Anaia Nagusiak pertsona bat kanporatu du, ETArekin txantxetan aritu delako

Anaia Nagusiak pertsona bat kanporatu du, ETArekin txantxetan aritu delako

Zabor-telebista besterik ez dela, ez duzula horretan denborarik galdu nahi. Bi minutu baino ez. Milioika pertsonentzat hil hala biziko saioa da, prime time-ko animalia: Gran Hermano. Eta, bai, lehiakide bat kanporatu egin dute ETArekin txantxa egin duelako.

Ez da bromarik ETArekin, AVTko sorginek eta arimek bizirik dirauten bitartean. Espainia ETAren gaiarekin ultrasentsiblea da. Kurioski Euskal Herria baino gehiago, urrutitik. Tragediaz bizi dute minbizia duen preso baten askatasuna. No ceder; Ez amore eman. Tolerancia cero, Zero tolerantzia. Hortik Gran Hermano arrakastatsuan gertatutakoa: partaide bat kaleratu dute “egon nintzen azken manifestazioa ETA itzultzeko eskatzen zuena izan zen” txantxetan esatearren.  Txantxetan, eta barkamena eskatuz. Argi, to zoru etikoa, to ikasgaia, to zigorra. ETArekin txantxik ez. Inoiz ez publikoki. Zuek, milioika ikus-entzuleok: abisatuta zaudete. Anaia Nagusiak ez luke hobeto egingo.

“GERRA DA BAKEA, ASKATASUNA DA ESKLABOTZA eta EZJAKINTASUNA DA INDARRA” (Aldierdiaren leloak)

Naziak dira alemaniarrentzat ETAkoak espainiarrentzat direna, ez da merkeroko konparaketa. Ez da gehiegikeria, benetan gertatzen ari da, urrutira joan gabe aste honetako TeleMadrid-en erreportaje hau adibide. Alemaniako Big Brother saiotik lehiakide bat bota zuten esbastikaren tatuajea zuelako. Gaizkia da ETA. Etsaia da ETA. Mehatxua da ETA. Orwellen 1984ko Emmanuel Goldstein da. ETA existitu ez balitz asmatu egingo zuten. ETAren aurka denak balio du, guztiak. Horregatik, dena erabili behar denean, cargar con todo ETA agertzen da. Helburua beti maltzurra, baina berdin etxegabetzeen aurkako plataformak kriminalizatu edo telebista audientziak igo. ETArena aitzakia perfektua da. Batzuk haserretuko dira, baina pasako zaie. Con ETA no se bromea. Gainontzekoarekin, arrazismoa, sexismoa… hori adierazpen askatasuna da hermano. Izatekotan akats bat besterik ez, istripu bat.

Anaia Nagusiak pertsona bat kanporatu du, ETArekin txantxetan aritu delako

Trauma da. Obsesioa. Emozioz eta arrazoi gabe bizi den fenomenoa. Badu errealitatetik, ehunka hildako, eta badu mitotik. Gran Hermanotik kanporatua ETArekin broma bat egitearren.  Zer gertatu da Espainian? Ez gara benetan ohartzen zer den ETA Espainiako irudimen kolektiboan. Ez dugu onartu nahi zer ondorio dituen pertzeptzio horrek bakegintzan. Ideien mundua edozein itsasontzi baino motelago biratzen dela, edozein elefante baino gaitzago mugitu.

Luzerako dugu ETA. Bizirik nahi dute, funtzio aparta betetzen duelako.Anaia Nagusiak pertsona bat kanporatu du, ETArekin txantxetan aritu delako

Anaia Nagusiak pertsona bat kanporatu du, ETArekin txantxetan aritu delako

 

 

9 pentsamendu “Anaia Nagusiak pertsona bat kanporatu du, ETArekin txantxetan aritu delako”-ri buruz

  • Anaia Nagusia da, eta ez Anaia Handia, Orwellen 1984 liburuko erreferentzia hori euskaraz. Gainerakoan, ados: ETA bizirik nahi dute, benetan larriak diren arazoetatik arreta mamu horretarantz desbideratzeko (ETA mamutzarra baita, Espainiako irudimen kolektiboan).

    • Joseba Uria 2013-05-03 13:02

      Sentitzen dut akatsa, Xabier. Euskaraz irakurrita nuen, baina ihes egin dit. Zuzenduta

  • Bikietako batek erran zun, Marta del Castillo baino galduago zabiltza, edo ni Gay? Nahiago dut hilda egotea.
    Komentario arrazistak, homofoboak….eginen dituzte,beraien artean oldartzen dira ia eskuetara helduz, bainan Euskaldun bat horrelako txantxa bat egin eta kaleratzen dute… Niri ondo etorri zait, etxean boikota egin diotelako.

  • Fermin Galparsoro 2013-05-03 14:48

    Nik ez dakit ETA bizirik nahi daben, baina argi dauakadana da Euskal Herria hilik nahi dabela. Eta helburu hori argi eukita egiten dabez, egiten dabezan ekintza guztiak. Banderak, egunkaria, kartzelarapenak, torturak… Desagerrazi nahi daben herri bati bidaltzen jakozan “kontuz zertan zabiltzaten” adieratzen daben mezuak dira horiek danak.
    Eta bitartean herri honen “gidari” beharko luketenak, etsaiari mesedez konfliktoan parte hartu dagiala eskatzen. Parte hartu dagiala? Barruraino sartuta dagoz ta!

  • Iker Sumendiaga 2013-05-03 15:06

    Ederra idatzia. Estatu guztiek bilatu ohi dute beraien etsaia beraien gehiegikeria guztiak justifikatzeko. Bota duzun esaldi horrekin (“ETA existitu ez balitz asmatu egingo lukete”) bete betean asmatu duzu.
    Anekdotatik kanpo (Gran Hermanon pasatzen dena anekdota besterik ez da niretzat), estatuek nahi dutena egin ahal izateko etsaia sortzea ekiditeko guk zer egin dezakegun galdetzen diot buruari. Indarkeria defentsa politiko moduan erabiltzea baztertu eta indarkeriarik gabeko borroka bideak bakarrik hartzen baditugu zilegitzat, hemendik aurrerako benetako lan politikoa kriminalizazioa ekidin eta debatea ez desitxuratzea izango da.
    Eta uste dut estatua oso oso biolento jarriko dela datozen urteetan eta hamarkadetan. Borroka ideologikoan eremua galtzen joango dela ikusiko duelako. Badakielako argudioekin ez daukala inolaz ere irabazterik. Kartzelan sartzeko delituak ez du bortizkeria erabili izana izan beharko (jada gertatzen ari dena).
    EH-n dena da ETA, EEBB-etan dena Al-Kaeda den bezala.

    • Fermin Galparsoro 2013-05-03 16:53

      Estatuaren (Bide batez zein estatu? Munduan asko dagoz) biolentzia onartzen dogu, baina gero bolentzia ez dogu zilegitzat ikusten borroka politikoa egiteko, azkenaldian, herri honetan dantzan dabilen absurdoa.
      Hemenik aurrera, lehen eta gaur, egin daiteken benetako lan politiko bakarra euskal herriaren askatasuna berreskuratzea da. Aske ez dan herri batek ezin dau zaborra kudeatzen denboraik galdu. Bueno, egin egin daike, Gipuzkoara begiratzea baino ez dago, baina bide horrek ez dau herri zapaldua askatasunera eroango.

      • Iker Sumendiaga 2013-05-04 10:32

        “Aske ez dan herri batek ezin dau zaborra kudeatzen denboraik galdu”??
        Politika herriaren independentzia/autodeterminazioa lortzea besterik ez da?
        Txorakeriak

        • 1- Ez. Ezin dugu galdu.
          2- Bai.
          Txorakeriak aparte utzi mesedez.

  • Jesus Mari Intxauspe 2013-05-03 15:18

    Anaia Nagusia saio horretan gertatu denak, edo Espainiatik datorkigun politikagintza orohar, egoera bere horretan usteldu nahi dutenen sintomatzat har daiteke: iraganaren nostalgia. Niri atentzioa artikuluko esaldi honek eman dit: “Naziak dira alemaniarrentzat ETAkoak espainiarrentzat direna”. Hala izango da, baina kontuz! Badira espainiarrentzat ez ezik euskaldunontzat ere kontuak argi utzi nahi dituztenak, inor tronpatu ez dadin. Borondaterik onenarekin ziuraski, baina Jaspers bezalako autore bat nahierara manipulatuz, naziak eta abertzaletasuna nahasten ditu bere aletxo ustez-ilustratuan:

    <<ERANTZUNKIZUN POLITIKOA . Jon Sudupe

    Garai berri bat hastera goaz. Hemen ere «kristal hautsien gau» luzea bizi izan dugu. Gure iragan hurbilari kritikoki begiratzeko sasoia da orain. Zer gertatu zaigu azken urteotan? Zergatik gailendu da indarkeria? Errudunak al gara euskaldunak?

    1945-46ko neguan, Heidelbergeko Unibertsitatean ikasgai batzuk eman zituen Karl Jaspersek «Erruaren arazoa eta Alemaniaren erantzukizun politikoaz». Bera izan zen alemaniarren erruduntasuna sakonki aztertu zuen lehena (ik. Erruaren arazoa, Paidós, Bartzelona, 1998). Guretzat ere oso baliagarriak gertatzen dira sendagile eta psikiatra alemaniarraren gogoeta sakonak.

    Erru kriminala, erru metafisikoa, erru morala eta erru politikoa bereizi zituen Jaspersek. Eta zehazki aztertu zuen mota bakoitza. Erru kriminala indibiduo bakoitzaren erantzukizuna da: justizia arduratzen da hura epaitzeaz. Jaspersek uko egin zion erruduntasun kolektiboaren ideiari: gizabanakoak soilik dira errudun. Erru morala ere ez dago mundu honetako tribunalen mende: damu pertsonala eskatzen du.

    Erantzun politikoa, berriz, krimen horien kontra ezer egin ez duten gizaki guztiena da. Estatu kriminal baten erru politikoaren erantzule Estatu horretako herritar guztiak dira. Hannah Arendtek bezala, herritarren konplizitatea nabarmendu zuen Jaspersek: «Gure lagun juduak deportatu zituztenean, ez ginen kalera atera, ez genuen garrasi egin hil gintuzten arte».

    Erregimen totalitarioek herritarren onespena izan ohi dute. Juduen genozidioa ez zen munstro anker eta ero batzuen aparteko egintza izan, hiritar arrunt lana baizik.

    Zergatik giza bizitzarekiko mesprezu hain erabatekoa? Funtsean erantzun bat besterik ez dago: gizakia ez da aintzat hartua izan. Galdu egin da gizatasuna. Kanten inperatibo kategorikoari jarraituz, gizakia helburudun pertsonatzat hartu beharrean, tresna eta bitarteko soil moduan erabilia izan da. Ideia abstraktu batzuen izenean, giza duintasuna zapuztua izan da. Ideologia zurrunek katastrofe ezin handiagoak eragin dituzte XX. mendean.

    «Auschwitzeko gertakaria» ez da akzidente hutsa Alemaniako historian. Jaspersen iritzian, nazionalismo germaniarraren azken agerpena baino ez da nazionalsozialismoa. Hitlerrekin kriminal bilakatu da nazionalismo hori. Alemaniak ezin du, hortaz, nazionalsozialismoaren orria pasatu ezer gertatu ez balitz bezala. Espiritualki birjaio nahi badu, iraganeko hutsegiteen ondorioak atera behar ditu. Horra hor Jaspersen mezua laburki adierazita: «Ausartu zaitez erantzule izatera!».

    Etikoki xuxen atzeman zuen Jaspers argiak -Kanten egiazko oinordekoa, H. Arendten esanean- Holokaustoaren esanahi orokorra: Hirugarren Reicheko alemaniarrei ez ezik, gizateria osoari ere badagokio haren erantzukizun metafisikoa.

    Aldeak alde, gurean ere ekintzarik basenak burutu dira aberriaren izenean. Hemen ez da Holokaustorik gertatu, baina mehatxatuak, pertsegituak eta fisikoki ezabatuak izan dira disidente politikoak. Indarkeriazko urte hauek, hartara, krisi nabaria sortu dute gure gizartean: gizatasunaren galera, balore moralen gainbehera, giza eskubideen urraketa… Harrezkero, guztiok gara errudun, Jaspersek aipaturiko erruduntasun politikoaren zentzuan, behinik behin.

    Indarkeriaren aurrean itsuak izan gara luzaroan. Askotan beste aldera begiratu izan dugu. Ez dugu basakeria gaitzetsi. Batzuek toleratu eta besteek ontzat eman dugu. Dena zilegi zelakoan geunden, politikan eta etikan mugarik ez balego bezala.

    Nabariak dira indarkeriak eragindako ondorioak euskal identitatean. Euskaltasun modu bakarra ezarri zaigu, euskaltasun etnikoa. Nazionalismoaren pentsamendu bakarra nagusitu da gurean, hainbat euskaltzale barne exiliora bultzatu dituena. Hortik dator «euskalduna izatearen zailtasuna».

    Auschwitzen ondoren posible ote den poesia, galdetu zuen Adornok. Era berean galde dezakegu guk ere ea posible den abertzaletasuna ETAren ondoren. Urte beltz hauetan izan dugun erantzukizuna aitortu eta geure gain hartu beharra daukagu euskaldunok. Horregatik da garrantzitsua gure historiako urte ilun hauen azterketa kritikoa, hitzaren berreskurapena, biktimen testimonioa…

    Norberaren autonomia eta giza duintasuna urratzen dituzten mesianismo politiko guztiei uko egin eta arrazoiaren bidera itzuli behar zela adierazi zuen Jaspersek.

    Muturreko nazionalismoa berriro gailendu ez dadin, abertzaletasun kosmopolita bat behar dugu.

    Iraganeko hutsegiteetatik ikasi egin daiteke. Honek izan behar du aurrerantzean gure inperatibo kategorikoa: Gehiago ez!>>

    Antidotoa behar duenak irakur beza Joxe Azurmendiren “Bakearen inguruko diskurtsoaren jasangaitza” artikulua, “Barkamena, kondena, tortura” (2012, Elkar) liburuan dator.