Amarauna, aisialdi taldeek osatutako sarea

Euskal Herriko hainbat aisialdi talde lotzen ditu Amarauna sareak. Elkarteak haur eta gazteen aisialdia kalitatezkoa eta euskal kulturan oinarritua izatea du helburu.

Amarauna, aisialdi taldeek osatutako sareaBizkaiko Urtxintxa eskolaren baitan sortutako proiektu gisa hasi zen Amarauna Sarea. Aisialdi talde ezberdinen arteko ezagutza eta elkarlana sustatzea eta eskolako hezitzaile berriak herrigintzako proiektuen adibideekin heztea zuten helburu. Amaraunak, sarea osatzen zuten elkarteen arteko harreman iraunkor bat mantentzea lortu zuen, hiru hilabetean behin elkarteen arteko topaketak  eginez, eta bertan proiektuak egin beharreko urratsak erabakitzen zituzten.

2010. urtean Amarauna proiektuaren inguruko hausnarketa egin zuten. Horretarako, egitasmoak zituen ezaugarri eraginkor eta esanguratsuak kontuan hartu ziren, eta Euskal Herriko errealitatearen gaineko diagnostikoan oinarrituta, Amaraunako elkarteen arteko sare bezala definitu zuten. Federazioen aurrean izaera propio eta legala izan behar zuela erabaki zuten, eta hortaz,  aisialdi taldeen federazio modura erregistratu zen Eusko Jaurlaritzaren erregistro orokorrean 2012ko urtarrilean.

Amarauna, aisialdi taldeek osatutako sareaHala, gaur egun, Euskal Herrian hezkuntza ez-formaleko aisialdian, euskara eta euskal kultura ardatz izanik, balioen hezkuntza sustatzeko lan egiten duten aisialdi talde, elkarte, edo bestelako eragileen arteko sarea da Amarauna.

Proiektuak eskaintzen dituen baliabide, ekimen eta eskaintza guztiak, sarea osatzen duten elkarte guztien beharrak diagnostikatu eta hauek asetzeko antolatzen dira, talde bakoitzak bere dinamika propioaren baitan lan egiten jarraitzen duen bitartean. Amaraunak barne hartzen dituen taldeen arteko harremanak indartu eta horien helburu komunak egikaritzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta dinamikak sortzen ditu. Proiektuaren helburu nagusia, elkarteek sare lanarekin erraztasunak, irtenbideak eta onurak jaso ditzatela da, noski, saretzeak suposatzen duen lan karga gehigarri horri errentagarritasuna ateratzeko. Amarauna sareko elkarteak errotuta dauden herri eta eskualdeetan balioen hezkuntza sustatzeagatik egiten dute lana. Modu horretan, Amaraunak Euskal Herri euskaldun, kritiko, aske eta aktibo batetan sinesten du, eta horretarako lantzen dute hezkuntza ez-formalaren baitako haur eta gazteen aisialdi esparrua.

Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Amarauna Amarauna, aisialdi taldeek osatutako sarea

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.