Ama hizkuntza

Ama hizkuntza

Ama hizkuntza

Euskararen eguna tarteko, aparrez bete ohi zaigu ahoa eta topikoen artean itotzen gara. Gainontzekoak ere euskararen egunak direla, eta euskara babestu behar dugula, eta gure ondare milenarioa dela, eta Europako hizkuntza zaharrena dela, eta Pelloren egia gehiago. Eta ahaztu ohi ditugu hiztunak. Ahaztu hiztunon eskubideak. Ahaztu gu garela sujetua, gu garela euskara. Ahaztu ohi gara.

Ama hizkuntza

Modelo Aretoan egin Zarauzko Euskararen eguneko ekitaldia berezia izan zen. Zarauztarrek mintzatzen dituzten, gutxi gora behera, 40 hizkuntza gutxituetatik batzuk aurkeztu zituzten herrialde askotako etorkinek. Haien lurretako janzkerarekin, bideo bat erakutsiz lehengo eta azalpen labur bat emanaz ostean. Enbaxadore lanaren pisuaz-edo, urduri igo ziren denak oholtzara. Begietan halako emozio dirdira urtsua eta hanketan beste hainbesteko dardararekin.

Arrazoi eskasez bada ere, harritu ninduen ikusteak, nola haiek dituzten arazoak eta gureak identikoak diren. Izan Galizian, izan Paraguayen. Hizkuntza gutxitu bateko hiztuna izatea zeinen nekagarria den Ordorikak zioen legez. Baina are gehiago izorratu ninduen, guztion artean ulertzeko bide bakarra gaztelaniara jo beharra izatea. Paradoxa.

Batzuetan badatorkit burura, nola nire amak gazte-gazterik ikasi zuen euskara Bilbao castellano hartan, artean aita ume mokoa zela. Dena zailagoa zenean. Ez zegoenean deus. Euskara ikasi zuen nik euskara babestu beharrik izan ez nezan. Haurdunaldian tabakoa uzten den eran, osasunagatik. Amak gerora ordea, gehienetan ez zuen euskaraz hitz egiten. Kosta egiten zitzaion, bere lehen hizkuntza gaztelania baitzen. Bere helburu nagusia bete zuen ordea: Nik euskara babestu beharrean, nire burua babestea, nire ama hizkuntzan biziz.

Eskerrik asko ama.

Ama hizkuntza

Ekaitza bainuontzi batean