Amets egin nahi dut

Orri zuri baten aurrean guztiok sentitu dugu izua. Hutsa betetzeke dagoenean, zer esan ez dakigula gabiltzanok hizki salda hau nola bihurtu entrenigarri baino, ez dugu buruan. Daitort, zaila zait beti asmatzea, izan ere, kazetari eta idazle finekin alderatuta, hanka sartu duen gazte baten burutazio hutsal eta zoroak nork irakurriko pentsatzeak izu eszenikoa eragiten dit. Ez naiz atzera kanonetik aterako, zer gerta ere.

Hemen nago. Espazio hutsa hizkiez betetzen dudalarik, zer esan ez dakidala. Trebeago banintz, hitz-jarioaz baliatuta istorio miresgarriak sortuko nituzke. Osterantzean, gai bati helduta hautsak harrotuko lituzkeen iritzi artikulu polemikoa izkiriatuko nuke, irakurleok horren gainean hausnar dezazuen. Euskara jatorrean, gainera. Amama pozik egoteko moduko artikulu bat izango litzateke, alajaina! Gurasoak nitaz harro egoteko lain, behintzat.

Daitort, idazle frustratua naiz; olerkari, hain justu. Terapeutikoa zait lau ideia paper batean paratzea, barrenak hustuko ditudalakoan edo ekarpen interesgarria gerta daitekelakoan. Gero, irakurleok aukeratuko duzue ni irakurri ala baztertu; zuok baitzarete merkuatuaren esku ikustezinaren islada. Neronek gauza bat baino ez dizuet eskatzen: nahi baduzue ez nazazue irakurri, baina utzidazue idazten.

 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.