigarri dendan ez nuen, halere, ja ere erosi.

Aurten, euskal kanta batek arrakasta handia izan du Frantzia aldean: Ane Etxegoienek Mikel Laboaren abesti bat hartu, hura koro arranditsu batez hornitu, Euskal Herriko kostaldeko irudi zoragarri batzuekin bideo bat osatu, eta Frantziako jendearen bihotza ebatsi omen du sublimearen –edo kitscharen– euskal bertsio horrekin. Egia errateko, Laboaren kanta bera ere kitsch bihurtua zen aspalditik –munduko kantarik ederrena ere kitsch bihurtzen baita, baldin eta nonahi eta noiznahi, mundu guziak, begiak malkotan eta bihotza pilpiraka, zeinen sakona, zeinen ederra eta zeinen hunkigarria den behin eta berriz erraten badu–, baina Etxegoienek pauso bat haratago eraman du prozesu hori: orain artio barne kontsumorako zen kitsch hori bisitatzeko bidaia antolatu du –herri baten adierazpen eder hunkigarri eta, batez ere, arrisku gabea delakoan–, eta, bidenabarkoan, entzuleei gogorarazi die inportantea dela oroigarri dendan zer edo zer erostea. Albiste onak turismorako, ez hain onak musikarako.

19. mendean, Prosper de Lagarde izeneko bidaiari bat –edo turista zen?– Euskal Herrira etorri zen. Lapurdin ibili zen batez ere: egia erran, etorri, haren hitzetan, Frantziako hegoaldera etorri zen, Parisko artifizialtasunetik ihesi eta hegoaldeko jatortasun eta benetakotasunaren bila. Euskaldunak ezagutu nahi zituen –“a zer plazera jende basa ezagutzeko aukera izatea, Frantziatik atera ere egin gabe!”–, eta, batez ere, euskara aditu nahi zuen, nahiz eta bazekien ez zuela deus ere ulertuko; edo, berak aitortzen zuen bezala, hain zuzen ere horregatik, tutik ere ulertuko ez zuelako aditu nahi zuen norbait euskaraz mintzatzen. Miraria Ziburuko eliza batean gertatu zen –alegia, leku sakratu batean izan zen misterioaren lekuko gure bidaiaria–, han harrapatu baitzuen apez bat haur talde bati doktrina irakasten. Eliza hartan, bi plazer izan zituen Lagardek: euskara garbian mintzatzen aditzekoa, eta mintzaira hartan deus ere ez ulertzekoa.

Sublimearen bidetik, itsas labarren gainetik hegal egiteko soinu-banda aproposa dela –Ane Etxegoienen bideoan bezala–, edo, benetakotasunaren bidetik, herri jator baten adierazpen ulertezina dela –Prosper de Lagarderen bidaia-kontakizunean bezala–, euskaldunak ikusgai turistiko-folkloriko bihurtzen dira begirada arrotz baten pean. Halere, bistan da, orain ez dugu kanpotik etorriko diren bidaiarien beharrik gure irudi koloniala osatzeko.

Lagarde bezala, ni ere berriki izan nintzen Ziburun, baina ez preseski elizan, ikastolan baizik. Ez nintzen joan naturaren ederra ikustera, ez nion erreparatu ea natiboak, etxeko bata jantzita, ogia erostera joaten ote ziren. Bertze batzuekin batera, euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzera joan nintzen. Ez dakit Ane Etxegoienen diskoak itzulpenik ote daraman –uste izatekoa da baietz–, baina naski alferrik da, susmoa baitut anitzen plazera dela, Lagarderena bezala, balio etnografikoko hizkuntza ezezagun exotiko zahar hori aditzea, tutik ere ulertu gabe. Eta ondoren, euskal hiztunei hegoak ebaki, gureak –erran nahi baita, frantsesak edo espainolak– izan daitezen.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

4 pentsamendu “Ane Etxegoien Kantari Doa Sublimitate Aldera (Edo, Oroigarri Dendan Zer Edo Zer Erostea Da Inportanteena)”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-12-17 13:06

    Artikulu ederra, Santi. Ez dakit zerikusi zuzenik duen zuk diozunarekin, baina Anne hori ikusi-entzun dudan guzti-guztietan zera etorri zait burura: ze frantsesa den!

    • Peru, agian berak edo Ipar Euskal Herriko beste edozeinek zu edo ni ikustean gauza bera pentsatuko du: ze espainola den!

  • Peru Dulantz 2014-12-17 13:19

    Ados, baina hori ez zait gertatzen Iparraldeko euskaldun guztiekin. Horrekin bai, ordea.

  • Bejondeizula Santi, zure artikuluak irakurtzea plazer bat da