Alzola “basque water”

Alzola “basque water”

Gure aiton-amonak bezala, ez naiz bereziki urzalea, baina uda partean likido gardenaren beharra gehiago sumatzen dut. Katalunia aldean oporretan egon naizenetan, litroka edan ohi dut eta hainbat komeri izaten dut, iturrietako ura biziki txarra baita han. Katalunian serio aztertu beharko dute independentzia prozesuan nola geldiarazi zenbait pribatizazio prozesu, eta horietako larriena, uraren pribatizazioa, eskualde askotan ur edangarria lortu ahal izateko supermekatuera jo behar delako, derrigorrez.

Plastiko nazkagarrian bildutako ura edan behar izatea, berez, nahikoa higuingarria iruditzen zait, nik behintzat zapore arraro xamar hartzen diot. Tabernetan, iturrikoa ez bada sekula ez dut eskatu, lotsagarria baiteritzot ura gasolinaren prezioaren halako bost ordaintzeari.

Haatik, gaurkoan uraren pribatizazio hiltzailea salatzeaz gain, beste mota bateko kexa ere plazaratu nahi dut, aurreko asteburuan taberna batean botila bat ur ikustean ahoa bete hortz geratu nintzen eta.

Alzola "basque water"Mahai gainean, plastiko urdinezko litrobeteko Alzola botila bati erreparatu nion. “Alzola Basque water”, “hara ! beste bat!” esan nion neure buruari. BEC, Bird Center, Basque Fest, Basque Country…zerrenda luze horretara gehitu beharreko beste tontakeria bat.

Enpresa horrek ur gehiago saltze aldera “euskal ura” jarri izan balio, inozokeriatzat joko nukeen. euskaraz mintzo den ura izango ote zen?, batek daki; euskal-labedun ura agian?, auskalo. Alabaina, kasu honetan inozokeria baino, irainaren eremura iritsi direlakoan nago. Alzola ur elgoibartarrak “eusko labela” saltzeko moda berriari heldu dio, “basque country” modari , alegia.

Zer esanik ez, etiketaren gainontzeko azalpen guztiak gaztelera peto-petoan zeuden, gaztelera hutsez, Elgoibarko ura oso “basque” baita, ez euskalduna, ordea. Izan ere, hori da “Basque Country” modak  aldarrikatzen duen eredua. Euskal Herri-ohiaren museoa, non euskara eta euskal kultura turistentzako souvenir besterik ez diren. Azken finean, hori ere bada pribatizazioak bultzatu dituzten eragileen proposamena: hirugarren sektorera bideratutako tokia.

Industria birrindutakoan, lehenengo sektore ekoizlea itoarazitakoan, Euskal Herriari herri aberatsagoetako turistentzako eskaparate bat izatea egokitu zaio, eta erakusleiho horretan euskaldunak soberan gaude “basquecountrytarrak” oso otzanak, jatorrak eta barregarriak direlako.

Alzola “basque water”
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

21 pentsamendu “Alzola “basque water””-ri buruz

  • Beste nonbaiten idatzitakoa errepikatze aldera:
    “Euskal” eta “eusko” guztiak “basque” bilakatu ditzala Eusko Legebiltzarrak lege-ekimen baten bidez.
    Eginak ditugu jadanik inportanteenak: basque country, basque team, basque label, basque center, basque water…
    Eta proposamen berri horren barnean, beste bat unibertso mundialaren aurrean aurkezteko:
    “euskaldunak” hitza aurrerantzean “basquedun” bihurtzea, edo hobeto: basque-speaking.

  • Bai, niri beti mina ematen dit etiketa horrek. Ez ingelesarengatik, baizik euskararen faltagatik. Ur botilaratua edatekotan, “Euskal Herriko ura” dioen marka aukeratzen dut, ele bitan dagoena.

  • Euskal postureo hutsa!!!!!

    Bilbao Basketekin kanpaina arraro xamar bat aurrera eraman zuten …

    http://bilbaobasket.alzola.com/eu/faq/

  • Nork idatzi du hau, izkutuan Jon Mirandek eta Hitlerrrk izan zuten haurrak?

  • Peru Dulantz 2016-05-31 09:10

    Nik neuk salaketa hau bera egin nuen hemengo iruzkin batean orain dela urtebete baino gehiago. Lehengo etiketa “vintage” elebiduna kendu eta “Basque water” gehi espainera garbia baino ez zekarren etiketa modernoa jarri. Gure BOIKOT osoa baino ez dute merezi.

  • Ez naiz bakarra izan orduan keja bat bidali ziena!!!nik ingelesez idatzi nien, haien ildoari jarraituz, eta noski, adarra joaz….ez zitzaien bape gustatu!!!Alzola, bost axola!

    • Ideia ona. Ez legoke gaizki hemen aritzen garenok eta beste askok, gutun bana bidaliko bagenie; boikota egitea baino eraginkorragoa izango litzateke. Gure esku ere dago ohitura zatar horiek aldaraztea.

  • Bitxikeria pare bat:
    UPNren azkeneko biltzarrean “Altzola basque water” banatu zuten antolatzaileek:
    http://www.noticiasdenavarra.com/2016/04/25/politica/navarra/una-nueva-direccion-bajo-los-mantras-de-siempre
    🙂
    Eta Iruñeko Euskaldunon Biltoki elkartean ere Basque water erabiltzen dute (egon nintzen azkeneko aldian, behintzat).

    • Gogoratuko haiz, Naparroan, duela urte batzuk “Diario de Navarra” ultraeskuindarrak “vaya semanita” bilduma CD-ak doan banatu zituenekoa…

  • Jende harrigarria da hau. Arazorik ez alderdi politiko guztiek euskara baztertzearekin. Euren guru politiko guztiek euskara baztertzearekin. Denda guztietako produktu guztiak español edo frantses hutsean egotearekin. Baina aztoratzen dira español edo frantsesaz gain ingelesa sartzean. Elebakartasunarekin arazorik ez noski.

    Batzuk kosmopaletoak…
    … besteak ordea…

  • Powel bere hizkuntzan.
    Otegi españolez?
    https://www.youtube.com/watch?v=a1G6wo8PvUY

    Eta zuek Alzola delako (existitzen zenik ere ez nekien) marka batekin astia galtzen? Herri honek ez du erremediorik. Ni nazkatu naiz. Duela hamarkada asko euskara legala dela eh? Erabiltzeko intentziorik? Eta ez tabernetan ez. Enpresan. Fakultatean.

    Ez dago fakultateko independentista (hau dudan jarriko nuke) progreen departamentura joan eta beraien lan guztia españolez dagoela ikustea baina gauza argigarriagorik. Euskara txakurrekin eta ikasleekin erabiltzeko da. Lan inportantea ez.

    • Peru Dulantz 2016-05-31 15:31

      Alzolaren kasua are eta larriagoa da, eta salagarria: duela gutxi arte elebietan zuten etiketa, eta, halako batean, “modernizatu” eta, tatxan!, euskararen arrastorik ere ez, erderen (espainolaren eta ingelesaren) mesedetan. Guztiz salagarria, bai. Gauza salagarri gehiago ere badaudela? Zoritxarrez, bai.

  • Peru Dulantz 2016-05-31 15:41

    Web orria badute (euskaraz erebai), eta oso erraza da bertan mezu bat uztea. Nik egin berri dut:

    “Arratsalde on:

    Honen bidez nire protestarik irmoena azaldu nahi dizuet zuen ur-botiletan egiten duzuen hizkuntzen erabileragatik. Guztiz iraingarria da euskaldunentzat bertan ontziratu eta saltzen den produktu batean ingelesa eta espainola baino ez erabiltzea eta euskara modu horretan baztertzea. Jakizue horrela jarraitzen duzuen bitartean ez dudala zuen urik edango, eta nire inguruko guztiak gauza bera egitera animatuko ditudala.

    Ondo izan.”

  • Bai, patetikoa ur botilarena eta basque denadelako moda hori. Baina inork irakurtzen du ur botilaren etiketa? Nik ordea ezin ditut Her edo Matrix euskaraz ikusi. Edo Escherichia coliren quorum perzepzioa euskaraz ikasi. Eskatzen dudana da jendeak ulertu dezala ez dela nahikoa euskaraz hitzegitea edo erosketak egitea. Ezer gutxi lortuko dugu lanean eta gure afizioetan ere euskaraz ez badugu lan egiten.

    Nik jendea ikusi nahi dut harritu eta haserretzen lantegira iritsi eta bertako nagusiak euskaraz ez hitzegitean, bertako dokumentuak euskaraz ez egotean. Nire mahai jokoak euskaraz ez egotea eta jendeak Juego de Tronos eta Cinquante nuances de Grey ikustea normala balitz bezala. Askotan ikusi dugu jendea kexatzen dendan edo etxean euskaraz ez egiteagatik, baina gero unibertsitatean edo lanean beste hizkuntzan aski gustora daude guztiak. Eta bide batez, euskaraz ez dagoen hori eurek euskaraz egitea, hor edukiko dugu guk garaipena ez beste inon.

    Eta ez dut ausardiarik eskatzen. Nagusiak bere hizkuntzan mintzatzea behartzen bazaitu zer egingo duzu ba. Baina egoera salatuko dut eta ni aditua naizen gaietako liburu bat euskarara itzuliko dut nagusiak behartu nauen aldi bakoitzeko. Baina guru abertzale hauei zeinek behartu die español eta frantsesez hitzegitea? Hori da ez dudana ulertzen.

    Zeren bueno ba ikustea el lider supremo ta mugimendu independentistetako guztiak erderaz hitz egiten como si nada ya da de traka. Los de Nabarralde a todo trapo en español y los de Gara promocionando la independentzia (nire euskerismo gorrotatuena).

    Botila batengatik kexatzen bagara, hasi gaitezen garrantzizkoenetik.

  • Asko aspertzen zerate dirudienez, kexa, boikot eta beste tontakeriatan itoko zerate, hots, zuen diarrea mentalean, txoruak zaozte, benetan.

  • Beno. Ez da gaia desbideratzeagatik baina…gasolina litroa euroa pasatxo ordaintzen da eta ur litroa oraingoz ez da bost eurora iritsi, nik dakidala. Sagardo botila, litroa baino gutxiago, 8 euro ordaindu berria naiz Getariko jatetxe euskaldun batean…Elkano bsino askoz apalagoan…eta hori ere lotsagarria da.

    • Patxi Azparren

      taberna batean ur botilatxoak euro bat balio du Aitor, horretaz ari nintzen, Gasolinaren halako bost. Uraren pribatizazioa arazo larria da, ur eskazia duten herrialdetan gerren sorburua, esaterako.

  • Andoni Etxarri 2016-06-06 18:37

    @Kanpotar izkuntz bat erabiltzekotan, frantzeza izan behar luke. Nabari da eta danok ikusten ahal dugu hemen ibiltzen den kanpotar kopuru aundiena frantzeza da. Gainera Frantzia da negoziotan lehen klientea eta lehen hornitzailea. Bai Euskal Herri mailan eta estadu mailan. Bainan gabatxo zikin oriek ezin ditugu onartu…..

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude