Amatxi Bakarra (Gehi, Inbidia Diodan Jendearen Zerrenda Ttipia)

Amatxi Bakarra (Gehi, Inbidia Diodan Jendearen Zerrenda Ttipia)

Daltonikoak badiren bezala, badira kolore kontuetan dogmatikoak direnak ere. Nire lagun baten amatxi, errate baterako, bigarren taldeko partaidea da: berdea eta gorria xarmantki bereizten ditu, baina harendako ez da mundu honetan gorria baino kolore ederragorik. Hori, bistan dena, zilegi da –nork bere gustua–; komeriak hasten dira norbaitek berdea –baina berdin izan liteke fuksia edo urdin kobaltoa– nahiago duela erraten diolarik, nire lagunaren amatxik ezin baitu hori onartu: alegia, ez du kritikaren zintzotasuna onartzen ahal, ez du sinesten ahal posible izatea norbaitek gorria –hain kolore pollite!– gustuko ez izatea. Andrearen arrapostua, beraz, hauxe izaten da –zehazki solas hauekin ez bada ere–: “zuk ederki dakizu gorria dela koloreetan politena, eta zure gogokoena berdea dela diozu niri kontra egiteko”.Amatxi Bakarra (Gehi, Inbidia Diodan Jendearen Zerrenda Ttipia)

Jorge Oteizaren teoria baten arabera, lauretan hogei amatxi daude gure eta Neolitoren artean, eta hantxe, aurre-historian, dira bilatzekoak euskal estetikaren aztarnak. Euskal Herrian kritikari diogun ezinikusiaren arrastoak aurkitzeko, berriz, aski da amatxi bakarra, nire lagunarena hain zuzen ere. Eta arrasto horiek, zenbaitetan, gutien espero zitekeen tokian azaltzen dira.

Duela bi aste, Jon Maiak Donostiako Belodromoan egindako dena delakoaz aritu nintzen Euskadi Irratiko saioan, eta, gero, Zuzeu atarian. Maiak egindakoaren “kontra” mintzatu nintzen heinean, erantzun batzuk izan ziren Interneten, eta Hasier Etxeberriak ere artikulu bat publikatu zuen, honek Zuzeun berean duen blogean. “Jon Maiaren alde” izenburupean, nik Zuzeun eta Hedoi Etxartek Berrian botatako kritikak aztertu zituen Etxeberriak: dena zilegi eta dena normal, ezaguna baitzen Etxeberriari gustatu zitzaiola Maiaren poema, eta horretaz testu bat idatzia zuen, gainera, bere blogean, nik –eta Etxartek– gure kritika egin aitzin.

Bere iruzkinean, niri lore batzuk bota ondotik –zinez eskertzen dizkiodanak–, Etxeberriak dio harritu egin zuela Maiari eman nion “jipoiak”. Berriz ere, dena zilegi eta dena normal, inork ez baitu –hau erran beharrik ere ez da– nirekin zertan ados egon, baina nire ustezko zafraldiak Etxeberria harritu zuen zilegitasun berberarekin harritu naute ni hark kritika egiteko leporatzen –ez dakit “leporatu” den hitza hemen: “imajinatzen”?, “suposatzen”?– dizkidan bi motibok.

Alde batetik, Jon Maia, nonbait, “okerreko begitik sartuta” neukan, eta ba omen zen aldez aurretik “herra modukoren bat edo zerbait” zumaiarraren kontra. Horren argigarri, nik gogora ekarri nituen Maiaren “Bildu y la teoria del mar” 2011ko artikulua –Gara-n publikatua– eta “Euskal Herria superpotentzia emozionala da” zioen txioa. Alta bada, horiek ez dira nire balizko gorrotoaren froga, Maiaren ibilbide estetiko jakin baten erakusgarri baizik: hau da, zerbait erakustekotan, erakusten dute Maia ohorezko partzuer izan dela baten batek hunkigarrismoa deitu zuen horretan, edo, bertzenaz adierazia, kausa –estetiko– hobe batek mereziko lukeen konstantziarekin behin eta berriz tematu dela gure bertsolaria mugimendu hunkigarristan, gogaikarri eta amorragarri bihurtzeraino. Baina, gangsterren filmetan erraten duten bezala, it’s nothing personal.

Bertze aldetik, Etxeberriak dio akaso poemak zerbaitbetokerra mugitu zidala barnean, eta, nire “buruaren uste bezain jabe” ez naizela ikusita, horren kontra erreakzionatu nintzela. Nik onartzen dut erratea nire komentarioa gogorra izan zela –hala dio Etxeberriak–, ulertuko nuke –ados ez egonda ere– erratea lekuz kanpo egon zela, ez nuela poemaren balioa ikusten asmatu, baina uste dut kritika batean erraten badut aukeran berdea nahiago dudala gorria baino, onartu egin behar dela akaso benetan berdea nahiago dudala –aukera hori, bederen, ez genukeela arruntean baztertu behar–, eta ez naizela hori erraten ari gorria maite dutenak gorroto ditudalako edota gorria koloreetan erregea dela aitortu nahi ez dudalako. Bertzenaz, Oteizari arrazoia eman beharko genioke, eta ez dakit, bada.

Hasier Etxeberriaren testua alde batera utzita, Zuzeuko iruzkin batzuetan atera den klasiko bat ere komentatu nahi nuke: inbidia. Ez da gertatu zaidan lehen aldia –ezta naski hondarrekoa ere–, eta ez naiz gertatu zaion bakarra –Maiaren inguruko testua dela eta, iruzkin batean Aritz Galarragak ere, qui n’y était pour rien, zeharkako zaplazteko bat hartu zuen–. Inbidiarena, bistan dena, amatxiren dogmatismo kromatikoaren teorian sartzen da bete-betean –bekaitz diote gorriaren distira paregabeari; nola azaldu, bertzenaz, hain margo zoragarria gogoko ez dutela publikoki erran izana–, baina hausnarketa motz bezain azaleko baten ondotik, aitormen bat egitea erabaki dut: bai, bekaiztia naiz, inbidiak janda nago –tira, kasik janda, inbidiak badu-eta lana ni gorputz eder hau osorik jaten–, inbidiak bizi nau –esaldi horrek zer erran nahi duen ez dakit zehazki, baina aproposa zela iduritu zait–. Kalkulu azkar bezain zehaztasun gabeko baten arabera, uste dut berrehun lagun inguru direla inbidia diedanak. Horregatik, nire bekaitza pizten duten sei lagunen antologia txiki bat ekarri dut hona, euskal mundura mugatua –nire inbidia mundu mailako den arren– baina, sikiera, genero berdintasuna errespetatzen duena –nahiz eta, guziak zerrendatuko bagenitu, segur aski gizonen aldera lerratuko nintzatekeen–. Beraz, hona hemen inbidia diodan jendearen zerrenda ttipia (hurrenkera guziz arbitrarioan):

      1. Ana Morales: itzultzailea delako; ingelesez nik inoiz jakinen ez dudan bezala dakielako; haren txio, pentsamendu eta –elkarrekin pasatu genuen arratsalde batean konprobatu ahal izan nuen bezala– keinu guziei finezia darielako.

      2. Angel Erro: egunero idazten duena idazten duelako; latinez badakielako; bizarrak, biboteak, patillek eta, oro har, aurpegiko biloen edozein konbinaziok ongi ematen diolako.

      3. Aritz Galarraga: Argian egiten dituen kritikengatik eta Berrian egiten dituen ekografiengatik. Katalanez badakielako. Telebista ikusteko astia duelako. Bizarrean, nik ez bezala, ile zuririk ez duelako.

      4. Bea Salaberri: Baionak ez daki liburua idatzi duelako. Fundamentuzko txioak idazten dituelako. Blonda ez delako.

      5. Katixa Agirre: “Horrela bukatu” izeneko ipuin bat idatzi zuelako; Ness lakuko gida izan zelako; harrapatu nauen nobela bat idatzi duelako, eta bertze bat idazteko denbora baduelako. Iruñera etorri zen egunean nik erosiko nituzkeen –baina janztera ausartuko ez nintzatekeen– botak zeramatzalako.

      6. Patxi Huarte: Gauza anitz paratzen ahalko nituzke hemen, baina berak badaki goapoa delako dela.

Nolanahi ere, irakurleak gaizki eginen luke bekaiztia naizela balitz zerrenda horretarik ateratzen duen ondorio bakarra. Bai, zitala naiz, doilorra, eta inbidia diot jende frankori. Baina inbidia diodan jende horrek guziak egin ditu edo egiten ditu nik egin nahi nituzkeen gauzak, ez nik egin nahi ez nituzkeenak. Gauzak, batzuetan, iduri duten baino sinpleagoak baitira, eta nik gorria gustuko ez dudala erraten dudalarik, zera erran nahi dut, bada, horixe, gorria ez zaidala gustatzen. Hortik aitzinat, mintzatuko gara.

Amatxi Bakarra (Gehi, Inbidia Diodan Jendearen Zerrenda Ttipia)

Amatxi Bakarra (Gehi, Inbidia Diodan Jendearen Zerrenda Ttipia)

amatxi, lagunak
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

5 pentsamendu “Amatxi Bakarra (Gehi, Inbidia Diodan Jendearen Zerrenda Ttipia)”-ri buruz

  • Ederki idazten dezu, hori egia da.

  • Beharbada, nire gusturako, hitz gehiegitxo ideia sinple bat adierazteko: «…behin eta berriz tematu dela gure bertsolaria mugimendu hunkigarristan, gogaikarri eta amorragarri bihurtzeraino». Ados. Zu ez zera hortik mugituko eta besteok ez degu iritziz aldatuko; zuretzako gogaikarri, guretzat gogoangarri, zuretzat amorragarri, guretzat izugarri. Alferrik ari gara hitz egiten.

  • Ganbaratxotik 2016-03-26 11:14

    Euskaltzaleak gutxi gara, denak ezagunak, Kohesio premian, mediterraneo aldeko haize bero latinoek behar baino eragin handiagoa dute eta kritikek min handiegia egiten dute. Ea ba denborak eta gure gaurko erabakiek ajeok xamurtzen laguntzen duten etorkizunean.

  • Adibide txarra gero, ez zait normala iruditzen kolorena, eztet uste inor benetan hori pentsa dezakenik, ta egiten badu, arazotxoa du burun.
    Maiarena aldiz ez da bakarrik gusto kontua, erran zuena iritzia zalako, gauz objetiboak ere…. Ados egon zaitezke edo ez, baina ez dira alderagarriak. Zuk argumentuak eman ditzazkezu erran zuenaren aurka edo alde, baina kolore bat gustoko badezu beste bat baino gehiago, ze erran dezakezu? Alde edo kontra?Gustoa da.

    Ongi izan.

    Ongi izan.

  • Peru Dulantz 2016-04-06 10:14

    Ahalegin polita, baina ni ez nauzu engainatu. Inbidia zegoen zure kritikaren atzean; ez agian egindakoarena, bai ordea izandako arrakastarena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude