Ama ta asuna(k)

Ama ta asuna(k) – 

Ama ta asuna(k)

Gaur Amaren Eguna da, baina ez edozein amarena alegia, ama eta amatasun idealizatuarena ordea. Emakumea delako ama izan eta pozik bizi den emakumearena. Ez diot alde politik ez duenik ama izan edota edukitzeak, baina gainontzeko (ez)amatasunak zer?

Ama ta asunak deitu diot artikulu honi, gai honek sarri erre egiten baitu, asunek bezala. Urtikaria eragiten dit niri aspalditik. 32 urte ditut eta zazpi bat daramatzat ea ama noiz izango naizen ezin erantzunda, jendearen harridurarako. Eta ez, gaur egun oraindik ez daukat argi. Zergatik sentitu behar naiz gaizki?

Ama izatea erabaki bat da, erabaki handia eta zentzuz hartu beharrekoa, baina askotan inposizio bat dela dirudi, ez duzu uste? Gizarteak hori espero du zugandik, emakumea izate hutsagatik batetik, eta adina, egoera sentimental zein lan egonkorra duzulako bestetik. Presio soziala pairatzen dugu emakumeok.

Baina asun edota afera ugari daude efemeride honen itzalean: ama izateko grinik eza, erditzeari beldurra, egoera sozio-ekonomiko ezegonkorra, adopzioaren aukera eta honek berarekin dakartzan tramiteak, ikarak edota sinpleki mundu honetara haurrik ez ekartzeko erabakia bera. Bakoitzak bere buruhausteak eta ezintASUNAk ditu.

Mami gehiago dago honen atzean, amatasun bat baino gehiago dago, eta emakumea izateak ez du esan nahi ama izan behar garenik, ez da gure betebeharra. Ezta izanez gero derrigorrez ederra izango denik ere, desmitifika dezagun. Ez da horren sinplea, ez da ama izan eta punto.

Ama ta asuna(k)

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara

5 pentsamendu “Ama ta asuna(k)”-ri buruz

  • Iraitz: nik ere zure kezka eta zalantza izan nuen denbora luze. Baina nire hausnarketa eta esperientziatik idatziko dizut.

    Gaur egun, ez gizarteak ez inork ez zaitu derrigortzen umerik izatera. Presionatzekotan, familiak “presionatuko” zaitu: gurasoak, bikotekideak… Baina hori normala da, izan ere ume baten agerpena pozgarria da. Zure gurasoei edo anaia-arrebei ilusio handia egiten dien zerbait. Bizitza proiektua da. Gurasoak zahartzen doazela ikusten zoazenean, hurrengo belaunaldia datorrela ikusteak tristura arintzen du.

    Umearen lehen irribarrea ikusten duzunean, prozesu guztiak merezi izan duela ikusten duzu. Bere lehen musua, lehen besarkada, lehen hitza… hori baloratuko zenuke, sinetsidazu.

    Amatasuna inposizio dirudiela esaten duzu. Baina lan egitea ere inposizioa da? Etxebizitza baten bizitzea eta kalean ez bizitzea inposizioa da? Arnasa hartzea inposizioa da? Nik esango nuke gauza batzuk logikoak eta zentzuzkoak direla. Baina aizu, kalean bizi nahi baduzu, bakardadean… ba hori zure erabakia da. Ama izatea ez da derrigortasun soziala, izatekotan, derrigortasun biologikoa, espezie bezala desagertu ez gaitezen.

    Eta euskal kontzientzia baduzu, gure ume eskasiaz eta ordezkapen demografikoaz kontziente bazara, uste dut umea edukitzea erabat zentzuzkoa dela gaur egun. Euskararen alde apustu egiten baduzu, umea eduki eta umearekin euskaraz bizitzea, zure bizitzako erabakirik garrantzitsuena izango da.

  • Hasieratik oker hasten da artikulua, “gaur amaren eguna da” esanez. Non da amaren eguna? Espainian eta espainiarrek konkistaturiko lurraldeetan? Baigorrin edo Senperen gaur ospatzen dute amaren eguna?
    Bigarrenik, artikulu honen oinarrian ez dago amatasun eredu batekiko aurkakotasuna, amatasunarekiko aurkakotasuna baizik. Eta hori gure Euskal Herri honetan penagarria da. Areago, Euskal Herriaren etsaiei jokoa egitea da.
    Euskal Herrian “presioa” dagoela ama izateko? Munduko natalitate baxuenetakoa duen herrialdea gara eta! Euskal Herrian presioa dago haurdun ez geratzeko eta umerik ez izateko (edo izatekotan berandu eta gutxi izateko). Presioa kapitalaren partetik, esku-lana soberan daukalako, eta presioa anti-natalismoa bultzatzen duzuenongandik emakumearen askapen borroka distortsionatuz.
    Baina bizitzak heriotza garaituko du. Bizitza da handiena, bizitza ezarriko dugu erdigunean, bizitzak sortuz, herriari ondorengotza emanez, emakumeok bizitzarekin lerratuz eta amatasuna erasotu ordez, amatasuna ikuspegi askatzaile eta abertzaletik gauzatuz.

  • Artikulu bat argitaratu nuen umeak euskaltzaleentzat suposatzen duenari buruz: https://zuzeu.eus/euskara/umeek-euskaltzaleen-bizitzari-zentzua-ematen-diote/

    Egia esan, historian zehar inoiz ez dugu hain ume gutxi izan (biztanleko). Badira urte batzuk Euskal Herriko biztanleria murrizten ari dela. Beno euskal jatorrikoarena behintzat. Hori ineditoa da. Ez da sekula gertatu. Ikastolen Elkarteak horren inguruan kezka azaldu du.

    Emakumearen lana txalotzekoa da. Amatasunak aitortza du eta behar du. Erditzea, haurdunaldia, edoskitzea… denak bezala gorabeherak badira. Ulergarriak dira ama ez den emakume bati sortzen zaizkion beldur eta kezkak. Are gehiago, ulertzekoa da ama ez izatea ere planteatzea. Baina ondoan dagoen familia, bikotekidea, ezagunak, osasun zerbitzuak… denak izango dira bidelagun (baten batek huts egiten badu, beti egongo da ondoan norbait
    Eutsi goiari!

  • Nik egozentrismotik idatziko dut.

    Ama naiz, neskato eder baten ama.
    Ama izan aurretik, presio soziala azalean bizitako emakumea. Emakume tinko eta sendoa.

    Nire erabakiaz harro dagoena baina besteena ere errespetatzen duena.
    Ez naiz inposatzekoa, entzuteko baizik.

    Ama naiz, euskalduna eta emakumea.
    Eta amatasuna ederra da, baina ongi pentsatu eta aztertu beharrekoa.
    Maitasunez sortutako amatasuna daukat zorionez.

    Ez naiz robota, ez naiz sortua sortarazteko, ez naiz funtzio huts eta soil bat.
    Ama naiz, emakumea, euskalduna eta langilea.

    Ama.

  • Bezalako k argi daukat. Guraso ez izateko hautua errespetagarria da. Baina ondorioak eduki beharko lituzke. Komunitate bat garen heinean, ekarpenak egin behar dira. Eta naturaren zikloari jarraipena ematea, herri eta gizarte moduan oso garrantzitsua da. Hona nire proposamena: umeak ekartzeko gai direnak eta hautu pertsonalagatik ez ekartzea erabakitzen dutenek, pentsioak jasoteko orduan umeak ekarri dutenek baino kopuru dexente baxuagoa jasotzea.
    Gurpilak aurrera egin dezan, danok egin behar dugu ekarpena.