Ander Barinaga-Rementeria: “Aktore gazte eta ez horren gazteentzat eskola izan da Goenkale”

Ander Barinaga

Beste hamaika euskal aktore bezala, Goenkaletik igarotakoa da Zuzeu-ko blogari ere baden Ander Barinaga Rementeria (Bilbo, 1992). Jokin, bere pertsonaia, “gaiztoa baino gaiztoagoa” bazen ere, nabaritu zuen jendeak Goenkaleko aktoreei ematen dieten berotasuna. Goenkaleri begira hazi den belaunaldikoa da, eta saioaren amaierak hutsune handia utziko duela uste du.

Zer izan da lehenengo bururatu zaizuna Goenkaleren amaieraren iragarpena entzutean? Espero zenuen halakorik?

Hemendik aurrera, jendea ez dela Goenkalerekin batera haziko. Askorentzat beti egon da hor. Ni behintzat, Goenkale ikusten hazi zen belaunaldikoa naiz. Telebista eskaintza horren zabala izanik, zaila da antenan horrenbeste urte betetzea. Goenkalek oso ondo jakin du ikuslea harrapatzen. Zoritxarrez kasu gehiegi egiten zaie ditxosozko audimetroei eta azken aldian gora-behera handiak egon dira. Halere, audientzia datu baxuagoak dituzten programa batzuk airean jarraitzen dute…

“Kasu gehiegi egiten zaie ditxosozko audimetroei eta azken aldian gora-behera handiak egon dira. Halere, audientzia datu baxuagoak dituzten programa batzuk airean jarraitzen dute…”

Zuretzat eta zure gisako beste aktore gazte askorentzat erakuslehioa edo eskola izan da Goenkale?

Aktore gazte eta ez horren gazteentzat dudarik gabe eskola izan da Goenkale eta ez aktoreentzat bakarrik, kamera atzean lan egin duten profesional askoren harrobia ere izan da. Sekuentzia piloa grabatzen dira egunean eta horrek azkar lan egiten erakusten dizu. Jendea harritu egingo litzateke hain denbora gutxian zenbat lan egiten den ikusita.

Oker ez banago zu ez zaude jada lan-taldean, baina beste asko bai, eta itxuraz, lanpostu berria topatu beharko dute. Hutsune handia da Goenkalek uzten duena?

Lanpostu galera progresiboa izan da azken urteetan. Atal gutxiago ekoitzi dira eta hauek gero eta laburragoak izan dira. Ni egon nintzenean adibidez, abuztuan hasi eta apirilera bitartean iraun zuen errodajeak, aurten aldiz, otsailean bukatuko dituzte grabaketak, oker ez banago. Ikus-entzunezko zein taula gainerako proposamen interesgarriak garatu beharko genituzke. Euskaratik eta euskaraz sortutako kalitatezko lanak. Hutsunea baina, handia izango da. Arraldetik pasatzea euskal aktorea izateko ezinbesteko betekizuna zela esaten zen txantxetan… ez dakit zer gertatuko den aurrerantzean… kar, kar, kar.

goenkale

Zer nabarmenduko zenuke Goenkalen: goraipamen eta kritika bana.

Goraipamena, marka dela horrenbeste urtean hain jarraitzaile komunitate sendoa eraiki (eta mantendu) izana. Jendearen berotasuna nabaria da, eta hori, Jokin, nire pertsonaia gaiztoa baino gaiztoagoa zela! Emakume batek ni hilda egoteaz pozten zela esan zidan egunean konturatu nintzen zein puntutararte bizi duen jendeak telesaila. Kritika… aukeran lan egiteko denbora gehiago balego emaitza hobea izango litzatekeela. Asko ikasi nuen, baina sekuentziak berrikusi eta hobeto egin nezakeela uste dut.

Eta zer eskatuko zenioke Goenkale ordezkatuko duen fikziozko lanari?

Hasteko, Goenkale ordezkatuko duen euskarazko fikziozko lan bat eskatuko nuke. Bestetik, telebista eredu txarrei beharrean, beste herrialde batzuetan egiten diren kalitatezko telesailei eta produkzio eredueri begiratu beharko genieke. Euskal Herriak duen izaera berezia dela eta erabiltzen ditugunak baino produkzio tresna gehiago daude. Gure txikitasunetik gauza handiak egin ditzakegu eta euskarak ez du zertan oztopo izan gure lanak kanpora exportatzerako orduan. Begira Loreak!

NIRE KONTRA ESANAK