Altzako kiroldegiko lanetan ere langileak pagaburu

Altzako kiroldegiko lanetan ere langileak pagaburu –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Altzako Kiroldegiko obran gertatutakoaz irakurri dut prentsan. Behin eta berriro errepikatzen den egoera da. Enpresa handiek prezioak bota, azpikontratengana jo, soldatak jaitsi, zorrak pilatu langile, ostatu zein inguruko tabernekin, eta abar.

Ostiral goiza. Etxeko atarian dut astero bezala Irutxuloko Hitza, baita Gipuzkoako Hitza ere. Irutxulok azalean dakarrenari erreparatzen diot: «Iruzurra Altzako kiroldegiko lanetan».

Azpian: «Altzako kiroldegiaren eraikuntza lanetan irrregulartasun larriak salatu ditu ELAk. Azpikontrataturiko ‘enpresa pirata’ batek soldatak zor dizkie horko hamarnaka langileri».

Azken egunetan Twitter-en irakurri ditut gai honi buruzko hainbat txio, baina ez dut orain arte lasai gaiari buruz pulamentuzko ezer irakurtzeko aukerarik izan. Hau da, ez dudala klik egin inongo tokitan albiste eta datu gehiago irakurtzeko.

Altzako kiroldegiko lanetan ere langileak pagaburu
Argazkia: Joseba Parron San Sebastian (Irutxuloko Hitza).

Iñaki Agirrek sinatzen du albistea. Ea lerro batzuetan laburbiltzeko gai naizen.

Kiroldegia berritzeko lanak «udalak gehieneko aurrekontuak ezartzen zuena baino ia lau milioi euro gutxiagogatik esleitu zien obra Acciona eta Altuna y Uria enpresei: 12.441.731,70 eurotan».

ELAko Eraikuntza alorreko arduradunak, Igor San Josek, zera dio: «Accionak eta Altuna y Uriak oso proposamen merkea aurkeztu zuten, eta puntuaziorik onena jaso zuten horregatik».

Beraz, «Kiroldegia prezio horretan eta Gipuzkoako hitzarmena betetzen eraikitzea ezinezkoa dela jakinik, Aldi Baterako Elkarteak (ABEEak) azpikontratengana jo zuen».

Paragrafo hauek:

«Altzako kiroldegiaren obran bi azpikontrata sartu ziren, eta horietako batek, Colaper enpresa galiziarrak, iruzur sistema eraginkor bat muntatu zuen hor. Langileak estatuko beste zonalde batzuetan bilatzen zituen, Ponferradan eta Madrilen batik bat, eta hauei baldintza jakin batzuk eskainiz (1.800 euroko soldata, hamalau paga, etxebizitza, otorduak…), Donostiara etortzeko konbentzitzen zituen. Askok, soilik telefonoz izan zuten harremana haien nagusiarekin, bere aurpegia sekula ikustera iritsi gabe».

«Lanean hasi eta zenbait astera, ordea, langileek argi ikusten zuten jasotako baldintzek ez zutela zerikusirik haiei aurretik promestu zietenarekin, eta gatazka pizten zen. Haien nagusia, baina, ez zen inondik ageri, eta ez zituen euren eskaerak erantzuten. Egoera horretan, eta etxetik urrun, langileek obra utzi eta haien herrietara bueltatzea erabakitzen zuten, zor dieten dirua inoiz berreskuratuko ez dutela asumituta».

«Abuztuaz geroztik, Colaperrek hamar bat langileko lau kuadrilla ekarri ditu obrara, bata bestearen atzetik».

Zera gaineratzen du San Josek: «Obra hasi zutenetik, soilik soldaten zati txiki bat ordaindu diete langileei. Zentzu horretan, orain arte egin den lan guztia ia dohainik atera zaie».

Irutxuloko Hitzak horietako baten testigantza jaso du: Fuenlabradatik urtarrilean etorritako Felix Llorente garabilaria.

Zorrak ez dituzte soilik langileekin pilatu, baita inguruko taberna eta ostatu batzuekin ere. Oraindik ez dago sarean, baina paperean Carrasco Tabernako Pili Veigarekin ere hitz egin zuen Iñaki Agirrek.

«Urtarrilean amaierako 3.671 euro zor zizkidaten, eta otsailagatik, berriz, 2.500 euro baino gehiago. Gaia atera zenean, ABEEkoek (Acciona eta Altuna y Uria) urtarrileko zorra ordaindu zidaten, baina lotsagarria iruditzen zait nola hainbat hedabidetan esan duten jada zor guztiak ordaindu dituztela».

Veigak zehazten du «ez ditut janik gabe utziko, inolaz ere ez, hori gizagabea izango litzatekeelako. (…) Auzoko jendea oso nazkatuta dago kontu honekin. (…) Jendeak ikusten du langileen joan-etorri handia dagoela, eta gainera obrak ez du aurrera egiten. Azken urteetan inguruko saltoki piloa itxi dituzte. Auzoa hiltzen ari dira. Horregatik, kiroldegiaren proiektuak Altza animatzeko nolabaiteko itxaropena eman zigun».

Parentesia zabaldu. Fidel Vicente lankidea (ez zen plantillakoa, baina etxekotzat genuen) hil zenean, hileta Tomasene eta Casares kultur etxeen alboan dagoen Altzako elizan egin zuten, kiroldegitik gertu dagoena. Ez nintzen sartu elizara, baina kanpoan eremua hesituta zegoen, amiantoa aurkitu zutelako bertan. Ongi etorri mezua helarazi zien elizan sartu zien kanpotarrei Javier Hernaez apaizak eta egoera hori gogorarazi. Parentesia itxi.

Ostiralean bertan Noticias de Gipuzkoan irakurri dut enegarrenez atzeratutako Donostiako AHTaren geltokiaren obraren lehiaketa nork irabazi duen. Eskaintzarik onena Moyua, Comsa eta Cycasak egin dutela dio albisteak. Hori bai, «el montante final ascenderá a unos 80 millones de euros, con una rebaja del 17% respecto al precio de licitación, fijado en 97 millones, IVA incluido». 

Altzako eta beste hainbat obretan bezala (Anoeta Estadioan ere makina bat komeria izan ziren) oraingoan ere bertan lanean arituko diren langileek eta beren familiek pagatuko dute obraren zati bat lan baldintza kaskarrekin?

Altzako kiroldegiko lanetan ere langileak pagaburu

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude