Amets bat: ETAren desarmea

1319139854723

Apirilaren 20a,  Aberri eguna. Bilbon nago. Aberri egun berezia, historikoa. Hiria, jendez gainezka, lehertzear dago. Zurrumurru hau zabaldu da: ETAk erabateko desarmea iragarriko du. Armak herriari emango omen dizkio. Festa giroa dago. Bozkarioz beterik, uholde baketsu bat bezala, jendea Udaletxerantz abiatzen da. Ezin dut ETAren komunikatua ondo entzun. Herriaren soinuak, baxu jarraituaren modura, komunikatua eratzen eta girotzen du. Hondoko soinu horren gainean presoen kantua entzuten da: Amnistia! Barkamenaren melodia ere bai: barkamen iraultzailearena, hain zuzen. Borroka danborrak ere ez dira falta. Independentziaren eta euskararen alde lan egitera gonbidatzen gaituzte. Bukatzeko, biktima guztiengatik isiltasun minutu bat eskatzen dute. Eta amaieran, biktima guztiengatiko errespetu-txaloen artean, Mikel Laboaren ahotsa altxatzen da: Hegoak ebaki banizkio…

Amets bat izan da.

AIETE.

ETAk behin betiko armak utzi nahi ditu — horretaz ez dut zalantzarik —, baina ez du aurkitzen armak uzteko biderik. Zergatik? Armak uztearekin batera,  bere ondare iraultzailearen hartzaile egoki bat aurkitu behar duelako. Zein den ondare hori? Presoak, alde batetik, eta independentzia eta euskara, bestetik. Nor izan liteke hartzaile egoki hori?

Aieteko prozesua izan da armak uzteko lehenengo pausoa. Oso pauso garrantzitsua izan arren, ez du desarmea ekarriko. Halere, prozesu horri esker bi gauza ikasi ditugu. Lehenik, alde bakarreko estrategia; hau da, gure helburuak lortzeko, funtsezko bermea gu geu baino ez garela. Bigarrenik, Estatu espainola eta frantsesa Estatu totalitarioak direla (“totalitario” hitza, gero azalduko dudanez, zentzu hertsian erabiltzen dut).

Oztopoak oztopo eta mugak muga, Aieteko prozesua irekita utzi behar da, noizbait nahitaez Estatu horiek negoziatzera behartuta egongo dira eta.

AJURIA ENEA.

Ez ditut politikaren zirrikituak batere ezagutzen, baina beste prozesu bat irekitzen ari delakoan nago, eusko jaurlaritzarekin, hain zuzen. Lizarra-Garaziko bigarren edizioa litzateke. Berri ona izan liteke. Izan ere, EAJrekin aliantza sendoa — eta zintzoa!, euskaldunon erara — ezinbestekoa da, bai, independentziaren eta euskararen alde borrokatzeko, bai, presoen amnistia lortzeko (amnistiarik gabe ez da bakerik egongo).

EAJren joerak eta jarrerak mesfidantza sortzen dute ezker abertzaleko jendearengan. Arrazoi asko daude mesfidantza hori justifikatzeko, baina behartuta gaude abertzaleok eta euskaltzaleok fronte batean biltzera. Gainera, CIUko aldaketa ikusita, hemen ere beste alderdi jeltzale bat ikusiko dugula espero dezakegu.

Ondo dago bide hori, baina zerbait falta da. Izan ere, oraindik ez dugu aurkitu ETAren borroka iraultzailearen lekukoa jasotzeko gai den hartzaile egokirik.

GURE ESKU DAGO: iraultza eta herria.

Garai batean iraultza behatzekin ukitzen genuela iruditzen zitzaigun; gaur, berriz, antzinako iraultza terrorismo bihurturik, inork ez daki zer den iraultza. Baina, hala eta guztiz ere, inork zer den ez dakien iraultza inoiz baino beharrezkoagoa da.

Espainia eta Frantziako Estatuak totalitarioak direla esan dut goian eta berriro hemen errepikatzen dut. Ez da gehiegikeria erradikala hori baieztatzea. Izan ere, “neoliberalismo” deitzen duguna azken totalitarismoa da. Eraginkorrena eta zitalena. Eraginkorrena, totalitarismo berri hori demokratikoa delako (horrek esan nahi du neoliberalismoak demokrazia errotik usteldu duela). Zitalena, haren ardatza estrategia antiterrorista delako. Estrategia horren bidez, demokrazia defendatzeko aitzakiaz, Estatu baten politika osoa zerbitzu sekretuen mendean jartzen da. Estrategia horren basakeria ulertzeko, hau baino ez dugu kontuan hartu behar: estrategia hori sionistek garatu eta burutu dutela eta, horren bidez, palestinarrak ere terrorista  bilakatu dituztela. Estrategia hori, inperialismoaren eraginez, unibertsala da, baina oraindik hasiera baino ez dugu ikusi. Kontuz gero.

Ez dakigu zer den iraultza, baina, dena dela, garbi dago kapitalaren totalitarismo berri horren kontra tinko eta gogor borrokatu behar dugula. Nola? Herria antolatuz, hain zuzen. Kapitalaren nagusikeria inposatzeko komunitate eta solidaritate lotura guztiak ezabatzea da neoliberalismoaren estrategia. Horretarako, herri xumea jendaila bihurtu behar da. Jendaila espektakuluaz elikatzen da. Espektakulua eta jendaila estu loturik daude. Komunitatea sortzen duen jaia ordezkatzen eta faltsutzen du espektakuluak, hain zuzen. Totalitarismo neoliberalaren kontra borrokatzeko, ordea, herri xumea herri nagusi bilakatu behar da.

ETAren desarmeak bi ondorio politiko nabarmen ditu. Bortizkeriari ezetz kritikoa, lehenengoa. Herriaren nagusitasuna, hau da, aginte makila herriari dagokiola onartzea, bigarrena. Bi jarrera horiek ezinbestekoak dira neoliberalismoaren kontra borrokatzeko eta gure nazioaren subiranotasuna eta euskalduntzea lortzeko.

Zer gertatuko litzateke gure ametsa errealitate bihurtuko balitz? Zer gertatuko litzateke, Apirilaren hogeian, ETAk armak herriari emango balizkio? Ez  inongo Estatuari, herriari baizik. Ez ote litzateke pauso erabakigarria herriaren nagusitasuna sendotzeko?

Ametsak amets dira, errealitate bihurtzen diren arte. Eta A-20an amets inuzente hori gauzatuko balitz, E-8an, Durangotik Iruñeraino, independentziaren eta euskararen hegoak zabalduz, aho batez eta aho betez oihu egin ahalko genuke: gure esku dago!

 

 

FILOSOFO OHIA