Ana Goitia: “Egunero janzten duguna dendetan dago, ez pasareletan”

Ana Goitia: “Egunero janzten duguna dendetan dago, ez pasareletan”Euskal Herriko moda blogaririk jarraituenetakoa da Ana Goitia (1981) lekeitiarra. ‘Personal shopper’ lanetan ere aritua, Annuik.com on-line denda ireki du;
berak diseinatutako arropak saltzen ditu.

Oraintsu arte moda aldizkariek ezartzen zuten denboraldi bakoitzean zer zegoen boladan; modeloek jantzi, jendeak desiatu. Azken urteetan, baina, norbere burua erakusleihoan jartzen duten egoblogariak dira irakurleen konfiantza irabazi dutenak; kaleko jendea, irakurleen ispilu.

Gurean ere badugu naturaltasuna lagun jendearen oniritzia jaso duen blogaririk; Ana Goitia da horien artean gehien nabarmendu denetako bat. Hamaika Telebistako Bi Fashion saioan ezagutuko zuten batzuk, edo Euskadi Irratiko Amarauna saioan entzun, baina El rincón de Anatxu bloga da berea duen txokoa. Tendentziak bideratzen dituzten iritzi sortzaileen artean lekua egitea lortu du, Euskal Herrian zein hemendik kanpo. Eta Carolina Bang, Vicky Martín Berrocal edota Ana Morgaderekin El País egunkariaren SModa aldizkarirako argazkiak ateratzera, adibidez, Madrilera joan den arren, bizileku duen Lekeition hartu gaitu.

Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Argazkiak: Galder Izagirre

 

Nola sortu zenuen ‘El rincón de Anatxu’ bloga?
Duela sei bat urte izan zen. Durangoko Irratian nenbilen lanean, eta eguerditan libre nuen tartean, ezer egin gabe egon beharrean, eta moda asko gustatzen zaidanez, zerbait idazten hastea erabaki nuen. Jendea iruzkinak idazten hasi zenean konturatu nintzen bazituela blogak irakurleak, eta ni ere antzerako blogak ezagutzen eta haietan iruzkinak uzten hasi nintzen. Lehen asko egiten zen hori: “Nik zuri iruzkina egin, eta zuk niri”. Orduan konturatu nintzen blogosfera bat zegoela modaren inguruan.

Zer lantzen zenuen hasiera hartan?
Erosten nituen arropez berba egiten nuen, edo estilo jakin bati buruz. Testu asko idazten nuen eta argazki gutxi sartu. Denborarekin ikusi nuen beste blogari batzuk euren argazkiak jartzen zituztela arropak erakusteko. Baina nik ez nuen inondik inora halakorik egiteko asmorik, ezta zoratuta ere! Baina nire irakurleak argazkiak jartzeko eskatzen hasi zitzaizkidan, arropak ikusten zituztelako, baina niri nola geratzen zitzaizkidan ez. “Zergatik ez?”, pentsatu nuen.

Ana Goitia: “Egunero janzten duguna dendetan dago, ez pasareletan”Kazetari lana utzi eta blogari profesional izatea burutik pasa zitzaizun?
Ez, ez, ezta pentsatu ere. Gainera, hasieran ez nuen inondik inora blogean publizitaterik sartu nahi, eta eskaintzak jaso arren ezetz esaten nuen. Denborarekin, ordea, konturatzen zara zure nortasunarekin bat datozen markekin lan egiteak ez duela ezer txarrik. Hori bai, jarraitzaileek gardena izatea eskatzen dute, eta beraz, publizitatea egiten badut, argi esaten dut: “hau ordaindutako post bat da”. Horretarako badago gaztelaniaz Código de confianza (codigoconfianza.com) izeneko kode sistema bat, markarekin izan duzun harremana argi eta garbi adierazteko balio duena. Jendeak gardentasun hori eskertzen du. Hala ere, adibidez, M tailara arteko arropak egiten dituen marka baten publizitaterik ez dut inoiz onartuko, nahiz eta poltsa baten publizitatea izan, niretzako moduko arroparik ez dute egiten eta.

Edozein izan daiteke moda blogari?
Ni ezer jakin gabe hasi nintzen, gustuko nuelako. Eta gaur egun ere, ez ditut goitik behera kontrolatzen munduko moda desfileak. Sarritan blogarioi horixe aurpegiratzen digute: “zuk ez duzu desfileetaz ideiarik ere!”. Ba ez, baina moda ez dira soilik pasarelak! Agian, pertsona horrek baino hobeto dakit dendetan zer dagoen, eta egunero janzten dugun hori dendetan dago, ez pasareletan.

Zergatik izan dute azken urteetan moda blogek hainbesteko jarraipena?
Nire ustez, arrakastaren giltza da jendeak bera bezalako jende normala ikusten duela. Kalean egunero bizi duguna erakusten dugun pertsona arruntak garenez, jendea identifikatuta sentitzen da. Nire kasuan, adibidez, jendeak pentsatzen du: “Neska honek arropa horiek jantzi baditzake, nik zergatik ez?”. Taila handiko neska bat ikusten dute, estiloa gustatzen zaie eta arropa horiek non eros daitezkeen galdetzen didate. Denborarekin konturatu naiz jende askori lagundu diodala, eta ez neska lodiei bakarrik, argalei ere bai, edonolakoei.

Bide horretatik, ‘personal shopper’ moduan ere aritzen zara.
Ikusten nuen blogean jende askok aholkuak eskatzen zizkidala: “ezkontza bat dut eta ez dakit zer jarri…” edo “horrelako gorputza dut; zer doakit hobeto?”, galdetzen zidaten. Hasieran g
ustu handiz erantzuten nien guztiei, baina eskaerak gehiegi izatera pasa zirenean La Belle Vie sortu genuen Meri bazkideak eta biok. Irudi aholkularitza zerbitzua eskaintzen dugu, eta ezkontzak antolatu. Baita despedidak ere! Adibidez, Bilboko denda baten egon izan naiz emaztekien aholkularitza zerbitzua eskaintzen. Hasi ginenean gutxi batzuk ginen, baina orain milaka wedding planner daude!

Blog bat, gaur egun, arrakastatsua izan daiteke sare sozialak baliatu gabe?
Blog bat zein negozio bat baldin badaukazu, baita denda fisikoa bada ere, sare sozialak ezinbestekoak dira. Instagramen kasua argigarria da. Badira blogari batzuk euren bloga itxi eta guztia Instagramen bitartez egiten hasi direnak, argazkiak baliatuz. Hala ere, sare sozialek badute gauza oso-oso txar bat: jarraitzaileak erosi egiten dira. Argazkietako Atsegin dut kopurua erosi egin daiteke! Jarraitzaileak erosten ez ditugunontzako hori oso kaltegarria da. Egin duzun lanaren fruituz hainbat jarraitzaile lortzen dituzu, hasiberri batek horiek baino gehiago erosten ditu, eta markak beregana doaz.

Ana Goitia: “Egunero janzten duguna dendetan dago, ez pasareletan”Baina publizitate hori ez da errentagarria.
Noski ezetz. Ordaindutako post hori ez du adierazitako jarraitzaile kopuruak irakurriko, faltsuak dira eta. Hala ere, lehen errazagoa zen jarraitzaile faltsuak identifikatzea, baina orain izen-abizendun pertsonei ordaintzen diete jarraitzaile izateagatik, eta beraz, zailagoa da. Alde horretatik, sare sozialen kontua eskuetatik joaten ari zaigu, eta zerbait egin beharra dugu. Noski, komunikazio agentzia serioetako profesionalek badakite norenak diren benetakoak eta norenak ez, baina zoritxarrez agentzien %90a ez da enteratzen…

Zuk Twitterren ia 10.000 jarraitzaile dituzu.
Bai, eta Twitterretik bisita asko sartzen dira blogera. Hala ere, garrantzitsuena ez da kantitatea, kalitatea baizik. Facebooken 5.000 jarraitzaile ditut, erdia, baina askoz harreman estuagoa dut jarraitzaileekin eta informazio gehiago elkartrukatzen dugu. Milaka jarraitzaile izan ditzakezu, baina ez badizute kasurik egiten, ez du ezertarako balio.

 

Elkarrizketa osoa irakurtzeko eta argazki ikusgarriekin gozatzeko, egin klik!: gaztezulo.com-en.

Ana Goitia

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Zer duzu buruan “Ana Goitia: “Egunero janzten duguna dendetan dago, ez pasareletan””-ri buruz