Amezketako ijitoak

Bertsolariak teilatutik hasten omen dira etxea egiten. Metodo hori, halere, ez dute haiek asmatu, unibertsala baita. Izan ere, zeruan bermatzen diren eskailerak sortzea gizon-emakumeen dohaina da.

“Obra batek hasieratik huts egiten du, lehenengo esaldia idatzita ez badago azkeneko zirrara eragiteko asmoz. Konposizio osoan ezin da irrits hitz bat ere zeina ez den zuzenduta aurrez pentsatutako asmoa betetzera.”
Aurreko testua ez du Amurizak edo bertsolari batek idatzi, Baudelairek baizik (E. A. Poeri buruzko obra batean). “Dekadentziaren” poeta, bolizko dorre batean bizi omen zena eta edertasuna baino bilatzen ez zuena, herrian erroturiko bertsolari “zarpailekin” bat dator. Ez da harritzekoa, ofizio bera baitute: zeruan bermatzen diren eskailerak sortzeko ofizioa.
Baudelairek bere poetika ea betetzen zuen egiaztatzeko asmoz, ausaz poema bat aukeratu dut: Bohémiens en voyage (Ijitoak bidaian) — Les Fleurs du Mal, XIII. (Gaizkiaren Loreak) — .Hona hemen lehenengo bertsoa:

La tribu prophétique aux prunelles ardentes (Begi-nini kartsuetako tribu profetikoa).

Ijitoak, tribu profetikoa? Termino hori juduei erantsi ohi diegu, ez ijitoei. Profetak Jainkoaren mezulariak omen dira, eta ijitoek, berez, ez zuten sinesten inolako jainkorengan. Profetak liburu sakratuekin loturik daude, eta ijitoek, berez, ez dute inolako liburu sakraturik. Non dago haien profezia? Zertan datza?
Poetak ijitoen begi-nini kartsuak (prunelles ardentes) nabarmentzen ditu. Nork ez ditu ezagutzen begi-nini sutsu eta misteriotsu horiek? Labana batek bezala zulatu eta beste mundu batean ametsarazten gaituzten begi-nini sutsu horiek, nor ez dute inarrosi? Mehatxagarriak, batzuentzat; liluragarriak, besteentzat. Arrotzak, guztientzat. Izan ere, Ijitoak dira gure benetako “Bestea”; etorkin guztien iragarpena eta irudia.
Ze mundu ilun eta misteriotsutik dator beldurtzen eta, halaber, liluratzen gaituen begirada hori? Zein da begirada horrek iragartzen duen mundu arrotza? Zergatik izutzen eta, aldi berean, itxaropenez betetzen gaitu mundu horrek? Galdera horiek lehenengo bertsoan, trinkotasun osoz, agertzen dira. Erantzuna — poeman barrena atondua — azken bertsoetan aurkitzen dugu:

“Devant ces voyageurs, pour lesquels est ouvert
L’empire familier des ténèbres futures.”
Bidaiaria hauen aurrean, zeinentzat irekita den
Etorkizuneko ilunpeen inperio ezaguna.

Lehenengo bertsoan iragartzen zen espiritu profetikoa etorkizuna iragartzeko dohainari loturik ei dago. Eskuen bidez etorkizuna iragartzen duen emakume — zahar eta itsusi — baten irudia burura etorriko zaigu agian. Gutxiespen irudi arrunt horren atzealdean, halere, herri ibiltari horren egiazko dohain profetikoa antzeman daiteke. Besteei itxita dagoen etorkizuna ezaguna da haientzat. Ilunpeen inperioa, besteentzat arrotza eta ezezaguna den inperioa, haientzat familiarra eta ezaguna da. Gure zaborraren artean bizi dira ijitoak, gure zikinkeriarekin kutsatu gabe. Gure aberastasunaren distirak ez du haien begirada sutsua eta zorrotza lausotzen. Ez diote gure indarkeriari beldurrik eta ez dira gure boterearen aurrean makurtzen. Izuak itsuturik gabe, ilunpeen inperioan zehar trebetasunez ibiltzen dira, eta besteentzat estalita dagoen etorkizunaren sekretua haiei errebelatzen zaie.

Larrutik ordaindu behar dute dohain hori, hala ere. Herri madarikatua da herri ibiltari hau. Baztertua, jazarria, gorrotatua. Juduen baztertzea, gaur dakigunez, behin behinekoa zen (baztertuak izatetik baztertzaileak izatera pasa dira, hain zuzen); ijitoena, berriz, betikoa. Baina, zein da ilunpeen zehar igartzen duten etorkizuna? Zein da ijitoek igartzen duten sekretua? “Badago beste mundu bat”, iragartzen dute ijitoek. “Estatuen mugetatik harantzago, badago beste mundu bat! Jabetzaren harresietatik harantzago, badago beste mundu bat! Morrontzaren uztarritik harantzago, badago beste mundu bat!”, hori da herri ibiltari honek errebelatzen digun etorkin ezkutua. Horregatik haien begi kartsuek izutzen gaituzte; horregatik  itxaropenez ere betetzen. Horregatik mundu ezagun hau defendatzen dutenek — triste eta miserablea izan arren — herri ibiltari hau desagerrarazi nahi dute. “Lapurrak, zikinak, basatiak, hiltzaileak dira. Ez dituzte arauak errespetatzen. Ez dute onartzen inolako asimilaziorik”, diote. Haien desagerpenak, halere, gizon-emakume guztien desagerpena iragartzen du. Mundu bat non ez dagoen lekurik ijitoentzat itxaropenik gabeko mundua da; zinezko jairik gabe geratuko den zorigaiztoko mundua.

Amezketako ijitoak gabon zaharrean ezagutu nituen. Bi leinutako dira Amezketako ijitoak: ilebeltzak eta ilehoriak; batzuek eta besteak “aux prunelles ardentes”. Labankadez josita bukatu zuen nire mamu oihalak gabon zahar miragarri hartan. Labankada bakoitzak hasperen bat sorrarazten zidan: badago beste mundu bat! Egunsentian nire mamu oihalak “doloreetako ama birjina” zirudien. Zaurien aho bakoitzak xuxurlatzen zuen: badago beste mundu bat! Badago beste mundu bat! Euskal gorputza eskuratzen nuela amets ere egin nuen. Esnatzerakoan argialdi hau izan nuen: bertsolaritza — Fernandok asmatutako bertsolaritza, alegia —, euskaldunen eta ijitoen arteko gurutzatzeak sortu zuela.

[Lehenengo bi argazkiak  “Ijitoak dantzan” gunetik hartutakoak dira. Hor agertzen diren bideoak harritzeko modukoak dira. Badugu zer ikasia euskaldunok! Bideo horiek ikusi ondoren, ijitoek dantza egiten ere erakutsi zigutela susma daiteke.  Jaiaren herria da, dudarik gabe, ijitoen herria].

FILOSOFO OHIA